538 Zenbakia 2010-06-25 / 2010-07-02
Gaur egun ditugun kontsumo ohiturek ez dute bermatzen Lurraren etorkizuneko egoera ona izango denik; kontrara, orain arteko usadioekin jarraituta, ez dira mende asko beharko egoera benetan katastrofikoa izateko. Hori dela eta, egun garapen jasangarria edo iraunkorra dena sustatzeko ahaleginetan dabiltza eragile anitz duela zenbait hamarkadetatik. Argazkia: gailf548
Historian atzera eginez gero, eta XX. mendeko 60ko hamarkadaraino joanda, Erromako Klubaren sorrerarekin egingo dugu topo; 1968. urtea zen eta ikerketa bat burutzea zuten xede nagusi, munduaren garapenean eta mugetan arreta ipiniz. Ez zuten emaitza positiborik atera eta 1972an publikatu zuten txostenean argi adierazi zuten, ordura arte eginiko baliabide naturalen ustiapen moduekin ez gindoazela inora. Halere, ez zen 1980. urtera arte garapen iraunkorra kontzeptua gizarteratu.
Denborarekin, geroz eta indar handiagoa hartzen joan den ideia dugu jasangarritasunarena, eta horren erakusgarri da nazioartean egoera aldatzeko aurrera eramandako ekimenak –hor dugu, esaterako Kiotoko protokoloa–, nahiz eta asko ideia onak izan, ez dute espero bezalako uztarik eman. Halere, gaiarekiko ezinegona sortu da jendartean eta horrek eraginda mundua aldatzeko gogoa piztu da gizon–emakumeon barrenean, eta hori da garrantzitsuena. Izan ere, borondatea edukiz gero, zer edo zer aldatuko dugula zalantzarik ez.
Hori bai, ekimen globalak aurrera eramatea ondo dagoen arren, etxetik hasi behar dugu mundua hobetzen. Esate baterako, azken urteetako ekimenei esker, geroz eta gehiago erabiltzen dira kontsumo baxuko bonbillak. Edota gure gizartean, geroz eta gehiago birziklatzen dugu; etxe inguruan oihalak, papera, olioa, beira, ontziak eta abar jasotzeko edukiontziak ditugu, aitzakiarik ez beraz, gure esku dagoena egiteko. Halere, horren harira, gogoetatxo bat. Ez litzateke hobe garai batean egiten zen bezala, botilak birziklatu beharrean, berrerabiltzea?
Urteak igaro dira kapital naturalaren aldeko apustua egiten hasi ginenetik, eta oraindik kontzientzia guztiak piztu ez diren arren, jende askoren bihotzek beste errealitate baten bila joatera bultzatzen dituzte. Akaso gure seme–alaben ondorengoek ere oraindik mantentzen ditugun altxor naturalekin –eta planetarekin berarekin– gozatzeko modua izango dute.
Atzean utzi beharko genuke aldaketa klimatikoa ezin da eten edo zer egin dezaket bada nik? Instituzioek egin dezatela! moduko usteak, eta egunez egun urratsak ematen joan; modu arduratsuan kontsumituz, lanera autoa konpartituz joanez, iturria itxiz... Zuk zer egingo duzu?