525 Zenbakia 2010-03-19 / 2010-03-26
Zuia–Gorbeialdeko eskualdearen barruan dago kokatuta Arratzu–Ubarrundia eta bertako udalerrietako bat da Durana, Arroiabe, Artzubiaga, Betolatza, Landa, Langara Ganboa, Luku, Mendibil, Uribarri Ganboa, Zirao eta Zurbaorekin batera . Herri txikia, Gasteiztik kilometro gutxitara dago, eta Euskonews Gaztean urtero parte hartu izan duen Durana Ikasbidea Ikastola Institutua ere bertan kokatzen da. Datuei errepasoa
Herri zaharra da Durana, eta horrelaxe adierazten dute XI. mende hasierako dokumentu batzuek; hain zuzen ere, 1056. urteko agiri batzuetan aurrenekoz egiten da udalerriaren aipamena. Ordutik ez du hazkunde handirik eduki biztanle kopuruari dagokionez, betiere nahiko xumea izan baita. Eta ezin ahaztu, XX. mende hasieran Araban eman zen Industrializazioak ere eragin zuela Duranako populazioan, eta baita haien bizimoduetan ere. Kapitel erromanikoak.
Nolanahi ere, azken urteetan etxebizitza berriak egin dira, eta biztanleria gaztetu egin dela esan genezake; kontuan hartu behar da gainera, gazteenek bertan eskolara joateko aukera ere badutela, horrek herriarentzako dakarren bizitzarekin. Gizon eta emakumeek Arabako hiriburuaren gertutasunagatik, Gasteiz izaten dute lantoki nagusia. Baina antzinako ohiturei jarraituz, zenbait biztanle lurrari lotuta eta zereala ekoitziz bizi da oraindik ere; noski, lanerako moduak aldatu egin dira, hala nola, aurrerakuntza teknologikoak iritsi direlako merkatura, eta esaterako lurra lantzea errazagoa izan daiteke.
Mende batzuk atzera eginez gero, udalerria zenbait gertaeren testigu izan dela adierazten digute datuek; hala nola, XVI. mendean (1521) Pedro de Ayala Aguraineko konde eta Arabako komuneroen nagusi zenaren taldea Duranako zubian desegin zuen Martin Abenda?okoak eta 600 preso hartu zituen ondorioz.
Bestalde, Duranak badauka eliza erromaniko ikusgarri bat, San Esteban Promartir parrokia hain zuzen. Mendeen joan etorrien arrastoak jasotzen ditu eraikinak, eta horren adibide garbiak aurki daitezke. Hala nola, XIII. mendeko zantzuak ditu eraikinaren aurrealdeak; XVI. mendeko San Roke eta San Sebastianen eskulturak; XVI.eko bataiotegia; zein XVII.eko erretaula errenazentista ditu.
Bisitatzeko modukoa, ezbairik gabe, Arratzu–Ubarrundiako udalerri handiena.