536 Zenbakia 2010-06-11 / 2010-06-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kutsadura akustikoa

APAOLAZA, Andrea RODRÍGUEZ, Arrate



Kutsadura akustikoa eremu jakin baten ingurugiroaren baldintza normalak aldatzen dituen gehiegizko soinua da. Gaur egun gizarte osoari eragiten dion arazo larria da, Europar Batasuneko ikerketen arabera 80 milioi pertsonek 65 dezibelio baino gehiagoko zarata maila jasaten dute egunero, eta beste 170 milioi pertsonek 55–65 dezibeliokoa. Osasun Mundialaren Erakundeak 50 dezibelio muga kontsideratzen du; Estatu Espainiarrean, ordea, erosotasun akustikoaren maila 55 dezibeliotan ezartzen da, maila horren gainetik soinuak atseden eta komunikaziorako kaltegarriak direlakoan.

Izan ere, eguneroko bizitzan giza jarduera agertzen zaigu kutsadura akustikoaren kausa nagusi gisa, batez ere hiri handietan. Horien artean garraioak aurkitzen dira, nahiz eta publikoen erabilera azken urteotan areagotu, jende ugarik jarraitzen du bere kotxea hartzen. Eraikuntza eta obra publikoak ere aipatu behar ditugu; krisia gainditzeko eta lana sortzeko gero eta obra gehiago egiten ari dira. Industriak ere badu eraginik, horietako asko hiriaren kanpoaldean kokatuta egon arren.

Sozioakusia aipatzen dugunean, zaratak eragindako entzumen urritasunari buruz ari gara. Zarata maila baxua izanda ere, entzumen sistema mindu egiten da zarata iturri bati luzaroko esposizio baten aurrean. Hasieran, mina ez da iraunkorra eta 10 egunetan desagertzen da. Hala ere, pertsona batek zarata entzuteari uzten ez badio, behin–betikoa bihurtuko da gaixotasuna. Luzaroan irauten duen zarata ez da kaltegarria den bakarra, 160 dezibelio edo gehiagoko bat–bateko soinuek –esate baterako leherketa edo tiro batek– tinpanoa zulatu dezaketelako.

Bestalde, batzuetan konturatzen ez garen arren, zaratak ondorio psikopatologiko ugari eragiten ditu. Horiek zarata mailaren arabera sailka daitezke: 60 dezibelio baino gehiagoko zaratek begi–ninien dilatazioa, arnasketa azeleratua eta takikardiak eragin ditzakete. Baina gizakiok nabari ditzakegun zenbait ondorio psikopatologiko ere badaude. Adibidez, oso ohikoa da zaratak buruko mina eragitea eta muskuluak tentsu jartzea, batez ere bizkar, lepo eta sorbaldakoak. Bestetik, 85 dezibelio baino gehiagokoek kolesterola eta glukosa areagotzen dute.

Gainera, ondorio psikologikoek pertsonen jarreran eragin larria dute, agresibitatea eta harremanetarako arazoak sortzen baitituzte. Hori ez da harritzekoa, kutsadura akustikoak estresari eta insomnioari lotuta dagoela kontuan hartzen badugu. Depresioa, antsietate zein baita arreta falta ere erlazionatutako beste faktore batzuk dira. Zarataren eraginez, zaila izaten da jarduera jakin batean arreta jartzea, eta beste zerbaitetan galtzen da, ekintzak eskatzen duen ohartasuna gutxituz.

Pertsona batzuk beste batzuk baino sentiberagoak dira kutsadura akustikoak sortzen dituen kalteekiko. Egiaztatu izan da haurdunaldiaren hasieran zonalde oso zaratatsuetan egon diren emakumeek alteraziorik gabeko umeak izaten dituztela, baina haurdunaldiaren bosgarren hilabetetik aurrera, umeek jaiotzean ohiko tamaina baino txikiagoa izaten dute, eta negar egiten dute zarata sentitzean. Geroago, umeek ingurugiro zaratatsuetan ikasten badute, seinale akustikoak aditzeko gaitasuna galtzen dute eta irakurketan eta mintzamenean atzean geratuko dira. Faktore horiek guztiek haurraren isolamenduan eragina dute, hau da, haurrak lagunak egiteko arazoak izango ditu.

Bukatzeko, arazoak arazo, konponbide ugari aurkitu ahal ditugu modan dagoen fenomeno honetarako, hala nola tapoiak, zarata–isolamendua, soinu uhinak xurgatzen dituzten materialak eta zarata leku batetik bestera pasatzea oztopatzen duten hesi akustikoak. Hala ere, konponbiderik eraginkorrena gizartea kontzientea izatea da; horrela, autoa gutxiago hartzen, edo musika eta telebista baxuago jartzen saiatuz gero, kalteak ez dira hain larriak izango. Horretarako, udalek eta gobernuek lege batzuk egin beharko lituzkete zarata handia jasaten duten pertsonak babesteko eta horrek eragiten duena kalteengatik ordainketa bidez zigortzeko.