Euskonews Gaztea
Gaiak: Daniel Landartekin jardunean
DELABACA, Benjamin LEEMANS, Ainara OLASO, Mathias VALLERO, Simon
Donibane Lohizuneko Dona Maria ikastetxeko lantaldea
Daniel Landartek ez du aurkezpenik behar. Idazle baxenafartar honek liburu anitz idatzi ditu, denak euskaraz, Euskal Herrian fama handia lortuz. Horretaz gain, egun Euskal Kulturaren Erakundearen zuzendariordea da. Daniel Landart.
Euskarazko klasean bere liburua “Ahien ahula” irakurri dugu, eta horren kari, gure ikastegirat etorri da, gure galderak erantzuterat.
Noiz hasi zara idazten? Eta zergatik?
Gazte–gazterik hasia naiz, 17–18 urte nituela. Nire buruari apustu edo desafio bat bota nion : kapaz ote naiz artikulu bat idazteko? Horrelaxe hasi nintzen.
Bakarrik euskaraz idazten duzu? Zergatik?
Bai bakarrik euskaraz idazten dut, lehenik, ene ama–hizkuntza baita eta uste baitut frantsesa baino hobeki menperatzen dudala.
Zer generotan idatzi duzu?
Bereziki antzerkiak idatzi ditut –dozena bat– eta denak antzeztuak izan dira, bat salbu. Kantu hitzak ere egin ditut, batez ere “Errobi” taldearentzat; gainera, Mikel Laboak ere “Zure begiek” poema musikatu zidan.
Zenbat liburu idatzi dituzu?
Sei. “Hogoi urte”, “Aihen ahula” (3 edizio), “Erranak erran”, “Batita Haundia”, “Anaiaren azken hitzak” eta ikerketa lan bat “Bertsularitza”.
Idazten duzu liburu bat orain?
“Aihen ahula ” liburuaren berriz idazten hasia naiz. Zati batzu beste molde batez kondatuko ditut eta liburua osatuko dut ere, ene biziko lehen 25 urteak aipatuz. Daniel Landart, ikastetxeko neska–mutilekin hizketan. Argazkia: Lantaldeak ateratakoa.
Irakurtzea maite duzu?
Zorigaitzez ez dut behar nukeen bezainbat irakurtzen.
Idazle famatuak ezagutzen dituzu?
Euskal Herriko idazle famatu guziak pertsonalki ezagutzen ditut.
Helbururik bazinuen idazten hasi zinenean? Baldin bazenuen, lortu dituzu?
Lehen helburua, nihauri frogatzea idazteko gai nintzela. Bestalde, gazte–gazterik talde politiko batean sartua nintzen eta abertzale ideiak zabaldu nahi nituen ene antzerkien bidez bereziki. Helburu batzu lortu ditut, bai, baina pena handi bat badut : ez aski idatzirik euskaraz!
Zer egiten duzu idazteaz aparte?
Aurten egiten du 50 urte lanean hasia naizela. Osasun eskasez, ez nituen ikasketa luzeak segitu ahal ukan eta beraz 14 urtetan hasi nintzen lanean. Hogeita bost urtez aritu naiz inprimerietan eta beste 25 urtez euskal kulturgintzan. Idaztea ez da sekula ene ofizioa edo lanbidea izan. Ez dut larunbat eta igandetan baizik idatzi edo/eta eri nintzelarik, egunak eta egunak etxean egon behar bainuen sukarrarekin borrokan... ‹‹Daniel Landarten biografia, Euskonews Gaztean››