527 Zenbakia 2010-04-09 / 2010-04-16
Tabakoa Peru eta Ekuatorean sortu zen kristo aurretik 2000. urtean. Amerika kolonizatu orduko, bere erabilera zabalduta zegoen kontinente osoan zehar.Erretzeaz aparte, beste kontsumo mota asko zeuden orduko Hego Amerikan. Erritualetan oso erabilia zen, adibidez. Esate baterako gerlariek guda hasi aurretik aurpegian zehar botatzen zuten. Kultura akzidentalera 1492. urtean iritsi zen, Kolonek Amerika aurkitu zuenean hain zuzen ere. Tabako landarea. Argazkia: mrpbps
Gaur egun tabakoaren kontsumoa oso zabalduta dago, edozein talde sozial eta lekutan. Tabakoa droga legal bakarrenetarikoa da, eta gizartean ezagunak diren efektu negatibo asko ditu. Maiz, adituen aholkuak jarraitu gabe kontsumitzen da, eta honek osasunarentzako kalteak areagotzen ditu.
Tabakoak nerbio sistema zentrala estimulatzen du kontsumitzaileak nahi dituen efektuak lortuz. Izen bereko landaretik ateratzen da, baina jatorrizko landareari alkitrana, karbono monoxidoa, artsenikoa eta nikotina eransten zaie; gutxi gorabehera tabakoak 3000 elementu kimiko ditu erantsita. Nikotina tabako landarearen hostoetan kontzentrazio altuan dagoen alkaloidea da. Oso pozoi indartsua da. Horrez gain, kontzentrazio baxuan estimulatzaile bat da eta tabakoan mendekotasuna sortzen duen eragile nagusia da. Gaur egungo zigarro batek 1 eta 2 miligramo artean izan ohi du. Erretzaileak kea biriketan sartzean gutxi gorabehera 0.8 miligramo irensten ditu.
Tabakoa erre edo murtxikatuz kontsumitzen da eta hau egitean gehienbat lasaitzea eta helduago sentitzea (nerabetasunean) bilatzen da. Tabakoa erregulartasunez kontsumitzean eta menpekotasuna izatean tabakismoa sortzen da. Nikotinak nerbio–sistema zentralean dauka eragina eta honek erretzaileari dependentzia fisiko eta psikologikoa sortzen dizkio; honek abstinentzia sindromea sortzen du eta hori da tabakismo izenez ezagutzen duguna.
Tabakoak hainbat gaixotasun sor ditzake, hala nola minbizia mota ugari. Arnasketa eta bihotzarentzako kaltegarria da, eta haurdunaldian kontsumitzeak kalte handi eta aldaezinak eragin diezazkioke umekiari.Tabakoak kontsumitzaile pasiboak ere kaltetzen ditu, hau da, erretzen ez dutenak baina inguruko norbaiten kea etengabe jasan behar dutenak. Gainera, gaur egungo tabako industria handiek elementu kimiko asko eransten dizkiote tabakoari, zaporetsuago egiteko edota mendekotasun handiagoa sortarazteko. Hala ere, tabako puruak ere kalte aldaezinak eragiten dituela esan beharra dago. Argazkia: Jram23
Gaixotasun hauetatik aparte, tabakoak epe motzerako zenbait efektu ditu, hain larriak ez diren arren. Pertsonaren, kontsumitzeko moduaren eta momentuaren arabera erlaxazioa edota bizkortzea edo suspertzea, odol hodien estutzea eta arnasa hartzeko zailtasunak dira hauetako batzuk.
Gehienbat erretzaile pasiboak babesteko asmoz, Osasunarentzako Erakunde Mundialak tabakoaren aurkako akordio bat sustatu zuen 2005. urtean. Europan Ingalaterra, Alemania, Frantzia?daude akordio horren barnean. Lege hauekin, debekatuta dago leku publikoetan erretzea eta honek gatazka handia sortu du erretzaileen artean. Tabakoa legala den bitartean erretzeko eskubidea dutela aldarrikatzen dute, gobernuek besteenganako errespetuarekin kontra egiten dieten bitartean. 2010. urtean Estatuko tabakoaren aurkako legeak berregingo dira, hauek gogortuz. Datorren urtetik aurrera ezingo da leku publikoetan erre. Orain arte leku publiko handiek erretzaile eta ez erretzaileak banatu behar zituzten.
Nire ustez, tabakoaren aurkako legeak aurrerapauso garrantzitsua dira gizartearentzat. Duela urte gutxi batzuk arte, tabakoa guztiz onartuta zegoen, eragiten dituen kalteak ezagututa ere. Honek, batez ere ez–erretzaileak kaltetzen zituen, ezin baitzuten kerik gabeko leku publiko batean egon. Gaur egungo adindu batzuen osasun arazoak bertatik datoz.
Zenbait kasutan tabakoaren kontsumoa erabaki kontziente bat da, baina hala ere guztiz debekatuta egon beharko litzatekeela uste dut. Nire iritziz, tabakoa legala izateko arrazoi nagusienetakoa, ekonomikoari ekartzen dizkion onurak dira. Tabakoaren zergek izugarrizko dirutza ematen dio urtero gobernuari eta aberastasun maila berdina ekartzen duen zerbait aurkitu arte baimenduta egongo da.