Euskonews Gaztea
Gaiak: Aurreiritziak
FERNANDEZ, Ada FRUTOS, Begoña GOROSTIAGA, Maialen LÓPEZ, Miren
Begoñazpi Ikastolako ikasleak
Metroan goazela bi marokoar motxila batekin gure parean jesartzen dira. Zer da berehala burura datorkiguna? Bitxia da marokoarrak delitugileak edo terroristak dirala pentsatzea? Itxuraz, baietz erantzungo geunke, hau da, normaltasunez jokatuko geunkela. Hala ere, egoera erreala izango balitz, seguru asko honeengandik urruntzeko ahalegina egingo geunke, beldurraren beldurrez. Ane Villatek egindako marrazkia.
XXI. mendeko mentalitatea oso irekia dala esatea, beraz, teoria hutsa da, praktikatik oso urruti baikagoz. Badirudi danok alkar errespetatzen dogula eta eskubide bardinak doguzala. Baina, zoritxarrez, ez gara uste dogun bezain toleranteak.
Egunero, konturatu gabe, aurreiritzietan oinarritutako gizartean bizi garala baieztatzen dogu. Etorkinekin azaltzen dogun portaera honen erakusgarri da. Izan ere, kanpotar guztiak gaizkileak dirala, eta beste batzuetan, euren gainetik gagozala uste dogu. Homosexualak be adibide bikaina dira; ez baitago seme/alaba homosexuala izan nahi dauan gurasorik. Ereduen zerrenda bukaezina da: zer iritzi dogu kartzelan izandako pertsona bati buruz? Zergaitik daukie haurdun dagozan emakumeek lana aurkitzeko zailtasun gehiago? Badogu konfiantzarik droga munduan murgilduta egon dan pertsonarengan?...
Teknologikoki aurrerapausu izugarriak egiten badoguz be, gure ideologia, tamalez, ez da erabarritzen erritmo berean. Lehenengo momentuan ikusten dogunarekin gelditzeko ohitura dogu, eta nekez aldatzen doguz uste horreek. Halaber, iritziak ez dira positiboak izaten, kritikak edota mespretxuak adierazten dabez eta. Aurreuste honeek izanik, oztopo ugari jartzen deutseguz euren bizitza berregin nahi daben pertsonei (drogazale izandakoari, preso egondakoari...). Danok eskertuko geunke huts egin ostean, bigarren aukera bat eskainiko baleuskue.
Bestalde, askotan ez gara konturatzen, danetarik dagoala edonon, eta guztiok ez dogula jokaera bera zertan izan. Gure gizarteak edozer orokor bihurtzera jotzen dau beti, baina kasu konkretu bat gertatzeak ez dau esan nahi beti suertatuko danik.
Errespetua, giza–eskubideak, tolerantzia... hainbestetan entzuten eta erabiltzen doguzan hitzak dira, baina oraindik ez dogu honeen benetako esanahia ikasi, ezta praktikan jarri be. Aurreiritziei aurre egiteko, danon lankidetza da beharrezkoa: gurasoek txiki–txikitatik baloreetan hezi behar gaitue; irakasleek, hainbat gai irakasteaz gain, pertsona gisa ere hobeak izaten laguntzen saiatu behar dabe...
Pixkanaka–pixkanaka, aurreiritziak desagertzeko ildora hurbiltzen goaz, baina ibilbidea luzea da oraindik. Lehen esan bezala, aurreneko pentsamenduak alde batera itzi eta ingurukoak benetan (barrutik) ezagutzen saiatu behar dogu. Helburu nagusia aurreiritzi hitza bera be gure lexikotik uxatzea da. Besteenganako errespetua agertzeak eta toleranteak izateak egoerarik arruntena izan beharko leuke.
