Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Manu Egaña Txopitea. (Ekintzailea eta taldeen coach-a): Dirua irabaztea ez du izan behar motibazio bakarra
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Testua eta argazkiak
Zure curriculumari erreparatu eta hasieran nondik hasi ere ez nekien... Laburbilduta, jendearekin harremanetan egotea gustuko duzu.
Halaxe da! Zenbait saiakeren ostean, Psikologia egitera animatu nintzen –zenbatetan entzungo ote nuen etorkizunik gabeko karrera zela...– eta benetan diot, inoiz egin dudan hauturik onena izan da, pilo bat gustatu baitzitzaidan, bai ikasketa aldetik, baina baita unibertsitate zein bizi genuen giroagatik. Kooperatiba aukeratu nuen proiektua burutzeko eta giza baliabideen arloan aritu nintzen; nahiz eta gustuko izan, etorkizunera begiratu nuen eta banekien bazegoela beste zerbait nire zain.
Hala, parte–hartze prozesu batzuetan hasi nintzen lanean eta ikaragarri gustuko eduki nuen esperientzia hura. Gauzak aldatzeko grina sentitzen nuen barruan, eta aukera eduki nuen 2007ko hauteskundeetan Oñatiko politikagintzan sartzeko; programa politikoak egiten ibili nintzen, komunikazio arloa ukitu...
Eta urratsez urrats gaur arteko bidea egin duzu. Ibilian, Team Academy ezagutu zenuen.
Madrileko psikologo batekin, XXI. mendean gure lanbidean dabilen norbaitek zer nolako gauzak egin ditzakeen gogoeta burutu nuen. Ordurako ezagutzen nuen Team Academy –Finlandiako unibertsitate barruan erabiltzen den metodologia bat, besteen artean, Enpresaritza irakasteko/ikasteko– eta benetan erakartzen ninduen zerbait zen. Zortea eduki nuen, ezen justu Bilboko Tecnalian metodologia horrekin lanean hasiko zen talde bat ipini zuen martxan, eta izena eman nuen. Bederatzi gazte elkartu –psikologia, ingeniaritza, turismoa, ikus–entzunezko zein marketinaren ingurukoak, besteak beste– eta 2008an Manahmana kooperatiba sortu genuen (ni 2009ko apirilera arte egon nintzen bertan).
Gauza bat aitortu behar dizut, niri gehien gustatzen zaidana, proiektuei hasiera ematea da, martxan ipini eta funtzionatzen duela ikusi ondoren, nolabait aspertu egiten naizela esango nuke. (barre)
Argi eta garbi, Manahmana eta gero, Entropia sortu baitzenuen.
Egia esan, Team Academy ezagutu nuenean, Finlandian bertan ekintzailetasunarekin lotutako master bat egin nuen, eta nire asmoa horretara bakarrik enfokatuta egongo litzatekeen proiektu bat martxan ipintzea zen. Bestaldetik, ezagupen teknikoa baneukala jakin banekien, baina esperientzia falta zitzaidan. Nire bazkide Josetxo Jimenez aurretik ezagutzen nuen eta Entropia izeneko proiektu polit hau sortu genuen.
Wikipediak dioenez, Entropia –termodinamikaren ikuspegitik– sistema batek izan ditzakeen azpiegituren kopurua eta azpiegitura horiek izateko duten probabilitatea azaltzen duen magnitude fisikoa da. Zerikusirik badu horrek egiten duzuenarekin?
Bai, bai! Nik beti chaortic erabiltzen nuen kaosa ordenaren barruan adierazteko. Baina Josetxori ez zaizkio anglizismo horiek atsegin, eta esaten zuen gauza bera izendatzeko bazegoela hitz bat, Entropia. Termodinamikaren arloari aplikatuz, gauza bera esan nahi du; azken batean, unibertsoa gauza oso kaotikoa da, baina orden bat dago funtzionatzen duela ikusten baita.
Eta horren harira, guk proiektu bat martxan ipintzeko nahiko entropikoak izan behar dugula ulertzen dugu. Hau da, zerbaiti hasiera emateko esaterako, udaletxera jo behar dugu, eta gauzak beti oso zurrunak direla ohartuko gara, hala nola, bigarren urtean zenbat fakturatzea espero duzu? moduko galderak egiten baitizkigute. Horrelako egoerak kudeatzen ere jakin behar direla iritzi dugu Entropian eta laguntzeko hiru urrats plantatzen ditugu.
Iratzarri, Sortu, Lagundu.
Horixe. Iratzarri, langabe edo beraien bizitzari buelta bat eman gura diotenei eskainitako tailer bat da eta ekintzaile izatea eta ekintzailetasuna zer den adierazten diegu. Beti argazki berdina erakutsiz hasten naiz nire mintzaldia, hau da, purua erretzen, kapela buruan eta trajea soinean duen txerri baten irudia. Zergatik? Karrera amaitzean ekintzailearen ikuspegi hori neukan, fabrika baten ugazaba kapitalistarena, hain zuzen.
Baina denborak erakutsi dit beste mota bateko ekintzaileak ere badaudela, eta horregatik, erakusten dudan bigarren argazkia Karlos Argiñanorena da. Pentsatzen dut gure gizartean erreferente argia dela, CAF–en aritu zen lanean baina benetan atsegin zuena sukaldaritza zen; bi apustu serio egin zituen, eta ongi atera zitzaion. Gainera zinea ere gustuko du eta film pare baten agertu da... Adibide polita da pasioa den zerbait ogibide bihurtu duelako; posible dela erakutsi digu.
Maiz ez du horrela denik ematen ba... Egia da gizarteak jarraitu beharreko bidea markatzen digula sarritan. Gainera askotan ez gara animatzen dirua galtzeko beldurragatik; baina ezin dugu ahaztu bizitza bakarra daukagula eta probatu egin behar dela.
Jarrai dezagun Sortu eta Lagunduri buruz hitz eginez.
Sei tailerrekin osatuta dago Sortu eta maiz egitasmoren bati ekin ahal izateko irakasten ez diren gaiak jasotzen ditugu: Proaktibitatea, Lidergoa, Gatazkak konpontzea, Orientazioa, Baloreak eta Zalantzen Gestioa.
Azken urratsa Lagundu litzateke, hau da, taldeko coaching prozesu bat. Guk Entropian ekintzailetasun komunitateak sortzen ditugu, normalean, egitasmo ezberdinak dituzten pertsonekin. Hau da, egon daiteke loradenda bat ireki nahi duen pertsona, edo software denda zein komunikazio enpresa zabaldu nahi dutenak... Guztiek jarraitu beharreko prozesua berdina da eta zalantza berdinak edukitzen dituzte. Denak batera lanean ipintzea, beraien dudak elkarri kontatzea eta ahal dugun neurrian laguntzea, biziki garrantzitsua da. Maiz espezie arraroa izango balira bezala sentitzen dira.
Entropiatik atentzioa eman didan beste kontu bat, honako esaldia da: Proiektuak vs Pertsonak.
Horrekin esan gura dugu maiz pertsonei baino proiektuei ematen zaiela garrantzia handiagoa, eta alderantziz beharko luke. Adibide bat ipintzearren, AEB sarritan ez dira jarraibide ona izaten, baina kasu honetan bai. Enpresa baten barruan egin dituzun hanka–sartze kopurua positibotzat ikusten dute, zuretzako esperientzia bat izan baita eta suposatzen delako zerbait ikasi duzula guzti horretatik.
Hemen aldiz, proiektu bat martxan ipintzen baldin bada, funtzionatu behar duenaren sinonimotzat hartzen da, eta estatistikek argi erakusten dute hiru saialdi beharrezkoak direla horretarako. Nahiz eta poliki–poliki aldatzen ari den egoera, politika publikoek oraindik ere proiektuen aldeko apustua egiten jarraitzen dute. Guk pertsonaren alde egiten dugu, proiektua martxan ipini eta saiatu aurrera eramaten; gizon edo emakume horren ADNn lan egiteko gogoa idatzita baldin badago, ez bada aurreneko egitasmoa ere, bigarrena aterako du, ez eduki presarik.
Denbora daramagu hizketan, eta iritsi da ekintzailearen figura deskribatzeko unea.
Ekintzailea ez da soilik enpresa bat sortzeko ahaleginetan ari dena. Ekintzailea izan daiteke bere auzoan musika talde bat eratu nahi duena, eta Gobernuz Kanpoko Erakunde bat martxan ipintzen duena... Hau da, lanerako beste modu bat barneratuta daukana eta proaktibitate hori berezkoa duena, taldean lan egiteko gai dena... zabala da ekintzailearen figura.
Eta dirua irabaztea baldin bada pertsona batek proiektu bat abiatzeko daukan motibazio bakarra, ez du askorik lortuko. Beraien inguruan zerbait aldatzea beharrezkotzat jo eta horretarako sorturiko ekimenak dira mundu mailan arrakasta edukitzen ari diren gizon–emakumeak. Noski, bideragarritasun ekonomikoa eduki behar du horretatik bizitzeko asmoa daukazulako, baina garrantzitsua da benetako pasioa eragiten dizun hori bilatzea, zure denbora librea eskaintzeko prest egongo zinatekeen zerbaitetan aritzea.
Ezbairik gabe mugitu beharrak definituko luke beraz, gure protagonista.
Pentsatu 27 urte dituzula eta pare bat urtez toki berean beharrean aritu ondoren, langabezian geratu zarela. Zer egiten duzu? Hamaiketan jaiki, kafetxo bat hartu, ikastaroren batetan izena eman... Ados, baina horrela ez duzu gauza handirik egingo. Berriz, proiekturen bati buelta bat eman, enpresa desberdinatera joan... Agian lanposturen baterako deituko zaituzte lekuren batetik, geldi egon beharrean mugitu egin zarela ikusi baitute. Aktiboa izan behar duzu, ezinbestean.
Langabezia horren altua den une honetan, ekintzaile sena ateratzeko une egokia dela uste al duzu?
Momentu ona beti da. Baina egia da egoera hobeagoetan igerilekura salto egin edo ez zalantzan egoten garela; krisialdietan, ez zaigu ekintzaile izatea besterik geratzen. Denbora luzean ideia bat buruan bueltaka eduki arren martxan ipintzera animatu ez diren pertsona ugari ezagutu dut, eta beraien burua lanik gabe ikusi dutenean soilik eduki dute horretarako indarra.
Halere, nahiago nuke jendearen bizi–baldintzak hobeak balira, eta barruan daramagun ekintzaile sena norberak nahi duelako azalaraztea, eta ez horrenbeste beharrak bultzatuta.
Gaur egun denetarik dugu eskura. Originalak izan beharko gara arrakasta eduki nahi badugu?
Askotan proiektu berritzailea egiteko asmoa dutela esaten digute gurekin ibiltzen direnek. Eta nire galdera da, zer da berritzailea izatea? Teknologia aurreratua edukitzea edo informatikarekin lotutako zerbait egitea? Fruta–denda bat ere izan daiteke!
Akaso berritzaile izateak teknologia orain arte aplikatu ez diren esparruetan baliatzea esan nahi du. Artisautzaren kasuan adibidez, gaur egun merkatua Gipuzkoan beharrean, Europan aurkituko dugu, lehen baino errazagoa baita zuk egindakoa beste herrialdeetan saltzea. Komunikatzeko edo saltzeko moduari dagokionez originaltasuna bilatzea ez da zaila eta sare sozialak ere hor daudela ezin dugu ahaztu...
Lehen talde lana aipatu duzu, eta badakit Entropian ere sustatzen duzuen zerbait dela. Gizarte indibidualistan bizi garela diotenez, derrigor ikasi behar!
Garrantzitsua da benetan taldean lan egiten jakitea. Unibertsitatean ere talde lana bultzatzen dutela esaten dute... Baina gai bat bost pertsonei ematen zaie, bakoitzak atal bat lantzen du eta ez dago ez talde lanik eta ez ezer. Noski, badira taldean norberak lidergoa hartu behar duen momentu batzuk. Baina ezin dugu ahaztu talde batean zaudenean sortzaileagoa zarela bakarrik zaudenean baino, edota proiektuaren nondik norakoak kide guztien artean finkatu behar direla... Sarri ez dugu hori nola egin jakiten eta horregatik landu beharreko zerbait iruditzen zaigu.
Eta talde lana garrantzitsua den moduan, ezin dugu konpetentzia alde batera utzi. Adibide bat ipiniko dizut. Tabernaria zara eta alboko tabernariarekin liskarra daukazu besteak gehiago irabazten duelako. Ez al du ikusten besteari ongi joanez gero, zuri ere ongi joango zaizula negozioa? Maiz ikuspuntu altruistago bat edukitzea falta zaigu. Beharbada ez epe laburrera, baina denborarekin diru kontuei dagokienez, baita giza erlazioei dagokienez ere irabazten irtengo zara
Pazientzia beharrezkoa da orduan.
Ez dakit pazientzia den, iruditzen zait kolokan egote hori nola kudeatu jakitea dela funtsezkoena. Gauzak ondo egiten badituzu eta zure inguruan harreman sare sendo bat josten baduzu, iritsiko dira emaitzak, segituan ez bada ere, hilabete edo urte betera agian. Esperientziak esan dit, jendea zutaz gogoratzen dela beste zenbait egitasmo aurrera eramateko.
Nori dago zuzenduta Entropia?
Taldeak geroz eta heterogeneoagoak izan, orduan eta hobeto. Hogeita hiru urteko gazte batetik, berrogeita hamabost urteko emakumera; ingeniari batetik, ikasketarik gabeko pertsonetara. Nik pentsatzen dut edozein dela ekarpenen bat egiteko gai.
Bestalde, Entropiaren baloreetariko bat belaunaldi arteko nahasketa da, Josetxo eta nire artean ere 20 urteko diferentzia baitago! Horrek, munduari begiratzeko modu desberdinak dakartza, aberatsa benetan. Taldetan ere, gazteak daukan ilusio hori nagusien esperientziarekin lotzea polita da; eta gainera, helduari askotan falta zaion ausardia ematen dio gazteak.
Zure hitz egiteko eragatik sumatzen dut kaosaren barruan ordena mantentzen luzaroan jarraituko duzula!
(barre) Entropian ez zait beste proiektu batzuetan moduan gertatu, hau da, martxan ipini ostean beste zerbaiti hasiera emateko beharra sentitzea. Nire proiektua beti berdina izan arren, uneoro nago egitasmo desberdin batetan buru–belarri sartuta –aholku–emaile edo coach moduan. Ez dira nireak, baina ilusioa ematen didate. Bestaldetik, Entropiaz gain beste zenbait lanetan ere ari naiz; hori da ekintzaile izateak ematen dizun askatasuna, gustuko duzun beste zerbaitetan sartzeko posibilitatea.
Badaukat ideia bat buruan, baina ez nago ziur aurrera eraman ala ez.
Gomendioak emateko onena ere ez naiz, baina argi daukadana bihotzak esaten dizunari beti jarraitu behar diozula, bai ikasketa zein lanari dagokionez... Buruari kasu egin behar zaiola egia da, baian maiz bihotzari entzungor egiten diogu, eta kontuan hartu, bizitza osoa baldintzatu dezakeela gure erabakiak. Eta bidaiatu; zure burua ezagutu eta daukazuna hobeto baloratuko duzu. Manu Egaña Txopitea (Oñati, 1981) Leku askotan bizi izan da Manu Egaña, baina dioenez, geroz eta argiago dauka oñatiarra sentitzen dela. Bertan jaio zen arren, bizitzako gorabeherak medio, Kanariar Irlak, Madril, Buenos Aires eta Hendaian heztera eraman zuten. Baina hamazortzi urte zituenean Oñatin bizitzen ipini zen, eta Goi Mailako ikasketak egiten hasi zen Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, nahiz eta urtebete soilik iraun zuen bertan. Ingalaterra aldera abiatu zen 2000.urtean, Manchesterrera eta lan egiteaz gain pentsatzeko aukera ere eduki zuen: benetan gustuko zuena, jendearekin lan egitea zen. Itzuli eta Erizaintza Geriatriko Laguntzaile ikasketak egin zituen, hala, Oñatiko egoitzan aurreneko mutila izan zen; oso gustura aritu zen beharrean uda batez. Psikologia ikasi zuen Donostian (2001–2007); bigarren urtetik aurrera ikasle kontseiluko kidea izan zen, eta horren ondoren EHUko ordezkaria izan zen eta Estatu mailan bai Europan aritu zen kargu horrekin. Askotariko lanetan aritu da: Fagor Ederlan, Zahor Txokolateak, Manahmana kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen (2008–2009) eta ondoren Entropia sortu zuen (2009).