523 Zenbakia 2010-03-05 / 2010-03-12
Bestelako izenburua ere pentsatuta neukan Euskonews Gazteako lagunek testua idazteko abisatu zidatenean, hain zuzen ere, Gauzak nola egin behar ez diren zen buruan bultaka neukana. Argazkia:tm_lv
Neure zaletasunen artean gogoeta egitea dago. Eta baten batek pentsatuko du afizio arrarodun emakumea naizela; ni ez naiz inor iritzi horri kontra egiteko, ezen akaso berak komikietako pertsonaia moduan mozorrotzeko joera edukiko du, eta nik errespetatu eginen dut, apurtxo bat bitxia badela uste arren.
Betiko lez, itzulipurdika nabil gaiari heldu aurretik. Harira joanda, Emakumea naiz izenburupean aurreko eguneko pasarte baten inguruko gomuta ekarriko dut lerro hauetara. Hain zuzen ere, adiskide batek bere etxera gonbidatu ninduen afaltzera; lagunartean sukaldaritzarako bere abilezia ezagutzen dugunok ukaezinezko gonbita dela pentsatzen dugu. Lagun mina, bere mutil–laguna eta hirurok mahaiaren bueltan eserita geunden solasaldi alaian, kontu–kontari aspaldiko pasarteez barre eginez, batera bizitzearen alde on eta txarrez... Argazkia: uncafelitoalasonce
Gau ederra pasatu genuen afalostera arte, orduan baina, ohartu nintzen garaiak aldatu direla esaterakoan zenbait aspektutan nolako motela den bilakaeraren abiadura. Ezen mahaia jasotzerako unean, nor zen jaiki zena? Postre gutizia zeukala esan, eta aulkitik ipurdia altxatu gabe zeinek lortu zuen nahi zuena? Orduan gaia ateratzera animatu eta galdetu nion etxeko mutil bakarrari, ea bere burua horren modernotzat edukita nola zitekeen posible jarrera hori mantentzea. Sorbaldak igo eta isilik geratu zen; nire lagunak aldiz, ahoa zabaldu eta Normala da, beti egiten du berdina esanda, egitekoekin jarraitu zuen.
Etxera pentsakor joan nintzen. Normala? Zer da baina normala? XXI. mende honetan bizi naizenez gero, zail egiten zait onartzea gure aitona–amonen garaiko usadio zaharkituek zutik jarraitzen dutenik. Agian nik ez dudalako halakorik bizi inguruan, pentsa, gure etxean aitona ere “errehabilitatu” dugu moduren batean! Bera da etxeko garbiketen arduraduna –eta uste dut erratza hartu zuen aurreneko aldia 70 urterekin izan zela, pentsa!
Baina noski, horretarako gogoa eduki behar da, bai irakasteko eta baita ikasteko ere. Gainera zer demontre, emakumea naizenez gero, komuna nola garbitzen den dakit jaiotzetik ala? Ez ba, hori ikasi egiten da, eta inoiz garbigailua ipini ez izanak ez du esan nahi horretarako gai ez garenik.
Beraz, ez du balio normala da esanez inoiz ezer ez exijitzea. Berdintasunaren aldarria egiten dugunean, nik honakoa ere aldarrikatu nahiko nuke. Gizonezkoak emakumeak moduan, gai dira ikasteko, gai dira etxeko–lanak egiteko. Ezen besoak gurutzatuta ezer egin gabe geratzea, gauzak nola egin behar ez direnaren eredu garbia da.