536 Zenbakia 2010-06-11 / 2010-06-18

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Julen Gabiria. (Idazlea): Ipuinak dagozkien gizarteen ispiluak dira

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Ipuinak ipuin soilak direla uste al duzu? Zer nolako balioak transmititzen dituzte kontakizunek? Emakume eta gizonezkoek rol aurrerakoiak betetzen dituztela pentsatzen al duzu? Euskonews Gaztean ere galdera horiexek planteatu dizkiogu geure buruari eta Julen Gabiriarengana jo dugu, idazlea eta soziologoa denez gero, bere iritzia jasotzeko. Gainera, duela ia hamar urte horren gaineko ikerketa interesgarria burutu zuen eta gaurkotasunezkoa izanik, solasaldirako gaia nagusitzat hartu dugu oraingo honetan.

Haur literaturako rolak eta gizarte eredu berriak. Ezinegonen batek deituta animatu al zinen ikerketa egitera?

Soziologia amaitzen ari nintzen, eta karrera amaierako proiektua tesina idaztea zen. Hasieratik oso argi neukan nire lana literaturari buruzkoa izango zela, baina hori oso esparru zabala da eta nonbaitetik heldu behar nion. Orduan, konturatu nintzen pertsonaien figura oso esanguratsua izan zitekeela, euren baitan agertzen direlako gizartean inplizituak zein esplizituak diren hainbat ezaugarri. Pertsonaiak diodanean, literatura orokorreko pertsonaiei buruz ari naiz, ez haur literaturakoei buruz soilik. Gertatzen dena da, ikerketa hau egiteko, pertsonaien esparrua ere nabarmen murriztu behar nuela, bestela oso gauza luzea izango zen eta. Beraz, haur literaturako pertsonaietan zentratu nintzen, jakin ahal izateko zein neurritan agertzen diren beraiengan, gizartean hain barneratuta ditugun rolak eta estereotipoak. Izan ere, rolen teoria soziologiak daukan eremu interesgarrienetako bat da niretzat, eta gai horren inguruan karreran zehar ikasitakoa tesina honetan aplikatu ahal izan nuen. Beraz, gustuko nituen bi gai jorratzen nituen: literatura eta rolak.

Espero zenuen emaitza jaso al zenuen?

Ikerketa soziologiko bati ekiten diozunean, beti izaten dituzu aurreiritzi batzuk eta espektatiba batzuk. Horren arabera eraikitzen dituzu hipotesiak, eta gero frogatu behar da hipotesi horiek betetzen diren edo ez. Nik hasieran banituen susmo batzuk, jakina, baina ikerketa baten helburua ez da aurretik dituzun errezeloak frogatzea, baizik eta datu objektibo batzuk plazaratzea, datu horiek zure hipotesiak apurtuko badituzte ere. Argazkia: visualpanic

Labur esateko, nik uste nuena zen pertsonaiek nahiko fidelki islatzen dituztela barruan ditugun rol–banaketak, batzuetan ohartu ere egiten ez garenak baina gehienetan hor daudenak. Eta bai, hipotesi hori bete egin zen.

Mendeetan zehar kontatu diren ipuinek gizon eta emakumeen rolak “oso ongi” bereiztu izan dituzte.

Bai, gertatzen dena da ipuina, eta beste edozein agerpen narratibo, dagokion garaiaren isla dela. Eta zuk diozuna egia da, baina gaia ez da planteatu XX. mendearen amaierara arte, 70eko hamarkadek aldaketa ugari ekarri zituztelako gizartera, eta ondorioz mundu–ikuskera ere aldatu egin zelako. Beraz, ondo dago ipuin tradizionalak gaurko begiekin aztertzea, baina kontuz ibili behar da horretan, garai guztiak ez direlako oraingo berberak izan. Erraza da ipuin tradizionalen rolak aztertzearen tentazioan erortzea, baina garai hartan ez zen gai hau planteatzen. Orain, baina, beste mundu–ikuskera bat dugu, eta tokatzen zaiguna da gaur egiten den literatura oraingo begiekin aztertzea.

Ez didazu esango egun ere joera bera mantentzen dutenik ipuingileek!

Ez, ez da inondik ere joera bera. Gauzak aldatu egin dira, gizartea bera aldatu den bezala. Hau da: haur literaturako roletan egon den aldaketa ez da gauza behartu bat izan, ez mugimendu bortxatu bat: aldaketa naturala izan da. Gizartea aldatzen bada, normala da idazteko modua ere aldatzea, eta alde horretatik argi dago beste joera bat dagoela gaur egun. Edozelan ere, estereotipo askok hor jarraitzen dute, gehiegi aldatu gabe: ez dira agian estereotiporik nagusienak, baina bai detaile txiki asko. Esate baterako, gaur egun, lehen baino neska gehiago agertzen dira protagonista roletan, eta ez soilik jarrera intimista duten roletan, baizik eta jarrera aktiboetan ere bai. Baina, beste alde batetik, bigarren mailako pertsonaietan izaten dira irristadarik handienak, ustez txikiak diren detaileetan: pertsonaien aitak kanpoan egiten du lan eta amak ez du lan jakinik; maisurik ez da agertzen baina bai andere?o ugari; osabak edo aitonak agertzen dira bizimodu alternatiboen ikono gisa, eta ez izebak edo amonak... horrelako gauza txiki mordoa agertzen da ipuinetan. Ipuin tradizionaletatik heredatutako gauzak dira batzuetan, eta inkontzienteki barneratuta ditugun gauzak beste askotan.

Kontziente edo inkontzienteki, baina sexistak izaten jarraitzen dute gaurko literaturagileek?

Sexismoa existitzearen errua ez du literaturak; aitzitik, literatura ispilu moduko bat da, eta horren bitartez gizartea aztertu daiteke. Beraz, gizartean sexismoaren zantzuak dauden bitartean, idazleek, baina beste edozein pertsonak ere, sexismoaren arrastoren bat izango du barneratuta. Idazleok maiz esaten dugu poliziatxo bat izaten dugula geure barruan, zer jarri behar dugun eta zer ez esaten diguna. Polizia horri aurre egitea oso gogorra da, beraz, imajinatu zeinen gogorra izango litzatekeen kanpotik norbait etortzea esanez pertsonaia honen rola lar estereotipatua dela edo emakumezko beste pertsonaia honen ezaugarriak ez direla egokiak... Sexismoa egon badago; gizartean sexismoa dago, eta beraz, literaturan ere bai. Jarrera inkontzientea da, edozelan ere. Julen Gabiriak utzitako argazkia.

Gaur idatzitako ipuin bat hartuko bagenu, nola banatuko lirateke gizon eta emakumeek izaten dituzten rolak? Eta istorioan bakoitzak duen protagonismoa?

Ikerketa burutu nuen garaiko datuak erabiliz, esango dizut, pertsonaia nagusien kasuan, 10etik ia 7 mutilak zirela. Pertsonaia nagusiaren protagonismoari dagokionez, hori da neurria: 7 mutil eta 3 neska. Rolei dagokienez, nik bi arlotan banatu nituen rolak: alde batetik, pertsonaien jarduera, eta bestetik, pertsonaien izaera.

Liburuetako pertsonaia nagusiak haurrak izaten dira normalean, eta beraz, euren jarduera ikasle izatea izango litzateke. Baina hori nesken kasuan betetzen da soilik: neska protagonisten kasuan, denak ziren ikasleak; aldiz, mutil protagonisten artean, ikasleez gain, printzeak, alkateak, abokatuak edo arotzak ere bazeuden. Bestetik, ipuinetako amak etxekoandre gisa agertzen dira testuetan, eta gutxitan zehazten da beste lanbideren bat duten; aldiz, aita bat sukaldean ager daiteke lanean, baina gehienetan argi geratuko da aita horrek aparteko lanbideren bat duela.

Bestetik, eta protagonisten izaerari dagokionez, gehienetan mutilak izaten dira abenturaren nondik norakoak erabakitzen dituztenak, ideiarik bikainenak dituztenak eta abenturan garaile irteteko klabeen jabe direnak. Baina ipuinetako mutil eta neska protagonisten arteko maitasunari dagokionez, neskak dira gehienetan lehen pausoa ematen dutenak, alderdi horretatik mutilak baino helduagoak direla erakutsiz.

Bestalde, neskengan beste ezaugarri nabarmen bat agertzen da, mutilek ia inoiz ez dutena: nesken %12,5 oso arduratia da; aldiz, mutilen %3k baino ez du agertzen ezaugarri hori. Justu alderantzizko proportzioan, erabakiak hartzearen ezaugarria dago: ipuinetako unerik garrantzitsuenetan, mutilak adieraziko du zer den egin beharrekoa, neskaren jarrera zalantzarena eta beldurrarena den bitartean.

Egindako ikerketan, ilustrazioek istorioaren hariak besteko garrantzia dutela diozu?Zer dela eta?

Bizitzea tokatu zaigun garaian, arlo bisualak sekulako indarra dauka. Garai horretan bizi gara, dena begietatik irensten den garaian, eta informaziorik gehiena bide horretatik heltzen zaigu. Hori dela eta, kontuz jokatu behar da hor, eta aldi berean, irudiaren baliabidea sorkuntzarako tresna itzela da, aukera bikainak eskaintzen dituena.

Beraz, haurrek ipuin bat irakurtzen dutenean, irudiek erabat baldintzatzen dute testua: irudirik ez balego, haurrak derrigortuta egongo lirateke pertsonaien itxura eta abar imajinatzera, baina irudiekin, lan hori eginda dute. Hori, berez, ez da txarra, baina iruditzen zait kasu askotan kontuz ibili behar dela.

Gogoratzen naiz aztertutako ipuin batean idazleak behin eta berriro jartzen zuela “irakaslea”, zehaztu gabe pertsonaia hura gizonezkoa ala emakumezkoa zen. Badakit, berarekin hitz egin nuelako, nahita egin zuela horrela, haurraren imajinazioa ez baldintzatzearren. Baina hara non, liburuaren amaieran, irakasle horren irudi bat agertzen zen... bibote handiarekin. Hortxe dago: haurrak, ordura arte, emakumezko bat imajinatu badu “irakaslea” jartzen zuen guztietan, azken irudi horrekin pikutara joan zaio bere kabuz sortutako irudia, marrazkilariak barneratuta zeukan estereotipoa agerian geratu delako. Julen Gabiriak utzitako argazkia.

Garai batean Edurne Zuri zazpi ipotxen neskame moduan aurkeztu ziguten; “Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi” moduko ipuin errealistagoak publikatzen dira egun.

Gaur egun hori lortu dugu: haur literaturaren bitartez edozeri buruz hitz egitea. Batzuetan zaila izaten da, tabuak ere hor daudelako: heriotza, erlijioa... baina egiten da, eta askotan oso ondo. Haur literaturak badu bigarren mailako literatura izatearen nolabaiteko zama, baina nik benetan diot helduen literaturako liburu askok izan nahiko luketela haur literaturako ale askok duten kalitatea.

Eta zuk esan duzun hori ere egiten da: ipuin tradizionalei buelta ematen zaie eta irakurketa kritiko bat egiten da. Ariketa interesgarria da, eta balio dezake haurrengan ere jarrera kritiko bat agertzeko, baina berriz diot, ez soilik jarrera kritikoa ipuin tradizionalen gainekoa, baizik eta bizi duten gizartearen gainekoa, hori baita azkenean inporta duena.

Iruditzen zait ipuinak ez direla ipuin huts... Idazle batek jarrera egokia eduki beharko luke beraz!

Tira, baina niri beldur apur bat ere ematen dit honek. Alegia, nire ikerketaren asmoa ez da literaturako sexismoari buruzko epai bat ematea, inondik ere. Nik datu objektibo batzuk plazaratu nahi nituen, hortxe dauden datu batzuk, jakingarriak izan zitezen eta denon bistara agertu zitezen. Baina hortik aurrera zer? Datu horiek zerbaitetarako balio behar dute? Tira, alde batetik bai, idazleak kontziente izan daitezen idazten dutenari buruz eta ahal den heinean modu kritikoan idatz dezaten, baina ez askoz ere gehiago ere. Datu hauekin, ez dut bilatzen literatura aldatzea, are gutxiago gizartea aldatzea. Literaturak bere bidea egin behar du, moraltasuna zaintzen duen poliziarik gabe. Nik, behintzat, ez dut inoren moraltasunaren polizia izan nahi.

Hor, garrantzitsuena da idazlea bere sentsibilitatetik abiatzea. Baina kontua ez da tortillari erabateko buelta ematea, horrek arrisku handia dauka: zer egingo duzu, orain arte mutilenak ziren rolak neskei eman? Kontuz horrekin. Horrek ez dizu bermatuko pertsonaien artean berdintasunez jokatzea, baizik eta lehengo desberdintasun berberak egotea, baina alderantziz; nesken larruan mutiko bat sartzea, alegia. Horixe bera zioen Teresa Colomerrek, “Dalla parte delle bambine” bildumari buruz hitz egitean. Beharbada, egin beharko litzatekeena da, etxetik eta eskolatik hasita, nesken eta mutilen rolak aldatzen hastea, baina benetako rolak, ez literarioak. Literaturari gauza asko eskatu dakizkioke, baina ezin da bere esku utzi haurren hezkuntza, eta are gutxiago gizarteari forma ematea.

Lortuko al da egunen batean benetako berdintasuna? Lortu dezagun lehenengo berdintasuna gizartean. Ipuinak ipuin dira, besterik gabe. Zer esan nahi du “ipuinak ipuin” direla diodanean? Bada, dagozkien gizarteen ispiluak direla. Hartzen duzu Afrikako tribu bateko ipuina, eta bertan ikusten duzu nola dagoen egituratuta tribu horretako bizimodua. Baina ipuin horri ezin zaio egotzi tribu horretako rolen banaketan dauden injustiziak. Bidea alderantzizkoa da: etxetik hasi behar da, gizartea aldatzeko. Julen Gabiria (Galdakao, 1973) Bizkaitarra da Julen Gabiria. Goi Mailako ikasketei dagokienez, Enpresa Zientzietan diplomatu zen eta ondoren, lizentziatura eskuratu zuen Soziologian. Egun, itzultzaile moduan egiten du lan ?besteen artean, ?Peter Pan?, ?Guillermoren azalpena?, ?Hitz pozoituak? liburuak itzuli ditu. Gidoilari gisa ere aritzen da zanbaitetan. Hainbat libururen egilea da: ?Connemara gure bihotzetan?, ?Han goitik itsasoa ikusten da? eta ?Metro bateko letrak?. Antzezlanak ere sortu ditu: ?Abentura antzokian?, ?Superplast?, ?Metro bateko ametsak?. Soziologoa eta idazlea, 2001ean haur literaturako rolak eta gizarte eredu berrien gaineko ikerketa burutu zuen.