538 Zenbakia 2010-06-25 / 2010-07-02

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Itsaso Olaizola. (Gazte Ekoliderrak proiektuko arduraduna): Gaurko ingurumen eredu sozio-ekonomikoa ez da jasangarria

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Ezinbestean ohiturak aldatzen hasi behar dugu, beste gero bat espero baldin badugu behintzat; ezin baita ukatu gizon eta emakumeok sarritan okerreko bidea hartzen dugunez gero ingurumenari serioski eragiten diogula. Donostiako Zabalegin Gazte Ekoliderrak proiektua garatzen dihardute 2010eko martxotik. Hilabete hauetan zehar, etorkizunak keztatuta eta gauzak aldatzeko asmoa duten 30 gazte jasangarritasuna eta lidergoa lantzen aritu dira, besteen artean. Aurten 30 laguneko sarea osatu dute, eta dagoeneko 2011.urtera begira daude antolatzaileak; Itsasok dioen bezala, urtetik urtera hedatu joan nahi baitute sarea eta praktika onak bultzatuz, gaurkoa baino errealitate eramangarriagoa erdiesteko aukera gehiago izango dugu.

Gazte Ekoliderrekin buru–belarri zabiltzala badakigu. Baina azalduko al zeniguke proiektuaren nondik norakoak?

Proiektu hau martxan ipintzeko arrazoia, behar bat identifikatu genuela da; hau da, gizarteko arlo guztietan lidergo sendo baten beharra zegoela nabaritu genuen. Sail konkretuetan jakintza oso zehatzak eskuratzen ditugu, hau da, ni biologoa banaiz, eremu horren gaineko informazioa jasoko dut. Baina ezagutza horiek praktikan ipini nahi izanez gero, talde–lanean jardun behar izaten dugu eta lidergo gaitasunak garatu beharko genituzke horretarako. Hala, garapen jasangarriarekiko kezka zuten gazteak bildu nahi izan genituen, baina baita lidergo gaitasun horiek dituztenak ere. Diziplina desberdinen arteko elkarlanean ere huts bat antzeman genuen, eta horretarako ere baliagarria da Gazte Ekoliderrak programa.

Hala, gazteen bila hasi ginenean ezaugarri batzuk bilatu genituen. Hasteko, parte hartzaileek gaiarekiko ezagutza minimo bat edukitzea eskatzen genuen, baina gainera, arlo edo diziplina ezberdinetako gazteak izan zitezela. Modu horretan, itzulpengintza, gizarte zientziak, enpresagintza, arkitektura eta bestelakoak ikasi dituzten 30 ekolider bilatu genituen. Bigarren ezaugarria, aktiboak izatea zen; ikasitakoa praktikan jartzeko zein beste gazteekin harremanetan egoteko gogoa eduki zezatela. Proiektuan dabiltzanen gehiengoa dagoeneko bazen aktiboa, bai bere herriko talderen bateko kidea izateagatik, zein boluntario lanetan ibiltzen direlako, adibidez. Ekoliderrek osatzen duten sarea irudikatzen. Argazkia: Itsaso Olaizolak utzitakoa.

Eta orain arteko balorazioa egin beharko bazenu?

Oso pozik gaude! Kontuan hartu proiektu pilotu bat zela; bagenekien zer bilatzen genuen, baina noski, asmoak gauzatzea beste kontu bat izaten da. Martxoan ipini genuen martxan, eta ekaina hasieran diploma batzuk banatu genizkien parte hartzaileei. Halere, horrekin ez dugu esan nahi amaierara iritsi garenik, proiektuak fase desberdinak baititu –Trebatu, Ekin, Izan– , eta orain hasten dugu bigarren etapa.

Trebaturen gainean aritu gaitezen, beraz.

Bazeuden garrantzitsuak iruditu zitzaizkigun eta ondorioz, aurrez definitu genituen gai batzuk, baina parte–hartzaileek euren intereseko zenbait gai aukeratu eta horien gainean ere jardun dute fase honetan. Edukiak bi multzo nagusitan banatu dira; alde batetik, garapen jasangarriaren ingurukoak landu dituzte –bioaniztasuna, kultur eta hizkuntza aniztasuna, landa garapena eta subiranotasuna...

Eta bestaldetik, lidergo sistemiko edo ekologikoa, taldean mugitzen ikasteko baliagarria suertatu dena. Besteen artean, proiektu bat nola diseinatzen den, baina baita nola saltzen den, nola komunikatzen den edota nola bilatzen diren finantziazio iturriak, gure gazteak nolakoak diren... Eta hau guztia ponentzia, eztabaida, tailer eta beste bideen bitarteaz eraman da aurrera, ahalik eta dinamikoen eginez eta gaiarekiko ikuspuntu desberdinak ezagutuaz iritzi propioa izan dezaten lagunduz.

Eta ikasitako guzti hau Ekin fasean garatu beharko dute orduan.

Bai, baina esango nuke ez direla bi fase ezberdin, hain zuzen ere, beraien artean nolabait osatzen baitira. Hogeita hamar gazte dira egitasmoko protagonistak eta bakoitzak interesatzen zitzaion gai bat proposatzeko aukera izan du. Bost lantaldetan banatu ditugu eta 30 ideietatik bana hautatu behar izan du taldeak. Bestalde, eta proiektuen arteko elkarrekintza bermatzeko xedez, seigarren bat osotu dugu, talde bakoitzeko ordezkari banarekin. Beraz, Ekin fasean dagoeneko sartuak dira.

Lehen aipatu duzu parte hartzaileen aniztasuna; ondorioz, proiektuak ere askotarikoak izango direla sumatzen dut...

Hori da. Badira mugikortasunaren arloko proiektu bi. Bata bizikletetan oinarritzen da, eta bizikleten ibilbide eta alojamendu sare bat garatzean datza, aurrena Gipuzkoan zentratuz baina gerora Euskal Herrira zabaltzeko asmoarekin. Beste taldeak, okupazio baxuko garraio pribatua murrizteko plan bat burutu du; Donostiako auzo batean kokatu dute egitasmoa, TAO sartuko dutela eta aukera ikusi baitute.

Beste lanetariko bat, kontsumo arduratsuarekin lotuta dago eta Botila berdea izena ipini diote; xedea, ardo botila hutsak berriz ere produktu bilakatzea da. Laugarren proiektuak berriz, arlo sozio–ekonomikoa lantzen du, eta arazo edo erronka ekologiko bat suertatzen denean diagnostiko bat egin eta parte–hartze dinamika sare bat sortzea du helburu. Finantziazio bideak pentsatu dituzte eta instituzioetatik kanpo, denbora–bankuaren erabilera sustatzea, hau da, gure denbora elkartrukatzearekin proiektuak aurrera eramateko bideak garatzea. Eta azken proiektua aldiz, komunikazio arloan kokatuta dago eta ekologiari buruzko telebista programa bat planteatzen duena da. Argazkia: Itsaso Olaizolak utzitakoa.

Baina egitasmo huts izatetik etorkizun batean egikaritzea izango da helburua, ezta?

Hori da. Gure planteamendua ahalik eta praktikoena izatea da; ondorioz, proiekturik bideragarrienak hautatzen saiatu dira, nahiz eta horrek ez duen esan nahi lan guztiak errealitate bihurtu behar direnik. Baina behintzat aurreproiektua garatu dute, eta ez da gutxi!

Azken finean mundua aldatzeko gogoa edukitzea nahitaezko zerbait da. Gazte ekolider hauek pertsona kritikoak izan arren, kritika konstruktiboa egiten dutela gaineratuko nuke. Egia da oso gizarte indibidualistan bizi garela eta bakoitzak daukagun agenda daukagula; ikusiko dugu nolako jarraipena duten proiektuek.

Trebatu egin dituzue gazteak ekiteko, eta izatea geratzen zaie orain.

Izan ekinez lortzen da, eta sare bat sortu nahi izan dugu, jasangarritasunaren alde egingo duen gazte aktibo eta formatuen sarea, hain zuzen. Orain guztion artean definitzen ari gara hori nola egingo dugun, zein maiztasunekin bildu eta zein proiektu garatu daitezkeen...

Etorkizunean halere, guztiok izan beharko genuke ekolider... Nik uste, baietz. Gutako bakoitzak hausnarketa bat egin beharko genuke, “zer eskaini diezaioket gizarte honi?” Ez nabil gauza handiei buruz hitz egiten, zertzelada txikienetik hasi beharko baikinateke, gure eskura dauden gauzetatik.

Bestaldetik, nahiz eta egia den azken aldian nahiko paralizatuak egon garela gai honen inguruan, baikorra naizela aitortzen dut. Jakina den moduan, ellkarrekin ekiterakoan indarrak metatu egiten dira. Badago eta sentitzen da gainera, taldean jarduteko behar bat gizarte honetan, mundua aldatu nahi dutenen elkartzeko beharra. Garapen jasangarria ulertzeko modu anitzak daude, eta honen gaineko hausnarketa egin dute gazteek. “Zer da jasangarria?” “Denok egon behar dugu guztiarekin ados edo zeintzuk dira eduki beharko genituzkeen minimo komunak? ” eta abar. Eztabaida filosofikoa beharrezkoa da eta izaten dugu.

Gure gazteek argi daukate gaur egun dagoen ingurumen eredu sozio–ekonomikoa ez dela jasangarria –gaur bizi garen bezala bizitzeko hiru planeta beharko genituzte–, eta pixkanaka eguneroko praktiketan aldaketak ematea garrantzitsua dela iritzi diote, bizitzeko estiloen aldaketa sustatzea funtsezkoa dela. Garapen jasangarriaren definizio orokor bat, “gaurko guztion beharrak asetzen dituen eredua izateaz gain, etorkizuneko beharrak bermatzen dituena” litzateke. Baina zeintzuk dira behar horiek? Gutxiagorekin hobe bizitzen asmatuko dugu? Hortxe dago koska.

Baina baikorrak izan behar dugula zalantzarik ez.

Iruditzen zait beti ekologiarekin lotuta zabaltzen diren mezuak nahiko ezkorrak izaten direla, edo behintzat gizartea paralizatzen dutenak, ez dago nire esku moduko ideiak sortuz. Baina praktika onak bilatzea garrantzitsua da, zeintzuk eta non egiten ari dira gauzak?

Hori argi ikusi dugu Trebatu atalean; gazteek hautazko gaietan mundu mailan burutzen diren praktika onen gaineko informazioa eskuratzea eskatu baitigute. Gainera, gure etxetik hasi behar dugu gauzak aldatzen. Etxean edo koadrilan hitz egiten dugu honen gainean? Garrantzitsua da. Itsaso Olaizola (Donostia, 1973) Zuzenbide Ikasketak burutu zituen Itsaso Olaizolak eta ingurumen zuzenbidean jarduten du. Toki ugaritan egin du lan, esate baterako Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioan,; abokatu-bulego batetan, edo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean, aholkulari moduan. Gaur egun, Kutxa Fundazioaren barruan jasangarritasun proiektuak bultzatzen dihardu aholkulari bezala eta besteen artean, Kutxarekin batera, Eusko Ikaskuntza eta Cristina Enea Fundazioak abiatutako Gazte Ekoliderrak proiektuaren arduraduna da.