539 Zenbakia 2010-07-02 / 2010-07-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskara elkarteak

BARBERENA, Eneko



Aurreko batean Gaztetxeei buruz jardun nuen. Nolako eskola onak diren, zelako garrantzia duten auzo eta herrietan, kulturalki zenbat eskaintzen duten... Oraingoan Euskal Herriko beste eragile garrantzitsu batzuei buruz jardungo dugu, euskara elkarteei buruz.

Euskara elkarteen mugimendua 80. hamarkada hasieran kokatu beharra dago, bor–borka zegoen Euskal Herri batean. Gazteagoak garenontzat zaila da irudikatzen horren emankorra zen garaia: gaztetxeak, punk–rock musikaren eztanda, irrati libreak, fanzine eta literatura euskaldunaren sorrera...

Euskararentzat ere, garai berri baten hasiera zetorren. Frankismoaren tuneletik irten berri, aukera berriak aurreikusten ziren: hezkuntza legea, EITBren sorrera eta finkatzea... Dena den, kezkati agertzen ziren hainbat eta hainbat euskaltzale. Hizkuntzaren transmisioa bermaturik izan gabe, erabilera datu oso kaskarrekin... Egoera hura ikusirik, eta Jose Sanchez Carrion “Txepetx” pentsalariaren eragin sakonarekin, euskara elkarteen mugimendua hedatzen joan zen herririk herri.

Euskara elkarteen helburua euskaren erabilera areagotzea da, euskal hiztunen sarea trinkotuz, jarduerak euskaldunduz (hedabideak, haurrentzako ekintzak, kultur jarduerak...) edota entitateak euskalduntzeko hitzarmengintza bultzatuz.

Neure kasuan, Gaztetxeekin egin legez, gomendioa luzatzen dizuet zuen herri edo zonaldeko euskara elkartera hurbiltzeko. Neuk 12 urterekin ezagutu nuen Txatxilipurdi elkartea eta 15 urte beranduago bertan ari naiz lanean. Bertan ikasi nuen kontzertu bat antolatzen (gogoan dut nola antolatu genuen Anestesiaren kontzertu bat Arrasateko Gaztetxean 15 urte genituela), EHZ festibala ezagutu nuen (5 urtez joan ginen jarraian Arrasatetik), udalekuetaz gozatu dut haur eta langile gisa, ikastaroak egin ditut, lagunak egin ditut, eskolan ikasten ez dena ikasi dut, ligatu...

Gure hizkuntzak eskertzen du berau erabiltzea kalean, eskolan, lagunartean edota etxean. Euskara elkarteak behar hauek asetzen ditu. Guk behar dugu gure herria ezagutzea, gure herrikideekin harremanetan egotea, ikastea, dibertitzea... Eta euskara elkarteak behar hauek asetzen ditu ere.