Euskonews Gaztea
Gaiak: Itziar Ituño. Aktorea
Antzezleen munduan murgiltzeko aukera paregabea izan da Itziar Ituñori egin diogun elkarrizketa. Benetako aktorea gertutik ezagutzeak gure interesa piztu du. Mundu honen barruan bigarren lerroan aritzen den neska honen bizimodura hurbiltzeko, berak kontatutakoa eskainiko dizuegu.
Zerk piztu zizun aktore izateko gogoa?
Txikia nintzenean oso lotsatia nintzen; gainera, jendearen aurrean hitz egiten nuenean urduri eta gaizki sentitzen nintzen. Trantze txar horiek gainditu ahal izateko, nire herrian, Basaurin, zegoen antzerki eskolan sartzea erabaki nuen. Eskola horretan lotsa kentzeaz gain, antzerkia munduan murgiltzeko gogoa piztu zitzaidan. Argazkia: Noticias de Gipuzkoak utzitakoa.
Mundu horretan lana aurkitzea oso zaila izan behar da. Nola lortu zenuen zure lehenengo papera?
Fagorren lanean nengoela, Goenkalerako casting bat egitera joan nintzen Donostiara. Horretarako, nagusiari baimena eskatu nion. Handik gutxira dei bat jaso nuen ezetzarekin; betikoa esan zidaten, kontuan hartuko nindutela beste baterako. Guztiz etsita, berriro itzuli nintzen lantegira, burumakur. Baina esan zidatena bete zuten eta handik hilabete batzuetara Goenkalen paper bat egitea eskaini zidaten. Beraz, pozaren pozez, ilusioz beteta, enpresa utzi eta hara abiatu nintzen. Horrela hasi nintzen Goenkalen, gaur egun arte.
Goenkalen irabazten duzuna egokia iruditzen zaizu?
Egia esan, soldata finkorik ez izateak arazoak ekartzen dizkio nire bizimoduari. Hemengo lana ez da Hollywoodekoa bezain arrakastatsua eta oparoa. Gainera, ETB1ek ETB2k baino ikusle gutxiago duenez, diru gutxiago kobratzen da. Are gehiago, batzuetan gure jantziak eraman behar ditugu telesaioan parte hartzeko. Horrez gain, bakarrik lana duzunean ordaintzen dizute; askotan ez daukazu ezer eta beste batzuetan gainezka zaude.
Askotan lanik ez duzula esan diguzu. Zer egiten duzu momentu horietan?
Buruari bueltak eta bueltak ematen dizkiot irtenbide bat aurkitu arte. Curriculumak bidaltzen dizkiet produktoreei, baina askotan ez dut erantzunik jasotzen. Antzerki munduan galdetzen dut, lagunei, eta besterik aurkitzen ez dudanean, ni bezala dabilen lagunen batekin elkartu, eta ipuin–kontalari jarduten dugu herriz herri edota ikastetxez ikastetxe. Denboraldi luzea ematen dugu horrela, Euskal Herriko leku ugaritan kontalari. Esperientzia ederra da haurren irriak asetzea, baina ezin du betiko iraun; izan ere, oso gutxi irabazten da. Beraz, han–hemenka galdetzen eta curriculumak bidaltzen jarraitzen dugu zerbait sortu arte.
Dakigunez, antzerkian eta zineman aritu zara lanean; arlo horietatik zein duzu gustukoen?
Guztiz desberdinak dira. Alde batetik, antzerkian ozen hitz egin behar da eta zineman eguneroko hizkeran. Bestalde, antzerkian ikusle multzo baten aurrean jardun behar duzu; zineman, aldiz, kamera baten aurrean, eta jartzen dituzun aurpegierak asko zaindu behar dira, kameraren aurrean dena puzten delako.
Dena den, zineman, zerbait gaizki egiten baduzu errepika dezakezu, eta horrek lasaitasun handia ematen dit. Nik neuk zinema nahiago dut, lasaiago sentitzen bainaiz. Horregatik, nire agerraldi gehienak film eta telesaioetan dira. Goenkalen, adibidez, oso gustura egoten naiz, giro paregabea dago eta lagun onak egin ditut bertan.
Etorkizunari begira, proiekturen bat duzu buruan?
Egia esan, ez. Grabatu ditudan film batzuen aurkezpenak egin behar ditut. Azken film horietan, oso gustura ibili naiz lanean. Lanbide honek esfortzu handia eskatzen du eta etekin eskasak eskuratzen dira, baina nire lana ere pasioa da eta ahaleginak merezi du. Lanbide honetan jarraitzea da nire helburu nagusia.