531 Zenbakia 2010-05-07 / 2010-05-14
Haurren prostituzioa herri aberatsetan geroz eta gehiago hedatzen da, bereziki duela 30 urtetatik. Sei urtez goragoko haurrak hunkituak dira, eta bataz besteko adina prostituzioan sartzean, 13 urtekoa da. Horrez gain, batzuetan haurrak Interneten bidez argazki pornografikoetan proposatuak dira: gehiengoak 12–18 urte artean du, nahiz eta gertatzen den zortzi urtetik peko haurrak izaitea, baita ñiñiak ere! Argazkia: D Sharon Pruitt
Bestalde, herri aberatsetako prostituzioa, zailtasun handietan diren kategoria sozialetan hedatzen da, eta Europari doakionez, Ekialdeko ohizko blokeko estatuetan gehien bat.
“Hors la Rue” elkartearen deskribapena: Hors la Rue 7/9 Domrémy karrika 75013 PARISE Tel: 01.42.96.85.17 Fax: 01.42.96.85.70 contact@horslarue.org
Hors la Rue deklaratua den elkarte bat da, 1901eko legeak agindurik. Hors la Rue apolitikoa da (=iritzi politiko gabekoa), erlijio gabekoa eta ez da organismo publiko edo pribatu baten menpe. Helburutzat du bakartu edo egoera larrian diren adingabe atzerritarrak laguntzea, norabide–gabean direnak, bereziki errumaniar gazteak. http://www.horslarue.org/index.php
Lekukotasun bat sortzeko, elkarteko partaide bat deitu dugu eta informazio zehatzak eman dizkigu. Hona hemen Hors la Rue elkarteko Julian hezitzaile Errumanofonoaren lekukotasuna:
Informazioa nun atzemaiten duzue ?
Ainitz mugitzen gira, tokian bertan atzemaiten dugu informazioa. Horretarako, Pariseko (hiri horretan dugu lan egiten) toki zehatzak aztertzen ditugu, erran nahi baita, prostituzio guneak; hauek, geltokien inguruan, Sex Shop delakoen ondoan, toki historikoetan (Montmartre, Pigalle adibidez),... aurkitzen dira. Ondotik, gure lanaren gakoa behaketa da, izigarri garrantzitsua da ongi begiratzea zer gertatzen den, nor, nongoak,... kontaktuan sartu aintzin gazteekin.
Bestalde, informazioa lortzen dugu ere beste elkarteengandik, adibidez Amical du Nid: azken honek Bois de boulogne edo Gare du nord guneak bereziki lantzen dituenez, errumaniar edo Europa ekialdeko gazteei buruzko datuak emaiten dizkigu eta gu horren arabera mugitzen ahal gira.
Zer adin dute eta nola laguntzen dituzue gazteak?
Prostituitzen ikusi dudan gazteenak 11/12 urte zituen, eta guk 18 urte artekoei laguntza eskaintzen diegu. Laguntza proposatzeko, bi aterabide ditugu zuzenean karrikan harremanetan sartuz gure itzuliak egiterakoan:
Lehenik, gazte horiei gure egoitza eta elkartea aurkezten dizkiegu, baita elkarteko aktibitateak; Egoitza zentroa= –Bitartekaria karrikarekin
Konfiantza gune bat da; haien istorioa eta familia aipatzen ahal duten tokia; nahi dutenaz mintzatzen ahal diren zentroa; antzerkia praktikatzeko posibilitatea dute: askeak sentitzen dira, adierazpen eskubidea dute, norberaren konfiantza xerkatzen dute,... Frantseseko kurtsoak hartzen ahal dituzte ahozkoa, baita idatzizkoa ere lantzeko; jokoak egiten ahal dituzte...
Bigarrenik, ez badute onartzen egoitza integratzea, karrikan bertan aktibitate edo tailerrak sortzen ahal ditugu (adibidez futbolean jostatu)
Bestalde, egoera izigarri larrian aurkitzen ditugun gazte aldenduak babesten ahal ditugu ere Haurraren babesa (“Protection de l'enfance”) deituz, egoera izigarri ezberdinak aurkitzen ahal baitira tokien arabera.
Lortzen ahal dituzu informazioak Euskal Herriari buruz ?
Ez, gure lana Parisen eta “Île–de–France” eskualdean zentratzen baita, eta haurren prostituzioa gehienbat Europako hiri handietan aurkitzen baita.
Nola sortzen ote dira prostituzio–sareak herri aberatsetan ? Nork ?
Guk dakigunez (errumaniarrentzat), aberastasunak ditu erakartzen, eta ez dakigu zinez sareak daudenez, ez dugu egiazki jakiten ahal nola muntatua den trafiko hori. Hala ere, segur da bi prostituzio mota agertzen direla:
a) Nesken prostituzioa alde batetik. Guk hau ez dugu lantzen ahal (edo oso gutti), izigarri konplikatua baita. Hala nola, mafiosoek sareak sortu dituzte dena untsa antolatuz: neska gazteak gordetzen dituzte hoteletan edo Sex Shop–etan adibidez, egunez arraroa da kanpoan neska gazteak ikustea eta usu tokiz aldatzen dituzte inguruan ez dudarik sortzeko, ez eta loturak sortzeko bertako pertsonekin. Horrez gain, maiz mafiosoen buruzagiek gazteak haien jatorrizko herrietan hartzen dituzte Europako herri aberatsetara eramaiteko.
b) Beste alde batetik, mutikoen prostituzioa (lantzen duguna). Guttiago antolatua denez, erresagoa zaigu harremanetan sartzea mutiko gazte horiekin gure laguntza proposatzeko; hau da, sare horiek lagun eta familiaren bidez sortzen direlako, ahotik belarrira zabalduz.
Gazteak nundik datoz eta nola trafiko horretan sartzen ote dira ?
Gurekin harremanetan sartuak direnak, Errumaniatik datoz haien herriko arazo ekonomikoengatik eta pobreziarengatik. Baina orokorki Europako ekialdetik heldu dira, diru arazoei aurre egiteko, batzuetan familia laguntzeko ere.
Lortzen ote dute gaitz horretatik ateratzea ?
Bai, batzuek lortzen dute, baina horretarako ingurune horretatik osoki atera behar dira. Hala ere, gaztearen araberakoa denez, batzuetan beste batzuetan baino erresagoa da: dependitzen du honen egoeraz. Gaztea trafikoan gehiegi sartua balin bada, diru ainitz irabazten balin badu (adibidez 1000? asteka) edo bere inguruneko jendeek afektiboaren bidez atxikitzen badute, orduan hor izigarri zaila da laguntzea.
Gure laguntza eskaintzen diegu irizpide batzu errespetatuz: gaztea aldentzen edo isolatzen dugu trafikoko jendeekin ez dezan gehiago harremanik ukan, eta bereganako (baita gureganako) konfiantza ber–irabaz dezan posible zaiguna egiten dugu antzerki tailerrak edo frantseseko kurtsoak proposatuz, adibidez. Gure lehen helburu nagusia da konfiantza har dezan bere baitan. Ondotik, dependitzen du gazteaz, batzuk berriz trafikoan erortzen dira ez baitute familiarik (beraz ez diru iturririk), eta beste batzuk biltokietan edo egonaldi zentroetan sartzen dira.
Zure ustez, badea elkarte edo laguntza aski adingabe horientzat ?
Ez, argiki agertzen da laguntza eskaintza oso ahula dela: Parisen gu gira elkarte bakarra zuzenean gazteekin harremanetan sartzen dena karriketan bertan, itzuliak eginez, behatuz,... Gainera, adingabeen biltoki gutti daude gazte horientzat, eta are guttiago Larrialdietako tokiak zentroetan. Guk itzuliak egiten ditugu hirian astero edo bi astero. Beraz medio eskasa nabari dela segur da.
Besterik...
Errumaniar gazteek kontsideratzen dute haien “lana” ez dela prostituzioa, dirua irabazten baitute, beraz aktiboak direla. Aldiz haien arteko batzuk prostituitzen direlarik zerbaiten truke (janaria, bizitoki, jantzi,...), orduan pasiboak dira. Horrek erran nahi du dirua irabazten dutenean “ongi ikusiak” direla. Bestalde, gazteentzat haien bezeroa da prostituitzen “gigolo” delako bat baita.
Julianek dioen bezala, kasu gehienak hiri handietan aurkitzen dira, baina hemendik hurbil ere gerta daitezke, ondoko artikulu honek aipatzen duen bezala.
Euskal Herrian 97 haur trafiko batean sartuak:
2002 eta 2006 urteen artean, Euskal Herrian, 97 haur eta nerabe tratu txarren biktimak izan dira ONG “Save the children”–en arabera.
Elkarte batek, biktima horiek identifikatzeko desmartxa bat egin du.
ONG–k adierazi du, mundu osoan, 1.2 milioi haurrek tratu txarra jasaiten dutela urteka, eta azpimarratzen du, 2002–2006 urteen artean, Espainian, 2.749 adingabeko biktima izan direla. Hauetako 97 Euskadin (44 Bizkaian, 16 Araban eta 37 Gipuzkoan).
Haur hauek esplotazio sexualerako erabiliak dira, hala nola prostituzioa, pornografia... edota lan ilegalak egiteko. Kasu larrienetan, haien organoen trafikoa egiten da.
Ororen buru, Espainian, zigor legeak ez direla aski zorrotzak ohartzen gira, Europako beste herrialde batzuekin konparatuz, Suitza eta Danimarka bezala adibidez, non 10 urteko zigor kondena emaiten den.
Hona guk egindako webgunea