534 Zenbakia 2010-05-28 / 2010-06-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Han, hemen, edonon, sexismoa

ARRANZ, Gonzalo KAMIRUAGA, Jokin MUÑOZ, Miren

Begoñazpi ikastolako ikasleak



Nahiz eta azken hamarkadetan sexismoa asko gutxitu; lan handia egin behar da arlo horretan eta jadanik hasi zen berdintasunerako bidea jarraitu behar dugu. Gure gizartean betidanik egon dira intolerantziarekin lotutako arazoak eta azken hamarkadetan murriztu diren arren, gure eguneroko bizitzan bizirik irauten dute. Sexismoaren eta emakumearen historia laburbilduko dugu era zabal batean adibide batzuk emanez; horreratarko, hasiera–hasieratik ekingo diogu, historiaurretik. Argazkia: filtran

Garai hartan, gizonezkoa zen familia edo taldearen buru, gizonak ziren ehizan joaten zirenak, emakumeek umeak zaintzen zituzten... Garai honetako berri askorik ez daukagu; beraz, bakoitzak pentsa dezala nahi duena. Hori bai, antzinaroko egoera baino tamalgarriagoa zen. Antzinaroan, filosofo batzuen ustez, gizona baino ez zen gizaki eta emakumeak gizonentzat sortutako objektuak ziren; gizonek jolas gisa hartzen baitzituzten emakumeak. Hitz gutxitan laburbilduz, emakumea ez zen pertsona. Sexismoa izugarria zen garai hartan; baina zoritxarrez, morala zen, ondo ikusita zegoen. Mendeak pasatu ahala egoera hori hobetuz joan da; emakumeak gizakitzat hartu dira, baina gizonen morroi izanda. Liberalen ideia berriekin eta antzinako erregimenaren behin–behineko suntsipenarekin batera, emakumeen eta berdintasunaren lehen urratsak eman ziren.

Filosofia zein, historia liburuetan, aurkikuntza zientifikoetan... bizitzako arlo guztietan gizona izan da nagusi, emakumeak zapalduta bizi izan baitira beti. Aro Modernoan eta Gaur Egungo Aroan, gizona zen etxetik kanpo lan egiten zuena eta bere lanagatik ordainsaria jasotzen zuena; emakumeak, ordea, etxeko lanak egiten zituen, baina ez zuen ezer jasotzen horren truke, kanpoan lan egiten zuenarentzat lan egiten zuen musutruk. Etxeko lanak egin, umeak zaindu eta senarrari bazkaria eta afaria prestatzea baino ez zuten egiten. Ez zuten euren bizitza bizitzen; emakumeen helburuak, euren senarrenak ziren itxuraz, aske bizi eta euren ideiak eta nahiak adierazi nahi zituzten arren.

Gaur egun, printzipioz, ezberdintasun hori ia desagertu da, ez dago garai bateko ezberdintasunik, eta eskerrakt! Emakumeek boto eskubidea daukate, lan munduan eta politika arloan sartu dira, askatasuna daukate... Egoera konponduta dagoela pentsa genezake, baina ezberdintasuna itzela da oraindik. Nortzuk dira herrialde nagusietako presidenteak? Zein sexutan dago langabezia tasarik handiena? Nortzuk dira kirolari nagusiak? Erantzun bakarra dago, emakumeak galtzaile ateratzen dira. Orain arte emakume iraultzaileek egin duten lana eta borroka, emakumeen eskubideen aldarrikapena alegia, bat–batean kakasteko aukera daukate komunikabideek.

Nahiz eta gehienok ohartu ez, mundu kapitalista honen menpe bizi gara, eta komunikabideek eragin handia daukate horretan. Telebista edo kaleko iragarkiren bat baino ez dugu ikusi behar. Adibide gisa, “La Sexta” kateko “Se lo que hicisteis” programa hartuko dugu. Gainerako telebista kateak kritikatzen dituzte bai, baina eurak dira telebistan agertzen diren sexismoaren adibiderik aipagarriena. Programa horretan agertzen diren emakume guztiak fisikoki ederrak dira (argalak, titiak erakusten dituzte, begi ederrak...) baina tontoarena egin behar dute. Neska katxarroak ezin dira azkarrak izan? Gizonak,ordea, normalak dira; kaleko gizonak, ez daukate inolako ezaugarri fisiko berezirik. Pelikuletan, iragarkietan, telesailetan... ere antzeko kasuak ematen dira. Beraz, gaur egun badago berdintasunik? Argazkia: tearbear

Ez dugu zertan urrutira joan, telebista kontuak alboratuz, gure eguneroko gizarte arazoetan eta giroan sartuko gara. Azken mendeetan eta batez ere azken hamarkadetan izugarrizko aldaketa eman den arren, gaur eguneko gizartean dagoen ezberdintasuna itzela da. Lan merkatuan adibidez, enpresek eskaintzen dituzten lanpostuak ezberdinak dira; aurreko paragrafoan esan dugun moduan, historian zehar emakumeek gauzatu dituzten lanpostuak, gaur egun ere, emakumeeen ekintza dira, baita gizonen kasuan ere. Gizona etxeko buru gisa ezagutu dugu beti; hasiera batean etxera janaria eramaten zuena eta gerora dirua eskuratuko zuena, indartsua, ausarta, familiaren buru edo jabe... Horregatik, indarrarekin lotutako lanak bete ditu historikoki (arrantza, nekazaritza, meatzaritza, abeltzaintza...) Emakumea, ostera, gizonaren morroi edo zerbitzari ezagutu dugu, gizonaren beharrizanak betetzen zuena zen emakumea. Gaur egun ere pentsaera horren aztarnak daude, garbitzaile, idazkari, irakasle, etxeko–andre... gehienak emakumeak baitira.

Orain arte aipatutako ezberdintasuna edo sexismoa kirol munduan ere ematen da. Estatu mailan ematen duten emakume kirolariei buruzko informazioa eskasa da. Nahiz eta kirol munduan jakituna ez izan, 2010eko Espainiako futboleko liga Madril eta Bartzelonaren artean banatuko zela aspalditik genekien. Baina nortzuk dira aurten Emakumeen ligako talderik onenak? Gutxi batzuk dira horren berri dutenak, estatu mailan emakume kirolarien informaziorik ia ez dagoelako. Estaturentzat dominak edo lorpen garrantzitsuak eskuratzen dituztenean baino ez dira telebistan agertzen; Joko Olinpikoetan eta Munduko edo Europako txapelketetan ez bada. Futbolean bezala, gainerako kiroletan ere egoera berdina da.

Amaitzeko, eta ondorio orokor bat ateratzeko, gizarte sexista batean bizi garela ikus dezakegu. Artikulu hau amaitu ondoren telebista jarriko dugu; bertan, matxismo kasuren baten berri izango dugu. Orduan, geure buruari galdetuko diogu: zergatik? Norena da arazoa? Arazoa, berri hori zabaldu dutenena da; komunikabideena, alegia, euren menpe bizi baikara. Alde batetik; toleranteak izan behar dugula, berdintasunaren garrantzia, baloreak... erakusten digute ikastolan edo eskolan. Baina hezkuntzak egiten duen lan hori, komunikabideek zapaltzen dute; hezkuntzak baino indar handiagoa baitute komunikabideek. Eskolan irakasten digutena derrigorrezko ekintza ikusten dute umeek baita gazteok ere. Telebista, ordea, aisialdia da, hainbat aukera dugu bertan. Umeek telebista lagun dute eta irakasleek etsai. Euskararekin antzekoa gertatzen da; euskara nolabai derrigortu egiten digute, eta umeek erdara nahiago dute telebistan eta komunikabideetan agertzen den hizkuntza delako. Euskara jolas eta egunero hizkuntza moduan ikusi beharko genuke, ez derrigorrezko hizkuntza moduan.

Komunikabideek ez dute sexismoan eragina soilik, gure gizartean dauden arazo guztietan sartuta daude. Esate baterako; arrazismoan, intolerantzian, errespetuan, gazteen izaeran, ez–jakintasunean...