527 Zenbakia 2010-04-09 / 2010-04-16
Pirinioetako mendietatik gertu eta kantauriar bailaretatik kilometro gutxira, Bardeatako eremua agertzen da. Nafarroako hego–ekialdean kokatzen dira eta ekialdetik, Aragoiko lurrak mugatzen du. 42.000 ha ditu eta Nafarroako udalerri handiena baino zabalagoa da. Bardean mediterraneoko klimara egokituta dauden hainbat animalia eta landare aurki daitezke; gainera, abeltzaintza, laborantza eta gizakiaren ekintzak nabarmenak dira aspalditik. Eta oro har higadura–prozesu naturalen menpe dago. Ez dute gune populaturik bere baitan, hots, Bardean ez dago inolako herririk, bai ordea, tiroketa–eremu bat. Peñaflor gazteluaren hondakinak.
Bardea hitza abardena hitzetik dator eta hau bertan ugaria zen landare baten izena da. Erregeek Bardea ustiatzeko baimena eman zuten musulmanei irabazitako lurrak zirelako eta kristau biztanleagorekin populatzeko. Modu horretan herritarrek erregeei gerrate ezberdinetan eskainitako zerbitzu eta mesedeak ordaindu zitzaizkien. Horregatik gaztelu ugari eraiki ziren Aragoiko mugan zehar, baina gaur egun gutxik diraute zutik eta Peñaflor gaztelua da horietariko bat. Ondo iraun du urteen joan etorrien eragina eta, beraz, bere jatorrizko itxura, ondo antzeman daiteke. Gaztelu horien funtzioak anitzak ziren, Aragoiko mugak zaintzea eta Bardeatako basoetan ezkutatzen ziren lapur, ihesari zein bidelapur edo bandoleroen aurka jardutea esaterako.
Garai haietako lapur eta bandolero famatua Santxo Rota (Santxikorrota) zen eta herriak asko maitatzen zuen Robin Hooden antzeko pertsonaia baitzen. Zonaldeko jaun eta jabe izan zen eta berari buruzko istorioak ugariak dira. Halere, 1459. urtean, Juan II.ak 200 zaldunez lagundua, Santxikorrotaren jarraitzaileak inguratu eta atxilotu zituen; egoera horretan Santxikorrotak aizto batez baliatuz, bere buruaz beste egin zuen. Bere gorpua Tuterara eraman eta herriko plazan zintzilikatu zuten putreek desegin arte. Bardearen ezaugarriak
Bertako material ugarienak buztina, igeltxoa, harearri eta konglomeratuak dira eta hauek ez dute jatorri itsastarra, kontinentala baizik. Bardeak eta Ebroko depresioaren materialak ere inguruko mendikateetan (Pirinioetan eta Iberiar Mendikateetan) dute jatorria. Argazkia: ADEVE
Gogortasun desberdineko materialen geruza horizontalak tartekatuta agertzen dira, hots, buztinak, kareharriak, hareharriak eta igeltxoak. Honen ondorioz, material hauek desberdin higatuko dira eta taula–itxurako erliebeak (erliebe tubularrak) sortuko dira. Hauek adierazten dute geruza horiek ez dutela inoiz inolako ekintza tektonikorik jasan. Horregatik material horiek ez daude ez tolestuak ez apurtuak.
Bestalde, bi Bardea mota daudela esan daiteke: beltza eta zuria. Bardea beltzak begetazio ugariagoa du zuriak baino. Eta azken honi dagokionez,, udako lurrunketa handiaren ondorioz azeleratzen diren gatzek, lurrari kolore zurixka ematen diote; ondorioz, bertatik datorkio izena. Karkaba, trokarte, sorgin tximinia eta muino–lekuko ugari daude.
Muino–lekukoak, mahai itxura duten buztineko multzoak direla esan daiteke. Gogortasun dezenteko materialak agertzen dira; goialdean harearria eta kareharria eta azpiko mailetan berriz, buztina.
Karkabak euri–jasetako urak material bigunetan eragindako higaduraren ondorioz sortutako zulo edo sakonuneak dira. Karkabetako urak biltzean, lurrean egindako ibilgu sakon eta estuak eratuko dituzte. Hauei trokarteak deitzen zaie.
Azkenik, sorgin tximiniak gogortasun handiko materialez osatutako geruzen babesa dutenez, higatu gabe gelditu diren buztinezko mendixkak dira. Normalean taula–forma dute eta oso malkartsuak izaten dira. Gaur egun sorgin tximiniak direnak, lehenago muinoak eta egitura plataformak izana dira. Beste modu batez esanda; muinoak higatuz jarraituz gero sorgin tximinietan bihurtzen dira. Hortaz, azken hauek, muinoen jarraipena dira.
Amaitzek, higiduraz sorturiko parkea da Bardea eta ondorioz, bertako paisaia ezin da edozein klima dagoen lekuan egon.