531 Zenbakia 2010-05-07 / 2010-05-14
Derrigorrezko galderarekin ekin behar diot elkarrizketari: zer da zuretzako musika?
Ditudan beharrak komunikatzeko tresna bat dela esango nuke. Egunero gauzak ikusten eta bizitzen ditugu, eta horrek sentimendu bat sorrarazten du pertsonarengan. Ia guztiok sentitzen dugu hori kanporatzeko beharra eta musikak ikaragarri laguntzen du egiteko horretan. Metodo psikologiko bat modukoa da, gauzak norberarentzat gorde barik, munduari helarazteko bidea. Ondorioz, gure buruak hobeto ezagutzeko baliagarria da.
Nik gitarra erabiltzen dut adierazpenerako, baina halere, noizean behin bateriarekin edo teklatuarekin ere saiatzen naiz! (barre) Egia esan behar badut, ez dut imajinatzen nire bizitza musika barik.
Oroitzen al duzu gitarra aurrenekoz hartu zenueneko aldia?
Hamabi edo hamahiru urte nituenean izan zen, eta hasieran ez nuen gitarra klasikoarekin etxean arazorik eduki, gero gitarra elektrikoa erosi eta bestelako aurpegia ipini zuten! Gogoan dut lehenengo anplifikadorea erosi nuenean balkoian ipini eta plazako jende guztiarentzat jotzen hasi nintzela.
Eta jazza izan omen zen Bartzelona aldera joatearen “errudun” nagusia...
Gasteizen bizi nintzenean jazzarekin txoratu nintzen eta ohartu nintzen bertan ez zegoela hori ikasteko aukerarik. Hala, Bartzelona aldera etortzea erabaki nuen, eta hemen bai, nire saltsan aurkitu nintzen. Gainera, mundu osoko jende ugari ezagutu dut eta giro paregabearekin topo egin dut, zorionez.
Eta izena eman zenuen, non eta Liceu entzutetsuan. Nolakoa izan zen esperientzia?
Nik berez “Aula de M?sica” izeneko akademian eman nuen izena, baina gerora Liceuk bereganatu zuen eta haren barruan dago gaur egun.
Ikasi dudan bakarra, zoazen eskolara zoazela ere, bakoitzak bere bidea egiten ikasi behar duela da, zuk egin behar duzula dena. Ez naiz eskolaren oso laguna, kalean zein ikastetxean bertan ezagutu dudan jendearengandik gehiago ikasi dudala esango nuke. Teoria gehiegi eta praktikarik apenas egiten genuen, pentsa! Aldatu egin beharko litzateke hezkuntza sistema hori... Halere, helmuga bat finkatu eta haraino iristeko jarraitu beharreko urratsak zeintzuk diren ikasi nuen.
Utz ditzagun ikasketak eta hel diezaiogun musikari. Zer dela eta sentitu zinen jazzagatik erakarrita?
Hasieran rocka eta punka entzuten nituen, ez pentsa! Halere, gitarra jotzen hasi nintzenean, gorputzak musika estiloetan apur bat gehiago sakontzea eskatzen zidan, disko pare bat hartu nituen eta intrigatu egin ninduela aitortzen dut. Baina estiloak ez du horrenbeste ardura, musika ona baldin bada, eta zerbait mugitzen baldin badizu barnean, garrantzitsuena lortu duzu. Gainera, aberatsa da denetarik entzutea!
Zirrara horrek eraginda eta zaletasun berdina zuten lagun batzuk elkartuta Slum Quarter taldea sortu genuen Gasteizen. Jazza eta funkya fusionatuz aritzen ginen taula gainean. Halere, amaitu zen etapa hori ere; egun taldeak The Basics dauka izena.
Eta Bartzelonan zaudenetik, nola dago zure musikari fazeta?
Egia esan orain jazza gutxien lantzen dudan musika mota da, nahiz eta ikaragarri gustuko izaten jarraitu! Talde ugaritan nabil, besteak beste, reggae estiloa lantzen duen Green Valley zein rock–katalana egiten duen Jaumet izeneko artistarekin; horrez gain, funkya eta jazza ere jotzen dut beste lagun batzuekin. Ikusten duzuenez, estilo aldetik denetarik egitea atsegin dut.
Rock katalana aipatu duzula, geurearen berdina al da?
Egia esan ez, nahiko desberdinak dira. Katalunian rock deitzen dutena, euskaldunontzako pop estiloa litzateke. Esan genezake apur bat pattalagoa dela erritmoei dagokienez.
Musikari gisa beste proiektu batzuk lantzen dituzula ere iritsi zait belarrietara...
Bai. Izan ere, musikaria izatea zaila da, eta beti egon behar da taldeekin jotzen, klaseak ematen... Irteten den edozeri heldu behar zaio soldata eskuratzeko! Behintzat zortea daukat gustuko dudana egiteko aukera daukadalako.
Eta diozun moduan proiektu ezberdinetan nabil buru belarri, eta horietariko bat Itziar Rekalde ipuin kontalariarekin batera burutzen dudana. Bazituen istorio batzuk prestatuta bere emanaldietarako eta komentatu zidan ondo egon zitekeela musika sartzea.
Garai hartan, abesti nahiko bitxi batzuk sortu nituen jendaurrean jotzeko bereziak izan zitezkeenak, eta CD batean grabatuko nizkiola esan nion. Halere, Itziarrek nahiago zuen kontakizun bakoitzean zuzeneko musika egitea, eta proba egin genuen.
Berak ipuina kontatzen zuen, eta nik esaten zuena beste hizkuntza batetan –musikaren bidez– errepikatzen nuen. Ikuskizun polit bat irten zen –jendearen erantzuna bikaina izan da– eta aurrera jarraitzea erabaki genuen. Hala hasi ginen “Zer ez nuke egingo nik zure maitasuna lortzeko” saioarekin.
Aurretik prestatzen al duzu musika?
Ez, inprobisatua da. Eta hori azken batean hitz egitea moduan da. Hau da, txikitatik berba egiteko hitzak eta horiek erabiliz esaldiak nola egin ikasten dugu... Eta musikarekin berdin, hitzak beharrean notak ikasten ditugula salbu! Batzuetan erraz ateratzen zaizu kantua, bestetan apur bat gehiago kostatzen da. Baina egia da niri musikan gehien gustatzen zaidana inprobisatzea dela, eta eroso sentitzen naiz horrela lan eginez ere..
Dokumentalak ere musikatzen dituzula badakit...
Kasualitatez hasi nintzen lagun baten bitartez. Lan honetan eta ipuin kontaketetan egiten dudanaren artean, izugarrizko lotura dago. Azken batean, ahozko narrazioak zein irudiek diotena beste modu batean esatean datza.
Musikarientzako galdera konplikatua ei da, baina hor doa. Nola ikusten duzu SGAE eta Interneteko musikaren arteko auzia?
Oso konplexua da. Alde batetik, musika egiten duen jendeak oso zaila dauka horretatik bizitzeko eta bestaldetik, SGAEk musikariak laguntzen dituela uste izatea ere ez da egi–egia. Badago gizartean artistengan pentsatuko duen halako erakunde baten beharra, baina zintzo jokatzen duen bat izan beharko luke.
Halere musika egiten dudanean jendeak entzutea da nahi dudana, eta horretarako Internet da modu erraz eta azkarrena da.
Aitortu, badaukazu norbaitekin bereziki jotzeko gogoa?
Egia esan pertsona on batekin joko nuke, edozein estilotan. Izan ere, ikaragarri gustatzen zait ondo eramaten naizen jendearekin taula gainera igotzea eta emanaldia eskaintzea. Ez dut besterik eskatzen. Niretzako eszenatokian egotea entzulearekin komunikatzeko modu bat da, elkarrekin konpartitzen dugun momentu berezi bat.
Pertsona askoren iritziz bidaiatzeak aberastu egiten du norbanakoa. Konde–hirian bizitzeak zer ekarri dizu?
Batez ere jende asko ezagutzea; mundu guztiko jendea egotea –ikasle aldetik batik bat– benetan aberatsa da. Gainera, aukera pilo bat dago, edozein ordutan eta edozein egunetan, edozer gauza aurki dezakezu.
Bestalde, Bartzelonan oso jatetxe onak daude, eta hori asko gustatzen zait. Gainera, jazz kontzertuak eskaintzen dituen Djamboree aretoa ere toki berezia da. Halere, uste dut hiriko kaleak direla bertako gauzarik onena; auzo Gotikotik zein Rabaletik paseatzea hautu ona izan daiteke. Ander Larrea (Gasteiz, 1981) Arabako hiriburuan jaio zen Ander Larrea eta Duranako Ikasbidea Ikastola Institutuan zein Koldo Mitxelenan burutu zituen ikasketak. Musikagatik erakarrita sentitu da gazte–gaztetatik; azkenean, 2002an Bartzelona aldera jo zuen musika ikasketak burutzeko asmoz eta Liceu entzutetsuan aritu da. Egun dokumentalak musikatzen dihardu eta gainera, zenbait musika talderekin igotzen da Kataluniako taula gainetara, esaterako, Green Valley, eta Jaumet musikariarekin. Baina Euskal Herrira etortzea ere egokitzen zaio, Itziar Rekalde ipuin kontalariarekin batera aritzen baita Zer ez nuke egingo nik zure maitasuna lortzeko ikuskizunean zuzeneko musika jotzen. Eta antzezlan batetarako musika sortzen dihardu azken aldian.