Euskonews Gaztea
Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik XLVI: Trapagaran inguruak
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Euskonews Gazteak Bizkaiko Meatzaldea ezagutzera gonbidatzen zaitu oraingo honetan. Abanto–Zierbena, Ortuella, Trapagaran, Muskiz, Galdames, Sopuerta, Güeñes eta Barakaldok osatzen dute eta horietatik bi leku bisitatuko ditugu oraingoan. Goazen! Meatzariaren omenezko monumentua, Ortuellan. Meatzaritza zonaldera
Ortuellatik abiatuko gara gaurkoan. Nahiko udalerri berria dela esango genuke, izan ere, XX. mendera arte (1901ra arte) Santurtzi–Ortuella udalerri bakar moduan ezagutzen zen, eta urte hartantxe, bi izatera igaro ziren. Cadegal, Orconera, Triano, Ortuella, Urioste eta Nocedal auzotan dago banatuta, eta azken bi horietan gainera, Ortuella herri moduan sortu aurretik ere jende ugari bizi zen.
Bisitaldiari ekingo diogu eraikuntza erlijiosoetatik abiatuz; hala, Uriosteko San Bernabe ermita, San Felix Kantalizio eliza (1889), eta Nocedalgo Andra Mari Madalenaren ermitara (1805). Baina noski, arkitektura zibilari ere erreparatuko diogu, eta besteen artean, XIX. mendeko Basori baserria, XIX. mende amaierako Rollo Ahizpen jauregia edota XX. mendeko udaletxea.
Esan bezala, Meatzaldean kokatuta dagoen udalerria dugu Ortuella, eta ondorioz, bertako jarduera nagusia meategietan kontzentratu zen urte luzeetan. Gaur egun oraindik, jardunaren aztarnak ikus daitezke, eta esaterako, Cadegal auzora igoz gero, inguruaren bista pribilegiatua lortzeaz gain, arrasto horiek begiztatu ahal izango ditugu. Trapagaranera bidean
Ortuellatik oso gertu dago Trapagaran eta aprobetxatuko dugu historian zehar meatzaritzarekin erlazio estua eduki duen udalerri honetara bisita egiteko. Hala, XIX. mende amaieran izugarrizko gorakada eman zen arlo horretan eta garai oparoak iritsi ziren zonaldera; halere, denborarekin indarra galtzen joan zen industria bizimodu hau. Aintziren ikuspegia. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)
Trapagaranek zabalera eremu handia hartzen du bere osotasunean, ezen Galindo–Salcedillo, San Gabriel, Ugarte, Trapaga–Causo,Trapagaran, Zaballa, Larraineta eta Zugastieta auzoetan banatuta baitago. Azken honi dagokionez, meatzaritzaren aro oparoetan zonalderik populatuena izatera iritsi zen, langileen auzoa baitzen. Bertara joateak merezi du, oraindik ere meatzarien etxe izandako egurrezko zenbait eraikinek zutik jarraitzen baitute, historiaren erakusle. Aberastasun handia duen Trapagarango auzunea da eta 2003an Kultur Ondare izendapena eman zion Eusko Jaurlaritzak.
Bisitarekin jarraituz, Erdi Aroko jatorria duen San Salbador Elizara gerturatu gaitezke; egun kultur etxea den XX. mendeko Olaso Jauregira –Bergara, Gipuzkoan eraikitako baten kopia; edota 1921ean eraikitako eta erdigunearen eta Larraineta auzoaren arteko zubi lana egiten duen funikularrean igo eta ibilbideaz goza dezakegu, beste askoren artean.
Baina Trapagaranek altxor bat hartzen du bere baitan, hain zuzen ere, Parkotxa, Ustion eta Blondis aintzirak. Hauek historia polita daukate bere gain; izan ere, herritarrek ustiatu zituzten meategiak lurrazpiko urekin bete ziren eta poliki–poliki lakuek tokia hartu zuten. Harrigarria suertatzen zaie bisitari askori halako paraje ederrekin topo egitea eta guk ere altxor eder honekin gozatu dezazun animatzen zaitugu, lakuen ingurua parke bat egin baitute guztion gozagarri izan dadin. Naturaz gozatuz egun polit bat igarotzeko aukera polita. Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com