526 Zenbakia 2010-03-26 / 2010-04-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gaztetxeak eskola

BARBERENA, Eneko

Kolaboratzailea



Zer da eskola hitzarekin eskola utzi dugunoi burura etortzen zaiguna? Irakasleak, patioak, klase– kideak, lagunak, etxeko–lanak, sozializazioa, bihurrikeriak, zigorrak, negarrak, pozak, porrotak... Argazkia: stefg

Eskola urteek, edo eskolan igarotako urteek, arrasto sakona uzten dute pertsonongan. Askotan gelako kideak bihurtzen dira zure koadrilako kide, klasean lortutako arrakasta akademikoak zure etorkizuna baldintzatu dezake, klasean jazarpena pairatu baduzu orban luzeak eduki ditzakezu urteetan...

Dena den, nahiko orokortua dagoen ustea da eskolako oroitzapenetatik eduki akademikoak direla arrasto gutxien uzten dituztenak. Nik ere, atzerako ispilutik eskola urteak gero eta urrunago ikusi ahala, bat egiten dut ideia horrekin. Ez dut ukatu nahi eskolan ikasitako ikasgaien garrantzia. Oraindik ere egunero baliatzen ditut bertan ikasitakoak ideia antolaketari dagokionean, testuen analisiari dagokionean, hizkuntza baliabideei dagokionean, matematikari dagokionean... Baina nire bihotz begiek, Ruper Ordorikak esango lukeen moduan, ez dituzte eduki hauek begiratzen. Atzera eginiko begiradetan Arrasateko ikastolako jolas–orduko uneak datozkit, irakasle batzuen kasketaldiak, maitasunaren lehen kimuak... Argazkia: www_ukberri_net

Gaztetxea izan da nire beste eskoletako bat. Hamabost bat urterekin hasi ginen bertara hurbiltzen eta berton eman nituen hainbat eta hainbat ordu. Gaztetxean ikasitakoak oso presente ditut gainera, oso modu nabarmenean. Bertan ikasi nituen tabernako lanak, bertan kontzertuak antolatzen, bertan asanblada legez funtzionatzen, bertan diru kontuak eramaten, bertan nire sormenari ateak zabaltzen, komunikazioa lantzen... Eta hori gutxi balitz, bizipenez jantziak ditut ikasitako horiek. Zelako poza kontzertu batean aretoa betetzen genuenean, zelako frustrazioa hitzaldi batean inor agertzen ez zenean, zelako emozioa lokal berrian sartu ginenean...

Gaztetxea izan da nire eskoletako bat eta jende guztiari gomendatzen diot eskola horretan “matrikulatzea”. Herri askotan badago bat eta ez da zaila Gaztetxea non dagoen jakitea. Izaten dituzte euren argi eta iluntasunak, ez zaituztet engainatu nahi. Euren gorabehera eta zalantzak, edozein elkarte/enpresa edo pertsonek izan ditzaketen lez. Jende askok, ezagutza faltagatik edo aurriritzi okerrengatik nire ustez, Gaztetxeen inguruko iritzi negatiboak ditu. Kasu gutxi batzuetan zuzen egon daitezke baina uste dut oso gutxitan izan daitekeela hori zilegi. Nire esperientzian oinarrituta, guztiz gomendagarri deritzot edozein gazteren bilakaerari begira Gaztetxe batera hurbildu eta bertako dinamikatan parte hartzeari.

Eskolara joatea derrigorrezkoa da, Gaztetxera joatea aukerazkoa. Ez utzi aukera horri ihes egiten.