528 Zenbakia 2010-04-16 / 2010-04-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Edizioz edizio, Huhezinema

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Huhezinema Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen ekimenez sortutako jaialdia dugu. 2010eko apirilaren 27tik 29ra bitartekoan burutuko diren ekimenen artean film laburrak eta dokumentalak proiektatuko dituzte, besteen artean. Aurtengoa, hirugarren edizioa izango da. Aldaketak, edizioz edizio Argazkia: Daniel Leininger

Huhezinemaren jaiotza 2008an eman zen, baina zer dela eta? Iban del Campo Huheziko irakasle eta zinemagileak aipatu digunez, “hezkuntza aldetik esperimentu bat izan zen, eta laugarren mailako 30 ikasleentzat karreran ikasitako hainbat gauza praktikan ipintzea zen gure helburua”. Hala, film jaialdi xumea antolatu zuten, “eta lau departamentu sortu genituen edozein jaialditan lez –Komunikazioa, Programazioa, Finantziazioa eta Produkzioa; hauek, ikasleen ardurapean zeuden, eta nire lana 30 neska–mutilak koordinatzea zen,” gaineratu digu Ibanek. “Emaitzarekin oso pozik geratu, aurrera egitea pentsatu eta urteroko hitzordu bilakatzera animatu ginen.”

Modu horretan, 2009ko ikasturtean ere ez zuen hutsik egin Huhezinemak. “Edizio berria ere aurrenekoaren antzera joan zen, baina lehenengo urteko arrakasta ikusita, programazio aldetik handitzera jo genuen.”

Hirugarren urteari dagokionez, antolakuntza eta jaialdiaren izaeraren aldetik aldaketa eman dela adierazi digu zinemagile arrasatearrak. “Bere izaera propioa eman nahi izan diogu, ikasleen parte–hartze hori hobeto koordinatzen saiatu...”

Aurreko bi urtetan ikasturte osoko ikasgaia zen. “Hirugarren edizio honetan aldiz, Huhezinema laugarren mailako ikasleentzako bigarren lauhilekoko aukera askeko ikasgaia izan da. Era berean, ikasleen parte–hartzea mugatu da, 12 soilik direlarik. Horrekin, ikasleen motibazio handiagoa lortzen dela iritzi diogu, beraiek baitira animatzen direnak izena ematera.” Eta irakaslearentzat ere koordinatzea errazagoa bilakatu da edizio berrian.

Programazio aldetik, lehenengo urteko eskemara itzuli direla esan digu del Campok. “Bigarren edizioan rally bat antolatu genuen, baina aurten behintzat, ez dugu horrelakorik egingo. Gure asmoa urtero ikasleek karreran egiten dituzten fikziozko film labur zein dokumentalak aurrenekoz publikoaren aurrean proiektatzea izango da. Gainera, bi mintegi burutuko ditugu, euskal zineman esperientzia duen jendearekin. Eta Huhezinemak edukiko duen hirugarren atala lehiaketa ofiziala da: Euskal Herrian egindako azken film laburrak hartu, aukeraketa bat egin eta sari banaketa ekitaldi batekin emango diogu amaiera.”.

Parte hartzaile eta antolatzaileak, guztiak hirugarren edizioaren zain dira. Lanen emaitza, 2010eko apirileko azken astean.