524 Zenbakia 2010-03-12 / 2010-03-19

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: David Bustamante. (Itsas boluntarioa): Gizakia da naturaren etsai nagusia

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: David Bustamantek utziak

Hondartza gustuko al duzu? Eta uretan sartzea? Garbia ikusi arren, zer dago atzealdean? Egoerak hobera egin du, baina mendeetan zehar mota guztietako hondakinak bota izan ditugu itsasora, horrek dakartzan ondorioekin. Egun, kontzientziatuago gaude, ahalegintzen gara errespetu gehiagorekin jokatzen. Halere eta badaezpada, uren kalitatea kontrolatzeko azterketak egiten dira noizbehinka gure kostaldean eta laginak hartzen dihardu David Bustamantek. Bihotzetik irteten zaion zerbait da, surflaria denez gero, itsasoarekiko sentimendu bereziak uraren osasunaz arduratzera eramaten baitu.

Ingurugiroarekin lotutako masterra daukazu eginda. Horrek ze esan nahi du, naturaz asko dakizula?

(barre) Ez, ez! Nahikoa ezagutzen dudan arloa da, hori ez dut ukatzen. Baina bestaldetik, ingurugiroari buruz denok asko jakinez gero, gauzak ez lirateke horren gaizki joango! Gaur egun oraindik ere, asko dugu ikasteko.

Master horren bitartez ingurugiroarekin erlazionatutako esparru anitzen gaineko ezagutza eskuratu, eta batez ere, garapen iraunkorra lortzeko eman beharreko urratsen gainean asko ikasi nuen.

Eta nola lor genezake hori?

Krisi on batekin! Gaur egun bizi dugun egoerarekin lortu da apur bat bada ere, CO2aren emisioa gutxitzea, esate baterako! Baina norberak bere buruan pentsamolde aldaketa eragin behar du, eta beste modu batean jokatzen hasi. Ezin gara besteek aldaketa ekarriko dutela uste izan eta itxaroten geratu eta ez gara bide onetik joango politikoek dena konponduko dutela pentsatzen baldin badugu. Ingurugiroa babestu eta etorkizun oparo bat izaten laguntzeko gure egunerokoan zer alda dezakegun galdetu beharko genioke geure buruari, eta horren harira jokatu. David, olatu barruan.

Ingurugiroak arduratuta, Mare Urdina ekimeneko boluntario izatera animatu zinen.

Halaxe da. Guzti hau aspalditik zetorren zerbait da. Hain zuzen ere, Barrikako Peña Txuri Surf Eskolan betidanik egin izan ditugu hondartzen garbiketak eta Surfrider Foundation Europek ere horretarako Europa mailan egun bat antolatzen zuela jakin nuenean, ez nuen zalantzarik eduki. Halere gaineratu nahiko nuke, asmoa ez dela lan hau betirako boluntarioen eskuetan egotea; gure xedea egunen batean Jaurlaritzak edota beste erakunde publikoek betebeharra beraien gain har dezatela da.

Hondartzen garbiketekin hasi nintzen eta horren ostean berriz, proiektu batetan sartzeko aukera eduki nuen, uren kalitatearen jarraipena eginez. Eta ez soilik erakunde publikoek egiten duten moduan goi–denboraldian, hau da, udan; neguan ere egiten dugun zerbait da, azken finean uraren kalitatea urteko egun guztietan kontrolatzea funtsezkoa da.

Eta zer moduzko ura daukagu?

Nik urte eta erdi daramat uren kalitatea kontrolatzen eta neuri egokitzen zaidan zonaldea Sopela da, baina orokorrean hitz eginez, nahiko zikin dago euskal kostaldea. Gaur egun dagoen araudia ia–ia guztiek pasatzen dute, eta hondartza batzuek nahiz eta ur kalitate ona edo horren txarra izan ez arren, etorkizunerako –2015erako– aurreikusten den araudi berria ez dute beteko.

Guk egoera aurre ezagututa, udaletxe zein Eusko Jaurlaritzarekin kontaktuan egoten gara, eta gure analisien emaitzak eramaten dizkiegu dauden arazoen gainean informatu eta ahalik eta azkarren konponbidea bilatzen saia daitezen.

Gainera kutsadura bi motatakoa izan daiteke, agerikoa eta ikusezina...

Guk egiten duguna analisi bakteriologikoa da eta gizakiok botatzen dugun kaka guztia agertzen da analisiaren emaitzetan; hala nola, uretan egon daitezkeen metal astun zein hidrokarburoen zantzuak agertzen dira.

Eta askotan ez da egiten kutsatzaile horien gaineko jarraipen bat, esaterako portu erraldoi batetik irteten diren hondakinena, eta noski, enpresa handien kasuan, sarritan isuna ordaintzea nahiago izaten dute egoerari irtenbidea bilatzea baino. Zalantzarik gabe, hutsune handi bat dugu konpontzeko oraindik, eta txarrena da guztia ezin dugula kontrolatu. Baina beno, urratsez urrats egin behar da aurrera.

Gizakiak salbatu beharko du ingurugiroa... gizakiarengandik?

Ez dago zalantza izpirik gizakia dela naturaren etsai nagusia. Zaborrak, isuri kimikoak... Horrenbeste gauza egiten ditugu gaizki! Ahalik eta lasterren neurriak hartu beharko ditugu, poliki–poliki bada ere, aurrera egiteko. Ezin dugu ahaztu ez garela bakarrik bizi mundu honetan, eta hor daudela gainerako animalia eta landareak ere, bizitzeko eskubidearekin. Zer egingo dugun zain daude.

Zuretzako itsasoak esanahi berezia duela suposatzen dut...

Bai! Ama Lurraren parte izanik, esanahi garrantzitsua dauka niretzako, etxeko zerbait balitz bezala. Errespetu ikaragarria daukat harekiko, eta gainera, berak asko ematen dit, esaterako, lasaitasuna. Etxea egoera tamalgarrian ikusteak bihotzeko mina sortarazten dit, baina aldi berean, beragatik borrokatzeko indarrez betetzen nau.

Jendeak errespetu hori izan dezan kontzientzia piztea faltako da akaso.

Nik pentsatzen dut gizartea ez dagoela nahikoa kontzientziatuta, eta egunero hori hobetzen joan beharko ginateke. Denok kutsatzen dugu, inor ez da bekatutik salbatzen. Baina egungo joerei buelta ematen saiatu beharko ginateke.

Horretarako bide bat izan liteke hondartza garbiketa, analisi eta bestelako ekimenetan parte hartzea; azken batean, naturarekin kontaktuan egotea eta modu horretan, kontzientziatuago egongo gara. Ezen sofan eserita edota bulego batean mugitu gabe dagoen bati nekez aldatuko zaio ingurunearekiko sentsibilizazioa.

Era onean eta gauza ederrak eginez pertsona horiei asmo onak kutsatuko dizkiegu. Halere, egoerak hobera egin du azken urteotan eta hori ukaezina da. Geroz eta sentsibilizatuago gaude gaiarekin. Ahalegina behintzat egiten dugu.

Hondartza garbiketak aipatu ditugu eta Surfrider Foundation Europeren agendan urteroko hitzordu bihurtu da.

Bai, eta Europa guztian zehar burutzen ari direnez gero horrek adierazten digu, problematika hedatua dela. Baina arazoa ez da hondartzara joan eta gure toalla ipintzeko leku garbirik ez aurkitzea. Noski, bada, baina okerrena orokorrean zabor hori aurretik itsasoan, hots, uretan egon dela da, dakartzan ondorioekin.

Baina asko dira honakoa pentsatzen dutenak: “nik inoiz ez dut itsasora zaborrik bota, zakarrontziak erabiltzen ditut. Ondorioz, arazoa ez doa nirekin”.

Akaso ez dugu zuzenean zakarrik uretara botako, baina zabortegira iristen diren hondakinei haizeak jo eta ibaietan amaitzea oso ohikoa da, eta handik, itsasoraino iristen dira. Eta hori gogorarazi beharko genuke, ezen arrain bat bere bizitzan zehar zaborrez elikatu baldin bada, eta gero gizon–emakumeok jaten badugu animalia... Goxoa, ezta? David Bustamante (Barrika, Bizkaia) Kostaldean jaiotzeak eragina eduki du David Bustamanterengan, hain zuzen ere, hertsiki lotuta bizi da itsasoarekiko. Goi Mailako ikasketez Ingeniaria da eta hori osatuz, Ingurugiro master bat ere egin zuen. Surfa ere barrenean daraman zerbait da, eta taula gainera igota olatu handiekin disfrutatzen du. Naturarekin kontaktuan egotea gustuko du, eta nolabait Tai–chiak helburua lortzen laguntzen dio. Baina ez da ekimen bakarra. Surfrider Foundation Europe elkarterako boluntario moduan hondartzak garbitu edota uren laginak hartzen ditu kutsadura neurriak kontrolatu ahal izateko.