526 Zenbakia 2010-03-26 / 2010-04-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (XXXIII): Balmaseda

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Aste Santuak modu berezian ospatzen dituen herria da Balmaseda. Eta aitzakia moduan hartuko dugu bertara joan eta herria hobeto ezagutzeko. San Juan eliza. Argazkia: Gaizka Garamendi. (3digitala)

Erromatarren garaiko aztarnak aurkitu dira Balmasedan, hain zuzen ere, galtzada erromatarrarenak, eta horren arabera eta adituen esanetan, tokiak kosta eta barnealdeko herrien arteko zubi–lana egiten zuen. Zeukan garrantziak Gaztela eta Bizkaiko jaurerriaren arteko ika–mikak piztu zituen, harik eta 1175ean lurrak banatu zituztenera arte. Orduan, Bortedoko jaun Lope Sanchez de Vegak 1199an fundatu zuen ofizialki herria, eta Logro?oko forua eman; hala, Bizkaiko hiribildurik zaharrenetarikora egingo dugu gaurko txangoa.

Kadagua ibaiaren ertzean kokatzen den herriak oparotasuna bizi izan zuen garai batetan, eta hala, merkatari, artisau, errementari eta bestelako lanbideak zituzten herritarrek bizimodu erosoa zeramaten; judu komunitatea ere bazegoen Balmasedan. Hala ere, bolada ona aldatu eta XVIII. mendean komertzioak behera egin zuen Bizkaiko herri honetan. Baina beste hainbat udalerriri gertatu ez bezala, industrializazioa onuragarria izan zitzaion Balmasedari, ezen jendeak herria aukeratu zuen bizileku, eta populazioa hazi egin zen, berriz ere garai emankorrak iritsi zirelarik. Udaletxeko arkupeak. Argazkia:Gaizka Garamendi. (3digitala) Erdigune ikusgarria

Gure egonaldian, dozenaka tokiz gozatzeko aukera azalduko zaigu begien aurrean. Hasteko, erdiguneak Erdi Aroko esentzia mantentzen jarraitzen du; orduan lau kalek osatzen bazuten, egun ere kontserbatzen dira karrikak. Horietan gainera, eraikin erlijioso zein zibilak deigarriak suertatuko zaizkigula zalantzarik ez. Besteen artean, XV. mende erdialdeko San Severino eliza gotiko berantiarrarekin gozatzeko parada edukiko dugu; XV–XVI. mendeetan eraikitako San Juan del Moral eliza errenazentistak ere begiztatzea merezi du; baita XVII. mendeko Santa Klara komentuak ere; eta abar, eta abar.

Baina esan bezala, eraikuntza zibilek ere beren garrantzia dute Enkarterrietako herri honetan. Esate baterako, Buniel Jauregi barrokoa (XVI) agertuko zaigu begien aurrean; udaletxea (XVIII) edota XII. mendeko Zubi Zaharra ditugu eraikinon artean. Zubi Zaharra. Argazkia: Antxon Agirre Sorondo. (3digitala) Aste Santuak

Eta guzti horretaz gain, hots, Balmasedak duen berezko edertasunaz aparte, bertako Aste Santuetako ohiturengatik ere ezaguna da tokia. Kristautasuna Euskal Herrian mendeetan horren errotuta egoteak, oraindik ere eragina edukitzen jarraitzen du XXI. mende honetan. Hala, Ostegun Santuko gauean, antzezpenean murgiltzen dira biztanleak, Azken afaria, Ortuko Otoitza eta Jesusen atxiloketa interpretatuz. Baina ekitaldiak ez dira hor amaitzen, eta hurrengo egunean, erromatarrek hartzen dituzte kaleak, epaiketa egiten dute, Judaren zintzilikatzea antzeztu...

Aspalditik datorren ohiturak bizirik jarraitzen du egun. Batzuentzat esanahi bereziko datak diren arren, besteentzat ikuskizun huts bihurtzen da. Nahiz eta bizitzeko modu desberdinak izan, ez dute inor axolagabe uzten bi egunetako ekimenek.Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena San Adriandik Uxue eta Xabier Baxenabarren zehar Deba–Zumaia Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera Valderejoko altxorra Iratiko oihanean barna Urbasa eta Andia Parke Naturala Gorbeia Parke Naturala Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz Goierri ezagutuz Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz Durangaldea Lizarra inguruetan Txingudiko badian Mungia aldean Uribarri Ganboa urtegia inguratuz Erriberrira bidean Pasaia–Astigarraga Zuia hobeto ezagutuz Arratiako txokoak Baiona Ttipitik aurrera Los Arcos–Viana Mauletik Ospitalepera Ibarrangelu–Elantxobe Gesaltza Añana Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com