526 Zenbakia 2010-03-26 / 2010-04-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Iparraldea XXI, Ipar Euskal Herria gerturatuz

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Euskal Herriari eta oro har, munduari erreparatu eta euskaraz kantatzen dion rap musika taldea da MAK. Sei emakume gaztek a capella gaur egungo eta betiko kantuak abesten dituzte Zuberoatik; Amaren Alabak izenez ezagutzen ditugu. Urtero, azken hamabost urteotan Euskal Herria Zuzenean Festibala jaialdi alternatiboa eskaintzen digute Nafarroa Beherako lurretan, euskara, ekologia eta bestelakoak ardatz izanik...

Hauek eta beste gai batzuk dira Iparraldea XXI dokumentaleko hizketa gaiak. Jendeak usu Ipar Euskal Herriari eta bertako biztanleei buruz izaten duen errealitate murriztua medio, bestelako zertzeladak ere badaudela erakusteko xedez abiatu zuen ikus–entzunezkoa. Lan hau Euskal Kultur Erakundeak (EKE) Gipuzkoako Foru Aldundiaren kolaborazioarekin burutu du.

Baiona, Heleta, Donibane Lohitzune, Getaria zein Bostmendi mendigunea eszenatoki hartuta, irudi ederrez hornituta dago xede zehatzez Juhane Daskon eta Maxence Peyrasek egin duten dokumentala. Hain zuzen, eguzki izpi desberdinak irradiatu nahi ditu, topikoetatik alde egin eta jendarteari bestelako Ipar Euskal Herria ezagutarazi. Zergatik ikus–entzunezkoa?

Baina noski, arrazoi bat bazen lana burutzeko. Hain zuzen ere, Donostiako 30 ikasleri Ipar Euskal Herriaren gaineko inkesta egin eta bertatik ezagutzen zituzten datuak konparatu ondoren, honako hauek gailentzen zirela ikusi zuten: alde batetik euskara bitxia erabiltzen dutela biztanleek; eta bestetik pastoralak eta maskaradak.

Hori dela eta EKEren helburua, bai Hego Euskal Herriko zein kanpoko jendeari Zuberoa, Behe Nafarroa eta Lapurdi hiru gauza horiek baino gehiago direla helaraztea izan da, gaur egungo ikuspegi modernoagoa zabaltzea. Eta kanpoan diogu, euskaraz gain, frantsesez, gaztelaniaz, katalanez zein ingelesezko azpitituluez hornitu dutelako lana, mugaz haraindiko proiekzioan beren helburua lortzeko.

Amaitzeko, gogoratu batez ere gazteek dutela presentzia dokumentalean; euren hitzek, musikak, bertsoek, dantza mugimenduek, pilotariaren pilotakadek, surfa ulertzeko moduek... Zenbaitentzat leku ezezagun dena ezusteko eder bilakatuko da. Deskubrituko al dugu?

Iparraldea 21 from Iparraldea 21 on Vimeo.