Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Pantxika Telleria. (Koreografoa): Umeek ondo pasatu behar dute dantza mundua maita dezaten
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Argazkiak: Pantxika Telleriak utzitakoak
Azken aldian koreografo moduan zabiltzan arren, aurretik dantzari izan zinen, eta estilo anitz probatutakoa gainera! Beraien artean bateragarriak al dira?
Egia da ni euskal dantza, jazza zein klasikotik pasatu naizela eta estilo guziak berdin maitatu ditudala; hau da, diziplina batean zein bestean gustura ibili naiz. Gainera, uste dut beraien artean osagarriak direla.
Adibidez, niretzat klasikoa bat–batean egin nuen aurkikuntza izan zen, eta denak harrituak ziren deskubritu eta urtebetera dagoeneko Pariseko kontserbatorioan nengoelako. Uste dut euskal dantzen bidez eskuratu nuen koordinazioa benetan garrantzitsua eta lagungarria izan zela bide hori egiteko. Klasikoak duen historia halakoxea ere bada, hau da, besteen artean, euskal dantzatik asko hartu duela.
EliralEn ere estiloak nahasten dituzue, bai eta arte eszeniko ezberdinak ere...
Ni ere ez naiz lotsatzen beharren arabera bat edo bestea erabiltzen. Esate baterako, bagabiltza datorren urterako ikuskizun bat prestatzen, eta asmoa, jauntziek dantzari ekartzen diena haurrei erakustea da; janzteko manerak mugimendua baldintzatzen duela argi dago –XVII. mendeko emazte batek jantzi behar zituen arropekin edo gaur egunekoekin, ez luke egun berdin dantzatuko! Halere, euskal dantzak euskal jantziekin soilik dantzatu daitekeela esateak ez dauka zentzurik egun. Garai hartatik abiatuz, testuingurua lantzen hiru dantzari ipini ditut, eta bertan, euskal dantzaren esentzia presente egongo da, nahiz eta ez izan estilo puruan.
Bestaldetik, baditut lagun anitz arlo ezberdinetan dabiltzanak, eta horien lanak ere baliatzen ditut nire sormenetan. Adibidez, idazle baten liburu batetik abiatuta, antzerkia eta musika nahasten zituen ikuskizuna ipini genuen martxan; Joselu Berasategi antzezlea ezagun nuen eta antzerki mota bat egitera iritsi gara bere eskutik. Otto ikuskizuneko momentu bat.
Esango nuke dantzak beti eduki duela lotura musikarekin, baina gutxi berriz, antzerki munduarekin. Gure berezitasuna da, nire iritziz, parte desberdinei irekita gaudela.
Uste dut badakidala erantzuna, baina imajinatzen al duzu zure bizitza dantzarik gabe?
Egia errateko ez! Parisen egin nituen bost urteak benetan gogorrak izan ziren, eta belauneko arazo batengatik kanpoan geratu behar izan nuen. Dantza denbora batez ahantzi eta bizimodu berri bat antolatu nuen, eta baliagarria suertatu zait garai hartan eginiko guztia egun daukadan bizimodua eramateko. Alde batetik, ez dut irudikatzen nire bizitza dantzarik gabe, baina bestaldetik, edozein gertaera txikik dena alda dezakeela kontuan hartu behar da.
Paris aipatu duzula eta, zein oroitzapen duzu egonaldi hartaz?
Oso gaizki pasatu nuen! Familia hamahiru urte nituenean utzi behar izan nuen eta horrek, oso fite handiarazi ninduen. Gainera, nesken arteko giroa txarra zen benetan; eskerrak baziren mutikoak! Arnasa hartzen genuen, haiekin ez baikinen konkurrentzian! Irakaslea ere... Baina egia da kontserbatorioak izugarrizko teknika eman zidala eta dantza munduan barneratuta dauden lagunak ere atxiki ditut.
Bestaldetik horren gazte izanik ere nola bizi eta egoerei nola aurre egin irakatsi zidan, eta eskerrak, bestela mundu horretan guztiz galtzen zara. Lan handia egin behar izaten genuen, bertan genbiltzan guztiok eskolako lanak korrespondentzia bidez eramaten baikenituen. Hala, sarritan sei orduz dantzan aritu ondoren –baita igandeetan ere– etxeko lanak egin behar izaten genituen. Eta eskerrak nire gurasoak urrun egon arren, beti hor zeudela antzina egin eta ikasketak ez uzteko indarra emanez.
Izan ere dantza zein beste diziplina batetara soilik dedikatu gabe, intelektualki aurrera egitea funtsezkoa dela iruditzen zait, indibidualki heztea berebizikoa baita gure bizitzan.
Eta noiz ohartu zinen dantzatzea baino, kudeaketa lanak gehiago gustatzen zitzaizkizula?
Zerbait aitortuko dizut, txikitatik dut gustuko! (barre) Egia errateko, amak esan zidan dantza arloan aritu nahi izanwz gero Pariseko kontserbatoriora joan beharko nuela, eta ados egon ginen. Bertan dantzatzen ikasi nuen, mundu horretan mugitzen, baina ez nuen sekula nire burua dantzari gisa ikusi; niri gustatzen zitzaidana sorkuntzak egitea zen, eta kudeaketa arloa beranduxeago ikasi nuen. Otto ikuskizuna.
Kudeaketa diogu, baina zertan datza zure lana?
Nondik hasi! (barre) Hasteko esan behar dut niretzako plazer hutsa dela nire ogibidea!
Bestaldetik, ikuskizunean pentsatuz hasi behar da, taula gainean nor egongo den eta norekin lan egin nahi duzun erabakiz. Uste dut pintore batek zer pintatu eta zein margo erabili erabakitzea moduan dela. Hots, aukeratzen duzun pertsonaren arabera, ikuskizunari kolore berezia eman ahal diozula iruditzen zait.
Hori hasierako lana litzateke, eta gero, denok bildu eta afera ahalik eta hoberen eramaten saiatzen gara; benetan lan atsegina suertatzen zait eta zinez gustuko dut. Eta bestalde, konpainia txiki bat izanik, administrazio lanak ere gure gain daude. Hala, esango nuke bai sormen eta baita administrazio lana burutzen ditudala, eta ontsa da.
EliralEren emanaldiak, bestalde, publiko anitzari eskainitakoak izaten dira. Pentsa dezaket ez dela berdina izango haur zein helduentzako ikuskizunak prestatzea, ezta?
Hala da. Baina nik beti gauza bera eskatzen dut nire lanetan; beti ari naiz arintasun baten bila eta begiratzen dut nola uztartzen ahal den euskal gaiarekin; nondik gatoz, nora goaz... Pixka bat filosofikoa ere banaiz! Gero, ikuskizuna zein publiko motari zuzendua izango zaionaren arabera, bidea desberdin egiten da.
Bestaldetik, umeen mundua aski interesgarria iruditzen zait, ez baita oraindik arlo honetan publiko hezi bat, eta normalki beraien aurreneko piezak izaten dira, hau da, aurreneko kontaktua emanaldi artistiko batekin. Zure gain geratzen da ardura hori; hots, beraiek ongi pasatzea nahi duzu etorkizunean mundu hau maita dezaten. Baina gainera, energia handiz erantzuten dute; gustatzen bazaie topera daude, eta beraien atentzioa galduz gero berriz, segituan daude beste nonbait.
Hala, ordu erdi edo hiru ordu laurden inguruko emanaldia muntatzeko helduentzako ikuskizunean hamar–hamabi memento ezberdin behar badituzu, haurren emanaldirako berrogei beharko dituzu; besteak beste, istorioak daraman erritmoa ez baita berdina izaten. EliralEren Ninika ikuskizuneko momentu bat.
Eta emanaldia ongi doanean, haurren aurpegiak ikustekoak izango dira...
Zoragarria da. Aurreneko aldietan harrituak ginen gustura zeudenean nola begiratzen ziguten ikusterakoan, lanarekin bat egiten baitute eta ederra da eta guretzako betegarria! Publiko helduak beste hainbat gauzei erreparatzen die, taldea handia ote den, lekua nolakoa den, noren ondoan eserita dagoen... Artea arlo sozialarekin nahasten dute helduek, eta haurrek aldiz, ikuskizunari erreparatzen diote soilik.
Niretzako bederen oso–oso interesgarria da gaztetxoen arlo hori lantzea. Gainera, Frantzia mailan bederen, haurren esparruak jatekoa ematen dizu, umeekiko oso kezkatuak baitaude –zentzu onean– hezkuntza artistikoa izan dezaten, esaterako. Hala, guk ere proba egin genuen ikusle mota horrekin lan eginez, eta gustura sentitu ginenez gero, sakontzea erabaki genuen.
Umeei zuzendutako emanaldi horietan, zeureak izaten al dira aurreneko epaileak?
Bai, eta ez da publiko errazena! Hau ez dut maite ama, beste hura gustukoago dut! Proiektua eta bertan parte hartzen duten pertsonak ezagutzen dituztenez gero, benetan zorrotzak izaten dira! (barre)
Benetan ikuskizunekin disfrutatzeko, barnean daramagun haurra atera beharko genukeela ondorioztatzen dut...
Zalantzarik gabe! Baina halere, ez soilik antzoki batera goazenean, ezen iruditzen zait bizitzako momentu guztietan egin beharko genukeen zerbait dela. Azken batean haurrak orainan bizi dira, ?momentu honetan eta hementxe? da beraien leloa.
Eta zein da zure kasua? Hau da, emanaldi batetara joaten zarenean, umeen antzera gozatzen duzu edo koreografoa zaren aldetik begirada kritikoarekin joaten zara?
Biarritz Culturen nintzelarik emanaldi asko eta asko ikusten nituen –urtean ehun bat– eta nire lana zenez gero, hasi eta bost minutura arreta beste zerbaitetan ipintzeko gogoa sentitzen nuen. Akaso ikuskizun hori neuk muntatu nezakeela pentsatzen nuelako maiz... Sarritan nazkatua amaitzen nuen saioekin!
Gaur egun berriz, askoz gutxiago ikusten ditut, eta askoz gehiago disfrutatzen dut. Denbora behar duzu emanaldi batera joateko, eta zaila egiten zait batzuetan dantza ikuskizun batera joatea, ezen nire bizia ere horretan zentratzen baita egunero. Hala, nahiago izaten dut kontzerturen batera joatea, esaterako; bai deskonektatzeko, baita dantza ikustera joaten naizenean benetan gozatzeko ere. Baina kasu horietan ere, neutro–neutroa izatea ez da erraza. Pantxika Telleria (Donibane Lohizune, 1972) Pantxika Telleria dantzari lotuta hazi zen. Begiraleak euskal dantza taldeko kide izan zen aurrena; 11–12 urterekin jazz mundura egin zuen salto, eta handik berriz, klasikora. Estilo horrek eraman zuen hamahiru urte eta erdi zituenean Pariseko Kontserbatorio Nazionalera eta lau urtez ikasi zuen bertan. Halere, belauneko lesioa izan zuen eta horren ondorioz, Euskal Herrira bueltatu zenean, ikasketa tradizionalei heldu zien. Batxilergoa pasata, Bordelera joan zen Espainola eta Euskara ikasi zituen, eta berriz ere dantzatzeko gogoa sartu zitzaion; aukera bazeukala ikusita, dantza–irakasle diploma atera zuen. 1994etik dabil lanean, hala nola, euskal dantzak irakatsi ditu; kronikak idatzi ditu Euskaldunon Egunkariarentzat; Biarritzeko Kultur Zerbitzuan hamar urtez aritu zen. Bertan ikusi zuen agian konpainia bat sortzeko aukera eduki zezakeela eta hala animatu zen 2001ean EliralE sortzen. Ordutik, publiko anitzari eskainitako ikuskizun ugari burutu dituzte. Pantxikak gainera, beste zenbait talderekin kolaboratu du, hala nola, Jon Maya buru duen Kukai Dantza konpainiarekin