539 Zenbakia 2010-07-02 / 2010-07-09
Euskal Herrian burutzen diren bertso emanaldi gehienak zure eskuetatik pasatzen direla entzun dut...
Gutxi gorabehera! Lanku Bertso Zerbitzuaken egiten dut lan eta bertan, kultur ekitaldiak sortu zein antolatzeko giza zein baliabide materialak kudeatzen ditugu; baina nire lanak arlo zabalagoa hartzen du, emanaldi bereziak antolatzeaz arduratzen naiz, bai eta komunikazio arloaz, editorialaz...
Halere, egia da saio asko eta asko guk antolatzen ditugula; zifra bat ematearren, urtean zehar 380 bertso emanaldi inguru kudeatzen ditugu, pentsa! Astebururo sei–zazpi emanaldi izaten dira, eta guztia kontrolatu behar izaten dugu.
Baina ez da hor amaitzen bertsolaritzarekin duzun lotura... Gai–jartzailea baitzaitugu!
Orain 11 urte Altzako Santa Isabel festetan –uztailaren 2an– aritu nintzen aurrenekoz gai–jartzaile moduan. Garai hartan bageneukan bertso–lagun talde bat sortuta, eta ordura arte festetako bertso–saioan aritzen zen gai–jartzaileari neure burua proposatu nion lan hura egiteko eta baiezkoa eman zidan.
Jose Lizaso eta Jon Azpillagarekin egin nuen aurreneko plaza hura. Gustatu zitzaidan esperientzia eta hurrengo urteko jaietan ere egiteko horretan jardun nuen, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin. Hirugarren urtean, Andoni Egaña eta Aitor Mendiluzeri ipini nizkien gaiak.
Egun batean bertsolari horietariko batek nire kontaktua Bertsozale Elkartera bidali zuen eta horri esker, Euskal Herri osoan zehar hasi nintzen gai–jartzaile moduan. Ordura arte ez zitzaidan burutik pasatu plazarik plaza ibiltzea, herritik irtetea, alegia. Baina aukera iritsi, eta saio ezberdinak ateratzen joan zitzaizkidan. Sustrai Colina eta Amets Arzallus bertsolariekin (eta lagun), Barkatu izeneko emanaldia sortu genuen eta horri esker, plaza dexente eta bertsoaz, bertsolaritzaz eta bertso inguruaz izugarri ikasi nuen.
Asko izan dira emanaldiak, baina momentu berezi moduan oroitzen dut duela zortzi urte Donostian eginiko Bertso Egunean Joxerra Gartziarekin aritzeko aukera eman zidala elkarteak. Ordutik ugari izan dira zapaldutako oholtzak.
Gai–jartzaile fazeta horren harira, teknologia berriak baliatu eta blog bat ipini zenuen martxan duela bi urte.
Halaxe da. Nire kabuz hasi nintzen saltsan esparru horretan eta arrazoi jakin batek bultzatuta ekin nion proiektuari. Hain zuzen ere, nire etxeko ordenagailuko artxiboa ordenatu nahian ari nintzela, neukan materialak beste leku bat behar zuela iruditu zitzaidan.
Gainera, jendeak ere galdegiten zidan gai–jartzaileen gaineko materialaren gainean, eta libururen bat edo beste egon arren, sarean ezer gutxi zegoela ikusi nuen. Hasieran nire saioak zintzilikatzen nituen soilik, baina poliki–poliki beste batzuen materiala sartzen hasi nintzen; azken finean gai–jartzailearen bloga da, eta ez Unai Elizasurena! Orokorrean hitz eginez, hutsune handi bat zegoen arlo honetan, eta nolabait betetzen joan gara blogaren bitartez.
Tutoretza–blog bat balitz bezala!
Antzerako zerbait! Bestaldetik, Bertsonal Trainer izeneko atal bat, bertsolariaren entrenamendu pertsonal baterako gaien zerbitzua. Eta bitxia da jendearengan utzi duen sentsazioa, ezen eskaera pila bat egin dizkidate.
Gai–jartzaileak beraz entrenatu beharra dauka! Ez nekien nik horrenbeste lan egin behar zenutenik...
(barre) Adibide bat ipintzearren, zortziko txikia nola egituratu jakinez gero, gai gara ia bat–batean bertsoa botatzeko. Baina derrepentean gai egoki bat sortzeko gai ote gara? Ogibide bat da, eta saio bat daukagula dakigun momentutik, bueltaka hasten da gure burua, eta landu egiten ditugu puntuak. Nik saio ona aterako denik ezin dut ziurtatu, baina gai onak eramango ditudala aldiz, bai. Eta denak dira lana egiteko kapaz, baina ondo egitea da kontua, eta uste dut, asmatu dudala lan metodologia egoki bat. Saio txarrik ez da irtengo papereratutako nire gaiekin; gaien erruz bakarrik ez direlako saioak txarrak izaten.
Beraz, zeintzuk lirateke gai–jartzaile batek dituen egitekoak?
Sukaldariaren eskuetara iristen diren produktu horiek garraiatzen dituenaren pareko lana daukagula esango nuke. Hau da, merkatura joan, zein elikagai dauden eta denboraldikoak zeintzuk diren begiratu, elikagai horietatik motibatzen nautenak hartu eta azkenik, modurik egokienean menuko lehenengo, bigarren edo hirugarren platerean sartzea proposatzen dut.
Egituraren garrantzia.
Bai, zalantza barik. Gai bakoitzari bere tokia ematea garrantzitsua da, baina gainera, bertsolari guztiak mikrofonora kopuru berean hurbil daitezen saiatu behar gara baita ere.
Noski, bertsolariei ematen zaizkien gaien tonu edo egoerak bertsuak izan daitezen ahalegindu behar gara; hau da, bertsolari bati ez dizkiogu beti gai serioak ipiniko eta beste bati komikoak, orekatzen joan beharko genuke.
Eta hori guztia kontuan hartzeaz gain, gaia hautatu behar dugu; ezen, edozerk balio al du? Jendeak pentsatzen du gai onak eta txarrak daudela, baina nire iritziz, gai egoki eta desegokiak daude, toki zein momentu bakoitzean gai desberdinek funtzionatzen baitute. Esaterako, BECen erabili genituen gaiak, lau urtetan zehar irtendako onenak ziren eta oso aproposak momentu hartarako; ziurrenik hurrengo egunean beste saio batean baliatuz gero, ez luketela eragin berdina izango. Eta modu berean bertso–afari batetan, bertso egun batetan, edo plaza batetan aritzen bagara.
Eta tokiaz gain, bertsolaria hartzen al da kontuan?
Neurri batean bai, zalantzarik ez; txapelketetan ez horrenbeste, ez baitugu jakiten nor arituko den. Eta noski, eskola arteko txapelketa bat prestatzen bagabiltza adibidez, gaia ere maila horretakoa izango da, ez diogu Palestinari buruzko bertso bat eskatuko ume bati!
Nola deskribatuko zenuke gai–jartzailearen lana?
Azken finean, kazetaritza lanaren modukoa da gurea. Ahalik eta gehien dokumentatzen gara, nik ez diet muzin egiten iturriei. Esaterako, ekainaren 8an saio bat baldin badaukat, wikipedian data hori sartu eta datu historikoak begiratzen ditut, ideiarik atera dezakedan ikusi, saioa garatuko den herriari buruzko dokumentazioa begiratu...
Bestalde, etxean prestatutakoa oholtza gainera igotzerakoan ahalik eta erakargarrien komunikatu behar dugu, noski. Nik aurretik ispilu aurrean entseatzen dut, edo grabatu egiten dut neure ahotsa zein tonu baliatu jakiteko.Gai serio bat ezin duzu umore tonuaz esan edo alderantziz, ez baldin bada behintzat hori zure asmoa. Gainera, komunikatu behar duzun horren forma zaintzea ezinbestekoa ikusten dut, argi eta zehatz azaltzea hain zuzen. Halere, estilo ezberdinak daude gai–jartzaile batetik bestera.
Gehienetan bertsolaritzari buruz hitz egiterakoan, bertsolariaz ari gara soilik. Baina zein garrantzitsua den saio batetan gai–jartzailearen lana!
Oso! Oholtza gainera igotzen garenean publikoak ondo pasa dezan dugu xede, eta gure eskutan dago bertsolariak kantatuko duenaren gainean erabakitzea. Eta hori, luxu bat da. Baina bestaldetik, baita erantzukizun izugarria ere, ezin baitugu –nolabait esatearren– botere hori daukagula–eta, edozer egin, ezta esan ere.
Gai–jartzailearen garrantziaren beste adibide bat: zer gertatuko litzateke jaialdira joan behar duenak istripu bat eduki eta ezin bada saiora joan? Bertsolari baten kasuan, beste bati deitu eta bere ordez joan liteke, edo bertsolari bat gutxiagorekin egin liteke saioa... Baina gai–jartzaileak ezin badu? Aurreko udan esaterako, 13:00etan zen saio baterako goizeko 10:00etan deitu ninduten. Deitu nindutenetik, iritsi nintzen arte ez nintzen pertsona izan... Errepidean papera hartu eta gaiak idazten, telefonoan grabatzen... gure lanaren oinarria lana da eta ez inprobisazioa! Saioa ez zen txarra irten, baina ez nintzen gustura geratu. Plaza horrek merezi zuen gehiago. Entzuleak eta bertsolariak, lana egin duen gai–jartzaile bat behar dute oholtzan.
Halako ardura zure gain izanda, nola igarotzen dituzu taula gainera igo aurreko uneak?
Beti diot saio aurreko eguna eta baita egunean bertan, ez naizela pertsona izaten; nirekin egotea eta ez egotea, antzera! Burua horretara daukat, nahiz eta dena prest izan. Halere, lauzpabost kidetik gorako saioetan konplikatu egiten denez, nire trikimailutxoa daukat eta aurrez prestatutako eta koloreztatutako taula eramaten dut orri batean, bertsolari bakoitzaren altxaldiak adieraziz, esaterako. Eta saioa hasi baino lehen bertsolariak eurak konbentzitzen ditut aurretik prestaketa lan handia egin dudanaz, eta saio paregabea burutzear gaudela; baikortasuna kutsatzen saiatzen naiz. Unai Elizasu (Altza, 1980) Herri Ametsa ikastolan ikasi zuen aurrena Unai Elizasuk, eta Barandiaran lizeoan ondoren. Hamalau urte zituela arraunean hasi zen eta kirolarekin erlazio estua eduki du ordutik eta Kirol hezkuntza estudiatu zuen. Baina Animazio teknikari ikasketak egitera ere animatu zen segidan. Lanari dagokionez berriz, Bertsozale Elkarteko Xenpelar Dokumentazio Zentroan aritu zen urtebetez; Gipuzkoako Arraun Federazioko zuzendari teknikoa izan zen bi urtez; Irutxuloko Hitza egunkariko kudeatzaile lanetan aritu zen urte eta erdiz; eta azken lau urteotan Bertsozale Elkartearen Lanku Bertso Zerbitzuak enpresan dihardu lanean. Gainera, plazaz plaza ere aritzen da, bertsolariei gaiak ipiniz.