537 Zenbakia 2010-06-18 / 2010-06-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Klasikoaren aldeko gazteak EGOn badaude

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Biolina biolontxeloaren ahaide txikia, kontrabaxuaren urrutiko familia; tronpeta, tronpa, tronboia eta tronboi baxua anai–arrebak... Zenbat musika tresna existitzen diren jakitea ziurrenik ezinezko kontua da. Halere, jakin badakigu orkestra batetan tokia zeintzuek izaten duten; aipatutakoez gain, arpa, fagota, oboea, biola... entzutea ohikoa izaten da. Argazkia: EGOk utzia.

Halaxe da bederen Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) kasuan. Taldea, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren eskutik sortu zen 1997. urtean, eta hasiera–hasieratik, helburu batzuk bete nahian dihardu lanean. Hala nola, gazteei orkestra–musikarako prestakuntza eskaintzea, beraien garapen artistikoa sustatzea, musika klasikoa Euskal Herrian zabaltzea eta euskal kultura mundura hedatzea. Eta urtez urte aurrera eramaten saiatzen da propio prestatzen duen egitarauarekin.

EGOk, urteko bi sasoitan burutzen ditu batez ere egitekoak, hala nola, ikasleen uda eta neguko opor garaietan. Eta ez dute aspertzeko betarik edukitzen parte hartzaileek; izan ere, hainbat hitzalditara joan behar izaten dute, kontzertuetara eta musika klasikoaz zein ganberako musikaz gehiago ikasi zein sakontzeko eskoletara. Noski, zenbait emanaldi ere eskaintzen dituzte publiko zabalaren aurrean. Udari begira

EGOn parte hartzeko hautatutakoak udako sasoian murgiltzeko zorian daude. Hala, Euskal Herriko Gazte Orkestran osatzen dute 16 eta 27 urte bitarteko 86 gazteek Musikeneko, Bilbo, Euskadi zein Nafarroako orkestra sinfonikoetako edota Liceu Antzokiko Orkestratik etorritako profesionalak izango dituzte aurrez aurre, beraien ezagutzak neska–mutilekin partekatuz. Argazkia: EGOk utzia.

Halere, uda honetarako antolatutako programazioan, ekimen berezi eta zirraragarri bat aurkituko dute musikari gazteek. Hain zuzen ere, uztailaren 1etik 10era bitartean, Historia, France–3 eta ETB kateek sortu duten “La Chanson de Roland” dokumentala musikatzeko ardura hartu beharko baitute euren gain. Orreagako Guduari buruzko lan honetan, Richard Wagner musikari alemaniarraren errepertorioko kanta batzuk interpretatuko dituzte, hala nola, Rienzi Oberture, Die Walquirie, Siedfried, Trauermusic edota Brünnhildes opfertat.

Bestaldetik, eta uztailaren 11tik 22ra, udako topaketaren errepertorio sinfonikoa burutuko dute EGOko lagunek eta aurtengoan, musika errusiarra eta zehatzago esanda, Tchaikovsky hartuko dute ardatz nagusi. Guzti honi amaiera emateko, ohi duten bezala kontzertu bana eskainiko dute Donostia, Bilbo zein Gasteizen.

Euskal Herriko Gazte Orkestra musikari gazteak profesional mundura igarotzeko zubi gisa dela kontsideratzen dute askok eta talentu handiko neska–mutilen etorkizun artistikoa lantzen jarraituko du orain arte bezala.