530 Zenbakia 2010-04-30 / 2010-05-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gotzon Barandiaran. Idazlea

AGIRRE, Uxue ARANBURU, Jone GOITI, Ismene LARRAÑAGA, Mireia MONTIEL, Jon

Bergarako Aranzadi Ikastola (Batxilergoko 1.go maila)Argazkiak: Gotzon Barandiaranek utzitakoak



GOTZON BARANDIARAN ARTEAGA euskal idazlea 1974an jaio zen. Oraingoz bi liburu idatzi ditu, Arrakalak eta Katamalo. Susa argitaletxeko bazkide da eta Bihotz Bakartien Klubeko (BBK) partaide. Poesia–liburu hauek proiektu berri batera eraman dute. Poesia eta musika uztartzen dituen loturatik sortu da BBK, eta hainbat emanaldi egin dituzte azke bost urteotan.

Zeure lehenengo liburua 2004an kaleratu zenuen. Zer nolako harrera eduki zuen?

Arrakasta neurtzeko, argi eduki behar dugu euskal literaturaren zenbakiak zeintzuk diren. Nik, adibidez, Susa argitaletxearekin atera nuen Arrakalak nire lehenengo poesia liburua. Normalean 1000 ale argitaratzen dira –tirada handia da hori– eta horietatik lehen behintzat, 250 Eusko Jaurlaritzak berak erosten zituen. Beste 750ak kalera ateratzen, eta nire kasuan, denak saldu ziren. Beraz, lehendabiziko liburua izanda, nahiko arrakasta izan zuela esan dezaket, Euskal Herrian irakurtzen den poesia kontuan hartzen badugu.

Eta poema liburu horrek beste proiektu batera eraman zintuen.

Guk Larrabetzun badaukagu Bihotz Bakartien Kluba deitzen den talde bat. Literatura eta musikazaleen artean sortu genuen. Poesia, musika eta irudia nahasten zituen hiru ikuskizun egin genituen. Arrakalak liburua oinarri hartuta, izen bereko zuzeneko emanaldi bat egitea pentsatu eta ia bi urtez aritu ginen herriz herri.

Leku batzuetan taula gainean gehiago egoten ginen ikusten zeudenak baino, baina hori normala da Euskal Herrian. Hala eta ere, nahiko emanaldi eskaini genituen –gutxi gorabehera hogeita hamar– eta hori asko da guretzako. Ezezagunak izanda, asko da.

Zein da Bihotz Bakartien Klubaren helburua?

Xede nagusia euskal literatura eta euskal poesia zabaltzea da. Gure ustez, gutxi ezagutzen delako, belaunaldi berriek geroz eta gutxiago ezagutu eta gutxiago erabiltzen dutelako. Beste helburuetariko bat, mitoak baztertzea da. Alde batetik, poesia arraroa, ulertezina eta aspergarria dela esaten da. Gure ustez, hori esatea bizitza aspergarria dela esatea da, azkenean, poesia bizitzari buruzko literatura baita, eta ondorioz, dagoen literaturarik sakonena, poesia egitean oso barrura begiratzen baituzu. Eta arraroa dela? Nik uste ezetz. Izan ere, poesia idazten dugunok pertsona guztiak bezalakoak gara. Gainera, oso ondo pasatzen dugunez aurrera jarraitzen dugu.

Zerk bultzatuta sortu zenuen BBK?

Zaletasunak motibatu ninduen. Larrabetzu herri txikitxo bat da, 1960 biztanle inguru ditu. Bertan, gaztetxe bat dago duela berrogeita bost urtetik, Kukubiltxo antzerki taldea ere bertakoa da... Beti egon da kultur mailan kezka handia eta literaturak ere izan du bere lekua, Toti Martinez de Lezea ere bertan bizi da, badago mugimendu txikitxo bat literaturaren sorkuntzaren inguruan, eta ez bakarrik literaturaren inguruan, musikan ere. Musika eskola pribatu bat ere badago. Eta Larrabetzuko gazte ugarik instrumenturen bat joten du, pianoa ez bada soinua, biolina... Orduan esan genuen, ikasitako hori zergatik ez genuen kaleratzen. Hori zen ideia. Baita atzetik datozenek gure antzeko bidea har dezatela.

Katamalorekin ere berdin gertatu zen. Momentu jakin batean esan behar nituen gauzak idatzi behar nituen. Geroago Berri Txarrakeko Gorka Urbizu etorri zen, berak egindako kantuekin kontzertu batean mila lagun elkartzea lortu genuen, eta hori ez genuen espero. Ondo amaitu genuen eta etorkizunerako ateak zabalik ditugu.

Noizbait espero zenuten horrelako arrakasta izatea?

Guk arrakasta Katamalo egin dugunetik izan dugu, ez lehenagotik. Baina, guretzako arrakastatsua, eskaintzen duguna kalitatezkoa, ganoraz egindakoa eta entzuleak gustura sentiarazten dituen obrak izatean datza. Gure ustez, kantitateak ez du arrakastarekin zerikusirik. Gaur egungo gazteek entzuten duten musika kantitatean oinarrituta dago; geroz eta jende gehiagok musika hori entzun, orduan eta arrakasta handiagoa du, nahiz eta kalitatez negargarria izan. Gu pozik ibili ginen, ez ginen kantitateari begira egoten. Horretara bazoaz, hobe ezer ez egitea.

BBKren abiapuntua hitza izan zen, baina gerora musika ere gehitu diozue proiektuari.

Kontutan hartu behar da ordu eta laurdeneko emanaldi batean publikoa ez aspertzeko zerbait erakargarria egin behar dela. Edo zure testua oso ona da, eskenatoki gainera irten eta poemak errezitatzean publikoarengana heltzeko gai zara; edo musikaren laguntzaz zure obra helarazi dezakezu. Hala ere, hori ez da berria, ez da guk bakarrik egin dugun zerbait. Hau da, Iparragirre poeta zen eta bere poesia kantuen bidez zabaltzen zuen. Musikak, azken batean, jendearengana errazago hurbiltzeko aukera ematen du; bestaldetik, denok ez gara literatur sortzaileak eta musikariak ere badaudenez, elkarlan horretatik sortutakoa da gure taldea.

Katamalok amaiera izan duela esan genezake?

Ez, egingo dugu beste zerbait. Taldea Bihotz Bakartien Kluba (BBK) da eta nik Katamalo liburua idatzi nuen. Euskadi Gaztea BBK esan beharrean, Katamalo esaten hasi zen, beraz jendeak nahastu egiten zituen. Azkenean, izen politagoa duenez, gure artean ere Katamalo deitzen bukatu dugu, baina, berez, taldea BBK da.

Liburuetara itzuliz, Arrakalak plazaratu zenuen lehenengo, Katamalo ondoren. Hurrengo libururik egongo da?

Ikusiko dugu zer etorriko den. Kontatzeko zerbait dudanean idatziko dut. Baina, oraingoz, ez dakit poesiarik gehiago idatziko ote dudan...

Eta ez al zara narratibarekin animatzen?

Bai. Oraintxe zertxobait idazten ari naiz eta udarako amaituta edukiko dudala uste dut. Erabakita neukan jorratu nahi nuen gaia eta ohartu nintzen ezin nuela poesia eran kontatu, eta horregatik aukeratu dut narratiba.

Euskal literatura egoera onean dagoela uste duzu?

Sorkuntza aldetik nik uste dut baietz, gaur egun geroz eta kalitate handiagoko literatura egiten dugula. Orain literatura ulerterrazagoa egiteko moda bezalako bat sortu da, eta uste dut hori ez dela onuragarria, hizkuntza pobretu egiten duelako eta ezin dugulako eguneroko jardunean eta literaturan hiztegi berdina erabili. Eta hizkuntza pobretzeak euskaraz pentsatzeko gaitasuna gutxitzen du, eta modu horretan, espainolera edo frantsesera jotzen dugu. Hori oso arriskutsua izan daiteke, baina mugimendu handia dago, izan ere, irakurle talde handia dagoelako, eta alde horretatik, osasuntsu dagoela esango nuke.

Bestalde, euskaldun askok euskal literaturaren gainean oso gutxi dakite –euskarako liburuetan irakasten digutena–, literaturari beharrean beste gai batzuei garrantzia ematen zaielako; hori kezkagarria da. Sorkuntza mailan ez dago krisirik, krisia ezagupen eta zabaltze mailan dago, eta diskurtso mailan gauzak hobetu behar direla iruditzen zait.

Gazteen artean gutxi ala asko irakurtzen da?

Datuak hor daude eta oso gutxi irakurtzen dela adierazten dute. Gazteoi nola irakasten diete zer den literatura? Uste dut gaur arte hanka sartzen handia egon dela esparru horretan: hizkuntza lantzeko tresna, sintaxia, sinonimoak, esaldiak beste era batera esan... Literatura beste modu batean jorratu behar da. Lehen esan dudan bezala, literatura bizitza ulertzeko tresna baita. Eta gazteen intereseko gaiak dituzten liburuak badaude –drogak, maitasuna, adiskidetasuna, bakardadea, lana, ikasketak.. . Baina liburu bat irakurtzera derrigortzen bagaituzte, paso egiten dugu.