528 Zenbakia 2010-04-16 / 2010-04-23

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Iban del Campo. (Zinemagilea): Mundua ulertzen saiatzeko tresna egokia da dokumentala

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Eiffel dorrea eta Eliseo Zelaiak Ibanek zinemagintza deskubritu zueneko testigu izan ziren. Parisen geratu zen arrasatearra arte honen amaraunean harrapatuta eta egun dokumentalen inguruan du jardun nagusia. Oro har esan genezake, munduari gauzak kontatzeko daukan beharrak zehaztu duela bere ibilbide profesionala, zinemagilea izateaz gain, kazetaria ere baitugu. Euskonews Gaztearekin hitz egiteko tarte bat hartu, eta dokumentalen arloa hobeto ezagutzeko aukera eskaini digu.

Bartzelonan bizi izandako garaian dokumentalen esparrua ederto ezagutu zenuen.

Nahiz eta Parisen eduki nuen zinemagintzarekin aurreneko harreman estua, oroitzen dut Bartzelonara joatean gaur egun horren bitxia ez den, baina garai hartan berritzailea zen zerbait ematen hasi zela konde–hirian, hau da, zinema komertzialetan dokumentalak ikustea. Dokumentalei bultzada bat eman zitzaion eta neu ere horretan hasi nintzen.

Halere, garai hartan freelance moduan ere egiten nuen lan kazetaritza lanak burutuz –orduko Egunkarian, Diario Vascoko Devorame gehigarrian eta abar– eta gainera, telebistetarako erreportaje–dokumentalak sortzen nituen. Euskal Herrira bueltatu eta Donostian EITBrako dokumental–sail batetan sartu nintzen, eta ondoren HUHEZIko Ikus–entzunezko karreran irakasle lanei ekin nien, gaur arte.

Baina ez didazu komentatu zerk erakarri zintuen zinemagintzatik!

Egia esateko nahiko inkontzienteki egin nuen kazetaritzatik zinemagintzarako jauzia. Halere, eragina izan zuen Parisen egon nintzenean bertako unibertsitatea zinemarekiko oso aktiboa izateak, ezen film emanaldiak maiz egiten baitzituzten; esango nuke zurrunbilo baten barruan sartzea moduan izan zela niretzako eta ordura arte zinemagile ezezagunak nituenen lanak deskubritu nituela ondorioz. Iban, ispiluan.

Erdi naturala izan zen orduan urratsa. Baina loturarik ikusten al diozu kazetaritza eta dokumentalgintzari?

Idatzizko kazetaritza eta argazkigintzari –hori ere egiten bainuen!– jarraipen bat ematea izan zela iruditzen zait eta uste dut azken finean, hiruetan istorio bat kontatzea dela helburua. Desberdintasuna, irudi estetikoetatik mugimendu eta soinua erabiltzera igarotzea izan zen.

Fikzioa ere landu duzun arren, arrazoiren bat egongo da dokumentalak egiteko, ezta?

Akaso Bartzelonako garai hura bizi izan nuelako izango da, hau da, inguruko lagunek ere horixe egiten zutelako hautatu nuen nik ere dokumentalak sortzea. Gainera, genero oso aproposa da ikasteko, lan egiteko eta esperimentatzeko; hau da, fikziozko zinema tradizionalak baino askoz ere aurrekontu txikiagoa eskatzen du eta gainera inprobisaziorako toki handiagoa dago. Ni orain arteko proiektuetan lantalde txikiekin aritu naiz, eta pertsonaiekin harreman zuzena bilatu izan dut kontatutako istorio bakoitzean.

Gainera, aukera eta aitzakia ona iruditu zitzaidan bai zinema esparrua eta baita kazetaritzaren alderdi desberdin bat sakonago ezagutzeko. Hala, dokumentalena, mundua ulertu edo behintzat saiatzeko tresna egokia dela deritzot.

Zure ikasleei lez, esaguzu, zeintzuk dira dokumental bat egiteko funtsezko osagaiak?

Asko dira beharrezko osagaiak, dokumental motak ere anitzak baitira eta ondorioz, bakoitzak planteamendu ezberdina eskatzen du.

Neure kasuan behintzat, pertsona batekiko pasioa edo bihotza mugitzen duen zerbait sentitu behar dut aurrena, gero publikoari nahi dudana helarazteko gai izan nadin, bestela ez baitut ezer transmitituko. Nire azkeneko dokumentalari erreparatuz gero –Dirty Maritni–, kasualitatez dokumentaleko protagonista zuzenean emanaldi batean ikusi eta pertsonaiaren atzean kontatzea merezi zuen istorio bat egongo zela pentsatu nuen.

Ondoren, protagonistarekin berarekin erlazio bat sortu eta mantentzea izaten da jarraitzen dudan urratsa. Konfiantza lortzea eta elkarlan bat burutzea garrantzitsua dela iruditzen zait, eta bere jarraipen bat egitea, nolabait bere itzala izatea. Eta ezin dugu ahaztu funtsezkoa dela erretratatzen ari zaren mundu edo pertsona horrekin akordio batetara iristea, hau da, zer kontatu eta zer ez erabakitzea, mugak non dauden jakin behar dugu. Eduki kontuan benetako bizitza bat grabatzen ari garela, eta gure lana amaitu ostean ere, bizitza horrek jarraitu egingo duela. Argazkia: pedrosimoes7

Eta noski, denbora behar duzu eta pazientzia handia. Eta hori batez ere, edizio gelan, ezen orduan baitator lan handiena. Nire kasuan behintzat gidoirik gabe, nolabaiteko intuizioz egiten dut grabaketa eta ondoren dator jasotako guztiarekin puzzlea egitea.

Orduan, emaitzak hasierako ideiaren antzik ez edukitzea ere posible da!

Noski! Maiz gertatzen den zerbait da baina noski, daukazun proiektuaren arabera, edo aurreneko ideiarekiko fideltasun osoa mantendu dezakezu edo guztiz bestelakoa den emaitza lortu.

Egungo aurrerapenekin, edozein omen da gai lan txukun bat egiteko...

Sarritan esaten da aurrekontu arazoak–eta egoten direla. Neure kasuan behintzat, inoiz ez dut diru–laguntzarik eskatu lanari ekin aurretik. Diozun moduan garaiak aldatu dira eta gaur egun dauden baliabide tekniko eta digitalizazioari esker, kamera erdi domestiko, erdi profesional horietariko batekin nahiko lan txukunak egin daitezke; argiari dagokionez oso sentikorrak direnez gero, eta daukan mikrofonoa baliatuz, teknikoki ez duzu ia ezer behar. Editatzeko ere programa ugari daude, eta aurrekontu handirik gabe ere lan politak egin ditzakegu.

Noski, dirua beti gastatzen da –eta zer esanik ez bidaiekin hasiz gero! Denbora ere behar da, e? Baina benetan afizioa duenari ez zaio horrenbeste ardura nahiz eta jakin ez duela dirurik jasoko ordainetan. Gero, lan guzti horri etekina atera gura izanez gero, etapa berri bat iristen da, banaketa sistema bilatzea jaialdi, telebista eta abarretan.

Eta Interneten?

Egile bezala aukera daukazu zure lana eskegitzeko eta zabaltzeko, baina horrek ez du esan nahi benetan interesatzen zaizun publikoak ikusiko duenik. Orduan, abantailak eduki badituen arren, zenbait desabantaila ere ikusten dizkiot. Gainera, ez da berdina film labur bat pantaila txiki batetan ikustea edo zinema areto batetan, esaterako.

Noski, badaude zenbait pertsona aurretik badakitenak egiten ari direna Interneterako dela, eta euren lan modua ere aldatzen dute, esate baterako, laburmetraiaren iraupenari dagokionez.

Egun geroz eta Internet bidezko jaialdi gehiago egiten dituztela ere kontuan hartzekoa da. Esperimentatzeko aukera itzela da sarea eta beste jendeak egiten duena ezagutzeko modu erraza. Baina ezin dugu ahaztu gure lana hor egoteak ez duela adierazi nahi norbaitek ikusiko duenik, milaka aukera baititugu klik bat eginez.

Lanen iraupena aipatu duzula, ez da berdina izango istorio bat 3 edo 24 minututan kontatzea, ezta?

Oso desberdinak dira bi formatuak, eta horretaz konturatzeko interesgarria da batean zein bestean lanen bat egitea. Film labur asko luzemetrai oso konprimituak balira moduan egiten dira. Hau da, erabiltzen diren narrazio teknikak, gauza mordo bat denbora gutxian kontatzeko izaten dira eta hasiera, korapiloa eta bukaera izaten dute. Nik ere hasieran –konturatu gabe bazen ere– horixe egiten nuen; 30 minutuko lanak izaten ziren –telebistan emitituak izateko pentsatua ere bazeuden. Azkenean lan piloa egin arren ere, ez da luzemetrai bat eta horrek zabalkundeari dagokionez, mugak ipintzen dizkio.

Denborarekin ohartzen zara iraupen gutxiagoko laburmetraiak beste genero bat direla, istorioak kontatzeko bestelako arau eta aukerak dituena.

Orain arteko guzti hau eta gehiago irakasle izanda transmititzen diezu neska–mutilei.

Gustura nabilela aitortzen dut, nahiz eta kasualitatez hasi nintzen honetan! Dokumentala irakasteko asmoa eta aukera eduki nuen eta nola ez, aprobetxatu. Dokumentalgintzaren historiari errepasoa eman eta ondoren ikasleek proiektu baten bitartez ikasitakoa praktikan ipintzen dute. Azkeneko lana denen artean eginiko dokumental bat izaten da.

Etorkizuneko konpetentzia hezten ari zara orduan!

(Barre) Bueno, bai! Azken hiru urteotan ikusi dut gainera oso lan interesgarriak egiten dituztela, eta aberasgarria da bestalde, ikustea zer–nolako zailtasunak edukitzen dituzten. Eta hor nago ni ahal dudan neurrian laguntzeko.

Huhezinema dugu ikasle horiek ikasitakoa praktikan jartzen duten tokietako bat.

Hirugarren edizioa da 2010ekoa. Irakasle moduan Huhezin sartu nintzenean, Ikus–entzunezko sistemaren egitura deitzen zen gai bat irakatsi nuen. Nahiz eta teorikoa zen, praktika bidez film labur jaialdi bat antolatzea eta ikasleek antolakuntzan parte hartzea posible zela pentsatu nuen, hala fazeta hori ezagutuko zuten eta gainera, jaialdi baten jaiotzan parte hartu.

Baina antolakuntzaz gain, klasean eginiko laburmetraiak aurrenekoz jendaurrean proiektatzen dira, eta lehiaketa bat denez, motibazioa bikoitza da ikasleentzat.

Konta iezaguzu, zeren gaineko lana burutuko zenuke?

Polita izango litzatekeena, eta benetako erronka, ezeren gaineko dokumental bat litzateke! Bromaz aparte, badauzkat ideia batzuk buruan bueltaka, baina oraindik ere horiek garatzen ari naiz, istorioak guztiz harrapatu eta lanean jartzeko.

Orduan esan, hasiberri bati zein aholku emango zenioke?

Inoiz baino aukera gehiago daudela, eta beraz, tranpolinera igo eta salto egiteko. Dauzkagun baliabideekin eskura dugu zer edo zer egitea. Olatu handirik ez dagoen egun bat aukeratu eta buruan duzun hori irudi eta soinuen bidez irudikatzeko gai ote zaren deskubritzera animatu. Iban del Campo (Arrasate, 1971) Gipuzkoarra da Iban del Campo. Bilbon Kazetaritza ikasketak burutu zituen eta lizentziatura amaitzerakoan, desbideratu egin zen ikus–entzunezko mundura. Parisera joan zen urtebeterako beka bat eskuratu ondoren, zinema ikastaro bat burutu eta orduan deskubritu zuen zine–mundua; hala, esparru horretan zerbait egiten saiatzea erabaki zuen. Bartzelonara joan zen, Europara Madril baino irekiagoa zegoela iruditzen baitzitzaion eta dokumentalei buruzko masterra burutu zuen. Eta kurtso amaierako (2000–2001) lan moduan dokumental bat egin zuen bertan. Euskal Herrira itzuli eta beste lanen artean, 2007an Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean irakasle lanetan hasi zen. Zuzendari moduan, dokumentalak jorratu ditu batez ere, The gas man (2001), Un tal Eusebi (2003) Laberinto de mentiras (2004) eta Dirty Martini (2009). Baina zine esperimentala ere egin du, ?Mañana la vida será mejor que hoy? (2008) eta Ice Dream (2009). Gainera, fikzioa ere landu du: El viaje de Elsa (2007), Lo bakarrik (2008).