529 Zenbakia 2010-04-23 / 2010-04-30

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Béatrice Urruspil. (Idazlea): Gauza alaiak benetako bizitzarako atxikitzen ditut

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Akaso bateren batzuk superstiziosoak izango zarete; Béatrice ez, eta hamahiru zenbakiari ez dio erreparo handirik. Hain zuzen ere, dozena gehi bat dira liburuan jasotako kontakizun laburrak. Ez da Euskonews Gaztearen orrietara idazle bat ekartzen dugun aurreneko aldia, baina oraingo kasua berezia da, baxenafar honen aurreneko liburuak argia ikusi berri baitu. Guk literaturaren mundura salto egin berri duen emakumearen esperientzia ezagutu nahi izan dugu lehenengo pertsonan.

Gazteluma irabazteak zure aurreneko liburuak argia ikustea ekarri du. Nolatan animatu zinen lehiaketan parte hartzera?

Duela hamar urte gogoa piztu zitzaidan zer edo zer euskaraz publikatzeko. Garai hartan Bordelen nengoen Arte Ederretako karrera burutzen eta klaseko lan baterako testu batzuk idatzi behar nituen eta argazkiekin hornitu; noski, kasu hartan frantsesez egin behar izan nuen sormen lana. Baina oraindik ere euskaraz zerbait egiteko premia sentitzen nuen barrenean; hala eta guztiz ere, esan behar dut momentu hartan ez nuela euskara aski ongi menperatzen. Izan ere, ttipitan amarekin hitz egiten nuen, baina alboratuta eduki dut urtez batzuez. Hizkuntza berreskuratzeko unea iritsi zela erabaki nuen, AEKn sartu eta nire testuetako batzuk euskaraz sortzen hasi nintzen. Horrez gain, euskal lizentzian ere bagenuen kurtso bat Ur Apalategirekin, eta zenbait idazki egin behar genituenez, praktikatu nuen pixka bat. Ondorioz, Gaztelumaren deialdia ikusi nuenean, pentsatu nuen izena ematera ausartu behar nintzela, aukera polita baitzen ikasitakoa praktikan ipintzeko. Biziki pozik nintzen irabazi nuela esan zidatenean. Ondoren, urtebete nuen liburua idazteko, eta ongi zen, momenturen batean zalantzaren bat edukiz gero hor baitzen epaimahaia niri laguntzeko prest. Ezbairik gabe, esperientzia biziki ona izan da.

Gaztelumak gainera, Ipar Euskal Herriko gazteak euskaraz idaztera bultzatzea du xede.

Bai, eta kontuan hartu behar dugu euskarak hemen bizi duen egoera larria dela, jende gutxik hitz egiten baitu, eta gazteen artean oraindik eta gutxiago erabiltzen da. Zehazki hori da asmoa, gazteak euskaraz idaztera atrebitzea, eta gainera irabaziz gero, gehiago animatzen zaitu. Nire kasuan gainera burura etorri zitzaidana hauxe izan zen: tira, ez naiz Haritschelhar bat, baina hala ere, pertsona batzuek euskaraz idazteko gai naizela pentsatzen badute... Garrantzitsua da jendea animatzea. Argazkia: Anonymous Account

Aurreneko liburua izanda, nolakoa izan da esperientzia?

Hasieratik banekien ipuinak idatzi nahi nituela. Gaia aukeratzerako orduan, bakardadea landu dut eta oso zabala denez gero, istorio ezberdinak sortu ditut aniztasuna adierazi asmoz. Orokorrean esanda, lehenengo aldia izan da serioski zerbait idazten ipini naizela, eta egia erran, momentu batzuk anitz onak pasatu ditut, baina bestetan zalantzak ere banituen, denetarik egon da. Suposatzen dut idazle guztiei gertatuko zaiela hori!

Bestalde, urtebeteko epea nuen liburua idazteko, eta inspiraziorik ez edukita ere, idatzi behar nuela banekien. Bestaldetik, zenbait istorio kontatzerako orduan, biziki intentsiboa zenez gero, ezin nuen egiten ari nintzena alde batera utzi eta beste kontakizun batekin hasi, bukaeraraino iritsi beharra sentitzen nuen.

Bakardadea gogorra da. Zergatik ez duzu gai alaiago bat aukeratu?

(barre) Egia esateko, gauza ilunak idaztea gustuko dut, eta uste dut gauza alaiak benetako bizitzarako atxikitzen ditudala! Bestaldetik, gure gizartean besteekiko ezberdina izanez gero, errealitateari aurre egitea biziki zaila dela ohartu naiz, edota gure ahuleziak erakustea ere ez da erraza, eta askotan bakardadean bizi gara horren ondorioz. Ezin ditugu gure benetako sentimenak erakutsi maiz. Gainera, egun oraindik jende ugari baztertzen dugu, artean ere perfektuak garela erakutsi behar baitugu.

Moduren batean egoera hori salatu nahi izan al duzu Gizaki Bakartiak liburuarekin?

Baietz esango nuke. Idazterako momentuan beti eduki ditut buruan istorio horietako protagonistak, eta haien sentimendu eta emozioak agerian ipini nahi nituen, maiz ez baita horretaz hitz egiten.

Hamahiru kontakizun labur horietan, beste horrenbeste bakardade mota jorratu dituzu...

Halaxe da. Fobia dutenak, pertsona bereziak, zorotzat hartuak direnak... Batzuetan zaila egiten zitzaidan pertsona baten azalean sartzea, eta gaiak ere ilunak zirenez gero, are eta gehiago. Baina horietatik gehien kostatu zitzaidana, IHESa pairatzen duen emaztearen ipuina idaztea izan da, zalantzarik gabe.

Enpatia bidez nire liburuko pertsonaiekin identifikatzen saiatunaiz, beraien buruan sartuz. Nahiz eta kontakizun gehienak asmatuak diren, badaude zenbait elementu autobiografiko –ezagutzen nauenak identifikatuko ditu! Azken batean ez da zaila norberaren bizitzako zer edo zer erabiltzea bakardadearen gaia tratatzeko, uneren batean edo bestean denok sentitu baikara bakarrik, ezta? Sentimendu orokorra eta unibertsala da. Argazkia: Bert K

Eta nola egin diezaiokegu aurre bakardadeari?

Esate baterako, nire liburuko pertsonaia gehienak pasiboak dira, eta norbait beraiengana laguntzera joan arte itxaroten dute. Eta uste dut ez dela horrela jokatu behar, indarra egin behar duzu beste pertsonengana gerturatzeko; azken batean, haiek ez dira zu baino hobeagoak, eta beraiek ere sufritzen ahal dute nahiz eta ez duten erakusten maiz. Bestaldetik, gizarte indibidualista samarra garenez gero, sarritan ez dugu albokoari zer gertatzen zaion erreparatu nahi izaten eta tristea da.

Liburua idazteko aurreneko esperientzia honen ondoren, baduzu errepikatzeko asmorik?

Behin liburua kaleratuta ipuin bat idatzi nuen... baina momentuz alboratuta daukat! Egia da biziki zaila dela, aurretik nahiko nuke hizkuntza mailan hobetzea. Noski, batzuetan gogoa edukitzen dut beste liburu bat idazteko, baina oraindik ez dakit Gizaki Bakartiari jendeak nola erantzungo dion! Aurrena jendearen erantzuna ikusi nahiko nuke, eta gero gerokoak!

Esaguzu, zer da zuretzako idaztea?

Justu momentu honetan, kontraesan bat! (barre) Bakardadeari buruz idatzi dut bakardadean! Halere, esperientzia aski berezia da, izan ere, munduari buruz idazten duzu, baina horretarako isolatu egin behar zara... Gainera, idazten duzunean aske zara, eta botere bat baduzu nahi duzuna idazteko, istorio bat asmatu dezakezu hasieratik amaierara arte. Biziki atsegina izan da indar hori edukitzea, kontuan hartuz errealitatean izaten dugun eskumen maila askozaz baxuagoa dela.

Jendeari esango nioke idatzi nahi baduela ausartzeko, zinez esperientzia berezia eta interesgarria baita. Norberaren burua hobeto ezagutzeko eta aldi berean inguratzen gaituen munduari beste modu batez begiratzeko balio du. Norbaitek denbora libre apur bat badauka, ez lotsatu eta animatu idaztera, nahiz eta norberak irakurtzeko bakarrik izan. Béatrice Urruspil (Donapaleu, 1975) Baxenafarra da Béatrice Urruspil. Goi mailako ikasketak egiteko txanda iritsi zitzaionean, maletak egin eta Arte Ederrak estudiatzera abiatu zen Bordele aldera eta denetarik landu du eremu horretan: pintura, eskultura, bideogintza... Ondoren, Baionan euskal lizentziatura bat egitera animatu zen. Lan esparruari dagokionez besteak beste, irakasle moduan aritu da. Egun, elkarte batean dihardu lanean eta arte erakusketak antolatzeko egitekoa du bere gain. Ipar Euskal Herriko gazteen artean euskaraz idaztea bultzatzen duen Gazteluma lehiaketaren irabazlea izan zen Béatrice eta urtebeteko lanaren ostean, 2010eko martxoan, Gizaki Bakartiak liburua publikatu du.