525 Zenbakia 2010-03-19 / 2010-03-26
Aitor Moralesek eta Igor Marcosek hamaseina urte dituzte. Biak jaio ziren Gasteizen eta biak bizi dira euren familiekin. Ikasbidea Ikastola institutuan ikasten dute, biek egiten dute futbolean afizio gisa eta biak izan dira deituak Euskal Selekzioan aritzeko. ? Igor. Argazkia: Igorrek utzitakoa.
Nola eta hasi zineten futbolean? Zergatik hori eta ez beste kirol bat?
Aitor. Nik txirrindularitzan ere praktikatzen dut, baina arazoak negua ailegatzean hasten dira, eguraldi txarrak bizikletan aritzea oztopatzen baitu. Gainera, neguan forma mantendu behar da eta horretarako ezin bada txirrindularitzarik egin, ongi etorria izan dadila futbola. Bi kirolak hautatu nituen gustuko nituelako.
Igor. Niretzat betidanik futbola izan da gustukoena eta hasiera batean denbora?pasa zena gero kirol bihurtu zen niretzat. Halere, futbol hamaikan hasi nintzen gero futbol bostera pasatzeko.
Nola daramazue entrenamenduak eta ikasketak uztartzea?
Aitor. Oraingoz bi gauzak nahiko ongi daramatzat. Badut astia nahikoa biak egiteko. Entrenamenduek hartzen didaten denbora guztia igandeetan izaten da, beraz, ikasketak eta futbola ez dira egun berberetan.
Igor. Hasieran zaila egiten zitzaidan, baina antolamendu onarekin dena egitea lortu dut. Azkenean ikasi egiten da ikasketak eta kirola konbinatzen. Halere, egunen batean ezin iritsi eta zerbait utzi beharko banu, kirola litzateke; oso argi daukat ikasketak afizioen aurretik doazela. Halere, Aitorrek esan duen moduan gure entrenamenduak igandeetan eta bi ordukoak izaten dira, beraz, oztopo handirik ez dut izaten.
Euskal Selekzioan aritzeko deituak izan zarete; ardura handia da zuentzat?
Aitor. Bai, alde batetik, ohore handia delako eta bestetik, zure herria ordezkatzen dugulako.
Igor. Jakina! Euskadiren izenean ari naiz futbolean eta asmoa futbol arloan gure herriak merezi duen ohore ona izan dezala da. ? Aitor. Argazkia: Aitorrek utzitakoa.
Urteroko afera bihurtzen ari da ondokoa: Euskal Selekzioa, Euskal Herriko Selekziokoa eta Euskadiko Selekziokoa. Zer diozue polemika horren guztiaren gainean?
Aitor. Ez diot garrantzia handirik ematen, baina aukeran neuk nahiago dut Euskal Herrikoa bada.
Igor. Gu Euskadiko selekzioko kideak ginen, baina neu ere banaiz Euskal Herriko selekzioaren aldekoa. Euskararekin bezalaxe gertatu beharko litzateke, hau da, euskara Euskal Herri osoan hitz egiten da, ondorioz, futbolariek Euskal Herri osokoak ere izan beharko lukete.
Inoiz pasatu al zaizue burutik profesional izatera ailegatzeko ikasketak baztertzea?
Aitor.Lehen Igorrek aipatu duenarekin bat nator eta ikasketak askoz ere garrantzitsuagoak dira niretzat baita ere.
Igor. Ezin dugu inola ere ahaztu hasi, asko hasten garela futbolean.; franko gara hautatuak, baina oso?oso gutxi iristen dira goraino. Horregatik guztiagatik, ikasketak ditut garrantzitsuagotzat..
Zer iruditzen zaizue futbolariek horrelako soldata handiak irabaztea? Benetan da zilegia?
Aitor. Ez da bidezkoa gehienbat gaur egungo krisialdia dela?eta. Azken finean, ez dute lan handirik egiten eta horren truke asko ordaintzen zaie.
Igor. Nire ustez soldatak altuegiak dira, batez ere, talde onenek ordaintzen dituztenak. Gustuko duzun zerbaitetan aritzearen truke ez lukete horrenbeste ordaindu behar. Kirola negozio hutsa bihurtu dute.
Futbolean aritzerakoan ba al duzue superstiziorik?
Aitor. Baietz erantzun behar dut, bi gauza berezi egiten baititut (ez beti): eskumuturreko gorria eramaten dut, eta ateak ukitu behar izaten ditut neure burua lasaitzeko.
Igor. Ez, nik ez dut superstiziorik. Partiduetan neure buruarekin konfiantza osoa izanez ahal dudan guztia ematen saiatzen naiz. Inoiz ez dut pentsatu zerbaitek lagundu ahal didanik.