537 Zenbakia 2010-06-18 / 2010-06-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Auto-ekoizpena, musika beste modu batez ulertzea

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkia: Taras Kalapun

Argiak itzaltzen dira, eszenatokian dena prest dago eta agertokiaren magiak kutsatuta, jendartean zoramena nagusitzen hasten da. Akorde bat, bi, bateriaren doinua... Txikitan nork ez dut rock–izar izatearekin amestu? Mundu mailan ezaguna izatea eta zale koadrila –edo garai bateko grupie taldea– kontzertuz kontzertu atzetik edukitzea... Famatu izatea, hori bai ederra! Dena da errazagoa, guztia abantailak! Ziur gaude? Izan ere, irudi idealizatuaren atzean, gai gazi–gozoak ere badaudela gogoraztea ez dago tokiz kanpo.

Egia da ez dela erraza musikari batek sona nahi izanez gero burutu beharreko bidea; eta gehienetan ez dira nahiak betetzen. Noski, ezin daiteke izan xede bakarra izar bilakatzea; hain zuzen, egiten duzunarekin gozatzea eta taula gaineko saio bakoitzean entzuleari bihotz eta arima joaz zuzentzea, horixe da garrantzitsua. Inork ez daki patuak zer opa dion, beraz, zergatik ez disfrutatu? Proiektua martxan ipini

Beraz, laburbilduz, aurrena–aurrena proiektu bat edukitzea ezinbestekoa da edozein arlotan aurrera egin nahi bada, eta berdin musikan ere: taldekideak bilatu, edo bakarlaria izango zaren pentsatu, abestiak prestatu... Ados. Behin martxan ipinita, ongi etortzen da maketa grabatzea –normalean, auto–gestio bidez sortua– eta kontzertuak ematen hastea. Herriko tabernetan festetan... Mugitu egin behar, ezin geldirik egon! Eta ondoren askok modu profesionalago batean aritzea erabaki eta diskoetxeren baten bila hasi eta diskoa ateratzera iristen dira.

Akaso talde askok beste biderik ez dutelako aurkitzen izango da, edota ohiko disko–etxeek maiz ez dutelako musikariaren apeta betetzen. Arrazoiak arrazoi, geroz eta artista gehiagok jotzen dute produkzio propioaren hautua egitera, eta Euskal Herrian talde ugarik funtzionatu dute modu honetan urte luzeetan. Baina geuk filosofia hori bultzatzen duen MusikHerria diskoetxera jo eta gertutik ezagutu nahi izan dugu bere funtzionamendua. MusikHerriaren eredua

MusikHerria 2005ean sortu zen gazte talde batek eginiko gogoeta baten ondorioz, eta batez ere, orduan gizartean nabaritzen ziren huts batzuk betetzeko xedea zeukan. Oro har, musikaren komertzialtasuna at utzi eta musika produktu soil bezala ez ikustea zen asmoa eta jendeak, egiten duenarekin gozatzea. Apur bat gehiago sakondu guran, komunikazio lantaldeko Ekaitz Agirregoitiarekin hitz egin dugu.

“Egon diren aurrerapen teknologikoek –grabaziorako eta hedapenerako; internet batez ere– musika demokratizatu edo hobe esanda, guztien eskura jarri dute, bai ekoizpen zein eskuragarritasun aldetik ere. Horrek erabat irauli du musikaren arloa. Ezen, lehen, diskoetxe baten babesa ezinbestekotzat jotzen zuten taldeek, baina gaur egun hori guztiz aldatu da. Geroz eta gehiago dira auto–ekoizpenaren alde egin dutenak. Duela ia 5 urte sortu ginenean bazeuden beraien lanak ekoizten zituzten talde batzuk; baina egun oso gutxi dira beraien ekinbidearen parteren bat euren kabuz egiten ez dutenak.”

Denbora guzti honetan 55 talde pasatu dira MusihHerriatik, “eta guztira 69 lan atera ditugu.” Baina zer egin behar da beraiekin lan egiteko? “Taldea gurekin harremanetan jarri ohi da posta elektronikoz zein telefonoz eta gero aurrez–aurreko zita jartzen dugu. Taldeek, baldintza minimo batzuk betetzeko konpromisoa hartzen dute, hala nola, inplikazio zuzena eduki beharko dute gure proiektuarekin edota jakingo dute diskoetxeak bitartekoak soilik jarriko dituela mahai gainean, ez duela ezer ordainduko alegia. Azken honi dagokionez, guk ez diegu mugarik jartzen eta etxean, garajean, estudiorik garestienean... edozein tokitan egin daiteke grabazioa. Hori bai, taldeak ordaintzen du dena.” Argazkia: Rossina Bossio B

Behin grabatu eta ekoiztuta, “kopiak egiteko unea iristen da eta hitzarmenak ditugu enpresekin ahalik eta merkeen ateratzeko. Baina horretarako CDak erabiltzeak dakarren kontraesana dela eta –hau da, SGAE–ren kontra egon eta kopiak CD–tan egiteagatik erakunde horri ordaindu behar izatea– CDa bera euskarri fisiko bezala desagertzeko aukera aztertu beharko litzateke. Banaketari dagokionez, sarea dugu (oso txikia) eta bestaldetik, Internet baliatzen dugu lanaren hedapena egiteko. Gainera, musika egin eta berehala zintzilikatzen dugu.”

Azken aldian gainera, “Internet eta musika deskargak” afera bolo–boloka ibili den gaia izan da. Hala, Ekaitzek azaldu digunez, “MusikHerrian beti lizentzia libreak erabiliz (copyleft) edo lizentziarik gabe (anti–copyright) sortzen da musika. Guk ez dugu musika produktu huts bezala ikusten eta musikaren merkantilismoaren lehenengo pausua, jabetza intelektualaren kudeatzaileak tartean sartzen direnean hasten dela iruditzen zaigu.” Hala, guztien eskura ipintzen dituzte taldeen lanak doako prezio ederrean.

Amaitzeko honakoa esan digu diskoetxeko komunikazio arloko kideak. “Auto–gestioak azkenean gure buruaren jabe izaten ahalbidetzen digu, bestela oso lotuta egongo ginateke. Argi dago joko horretan sartzen ez baldin bazarela, –diskoetxe komertzial, SGAE, manager, produktore...– kontzertuak emateko, irratietan entzuna izateko eta ezagutzera emateko aukera urriagoak direla. Baina gure letrek eta hitzek duten helburuaren arabera koherentziaz jokatzeko auto–kudeaketa da irtenbiderik onena. Egia da hainbat taldek auto–ekoizpenetara jo dutela (grabazioa beraien esku, diskoetxerik gabe), beste batzuk SGAEtik atera eta, hainbat banaketa eragile txikiekin lanean hasi direla. Baina gure ustez oraindik eztabaida sakon bat eman beharko litzateke eta jarduera koherente integral bat zer den eztabaidatu beharko genuke bide egokia aurkitzeko.”

Musikaren esparruan bide anitzak dira posible. Norberaren esku geratzen da nondik joan aukeratzea.