539 Zenbakia 2010-07-02 / 2010-07-09
Gipuzkoako Getariako kaiaren ondoan dago Malkorbeko hondartza lasaia. Herri gune barruko hondartza da eta horitutako harea fina dauka. Oso aldapa txikia du, eta bainu–hartzailea pixkanaka–pixkanaka sartzen da itsasoan. Hondoan ez dago bat–batean altuera aldaketa handia eragiten duen inolako putzu edo zulorik.
Nahiko hondartza lasaia da, neurri egokiko olatuak dituena windsurfa zein piraguismoa egiteko benetan aproposa; kai–muturrak ematen dion babesa da lasaitasun horren arrazoietariko bat. Eskuinaldean kokatuta, portutik bereizi eta horma lana egiten du murruak, olatuak geldituz.
Urpekaritza eta itsaspeko arrantza ere arriskurik gabe egin daitezke. Hori bai, geroz eta arrain gutxiago eta txikiagoak daude inguru hartan, urpekari armada zabalak eraso egin baitio azken urteotan.
Portu aldamenean egon arren, ur garbiak eta kalitate handikoak ditu Malkorbek. Horregatik jaso izan du bandera urdina behin baino gehiagotan. Bainu eremua ondo zehaztuta du ur gaineko buiekin.
Ezkerraldean –hondartzatik itsasora begira gaudela kontuan hartuz– mendia dago, horma harritsua duena eta haren gaineko aldean, errepidea. Malkorbeko hondartzak ez du bazter arrokatsurik, eta oso eguzkitsua da. Jaiegunetan, jendez lepo egoten da.
Malkorbek haurrentzako jolasgunea eta hondartzako kirolak egiteko eremua ditu, baita argibide–taulak, megafonia, dutxak, komunak, edateko ura ematen duten iturriak, zakarrontziak, elbarrituentzako arrapalak... Bainu zaintza eta sorospen zerbitzua ditu, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean eta 11.00etatik 20.00etara. Eskainitako zerbitzuak: (Getariako webgunetik hartua)
– Elbarrituentzako bainu zerbitzua: Uretarako eta bainurako, Gurutze Gorriaren laguntzarekin egokitutako aulkiak erabiltzeko aukera dago 943140251 telefonoan erreserba egin daitekeelarik. Hondarretan ibiltzeko makulu bereziak ere lor daitezke. Gurutze Gorrian bertan komunak ere egokitu dira elbarritua denentzat.
– Komunak eta dutxak dohainik
– Haurrentzat jolastokia
– Sorosleen babesa ekainaren 15tik irailaren 15era
– Taberna–jatetxeak
– Arrantzarako inguru aproposa
– Aparkalekua