524 Zenbakia 2010-03-12 / 2010-03-19
Gure arteko jende ugarik egiten du lan itsasoan. Batzuk Euskal Herrian bertan jaiotakoak dira, eta beraien arbasoek aspaldi bezala, arrantzaren aldeko apustua egin dute. Halere, adituek diotenez, geroz eta jende gutxiagok gura izaten du lanbide honetan murgiltzea eta hutsune hori nolabait bete behar denez, etorkinek marinel edo arrantzale lanak egiten amaitzen dute. Hemengoa edo hangoa, bizimodu horrek guztiei berdin eragiten die, ezen lanbide gogorra da batzuentzat zein besteentzat. Eskolaren ikuspegia. Argazkia: Koro Muro.
Halere, arrantzale izatea ez da itsasoarekin lotutako ogibide bakarra; besteen artean, itsas salbamenduko taldeak, sorosleak, biologoak edota zoologoak ere ur masa handi honi lotuta aritzen dira beharrean. Unibertsitate ikasketak behar izaten dira kasu batzuetan lanpostua eskuratzeko; ikastaro batekin nahikoa da bestetan. Ezin ditugu ahantzi motibazioak eraginda boluntario moduan aritzen direnak –esaterako, hondartzen garbiketa, edota uren kalitate kontrola egiten. Eta ezin horretan daude baita ere, barkuetako makinari zein kapitainak, horiek baitira gure ontziteria ur handietan funtziona daitezeneko arduradunak. Profesionalak sortuz
Esan bezala, badago itsasontzietara igo eta horietan lan egitera animatzen diren pertsonak, eta hauek prestatzeko, ikastetxe ezberdinak daude Euskal Herrian. Horietariko bat da Euskal Herriko Unibertsitatearen Nautikako eta Itsasontzi Makinetako Goi–Eskola Teknikoa eta arlo horretako profesionalak heztea da beraien ardura nagusia. Argazkia: Koro Muro.
Eskolan, titulazio ezberdinak lortu ditzake izena ematen duenak, izan ere, bi arlotan daude banatuta bertan eskaintzen diren ikasketak. Alde batetik Nautikaren arloa dago eta bertan, Merkataritza ontzietako kapitaina edota lehengo eta bigarren pilotu espezializazioak lor daitezke. Bestaldetik, Makinen esparrua dago eta hemen, berriz, Merkataritza ontzietako makinetako burua zein lehen eta bigarren mailako ofizial izateko tituluak eskuratu daitezke. Teoriarekin batera, eskola praktikoak ere jasotzen dituzte ikasleek, ikasitakoa praktikan jartzeko modurik onena, hain zuzen.
Ez da berria Nautika Eskola; historiari errepaso azkar bat emanez gero, sortu zenean –XVIII. mendean– Bilboko Nautika Eskola izenez zen ezaguna, eta Bizkaiko hiriburuan zegoen kokatuta; 1994ean, Euskal Herriko Unibertsitatearen parte izatera igaro zen; 1998ean berriz, egungo izena edukitzera pasatu zen.
Ikusi dugunez, urte luzeetako esperientzia duen eskola da, eta pentsa dezakegun moduan fundatu zenetik bertan izena eman eta etorkizuna lantzera animatu diren gizon–emakumeen kopurua handia izan da. Itsasoa maite eta esparru horietan beharrean aritu nahi duenak aukera dauka Nautikako eta Itsasontzi Makinetako Goi–Eskola Teknikoan.