540 Zenbakia 2010-07-09 / 2010-07-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak nazioartean: Venezuela, lurreko paradisua

FANEITE HERNÁNDEZ, Pilar

Itzulpena: Zuriñe Velez de Mendizabal Etxabe



Hegoamerika iparraldeko kostaldean dago kokatuta Venezuela eta guztira, 916.445 km2ko azalera dauka, ia Espainiaren bikoitza. Karibeko itsasoa ukituz, 2.183 kilometrotako luzera duen lerro bat osatzen du, eta bere baitan, iparralde guztitik hedatzen diren subiranotasun venezuelarra duten irla zingiratsu eta uhartetxoak hartzen ditu. Gainera, askotariko paisaia motak eskaintze dizkigu, dela oihan amazonikoa, direla elur iraunkorreko zelai eta tontorrak.

Lurralde honetako edertasunak bisitariaren arreta piztu, eta ez du inor axolagabe uzten. Colon berak, 1498an “Dohaitzaren Lurra” moduan deskribatu zien Errege Katolikoei lekua, eta egun ere, bere aberastasun geografikoak naturaren, eguzkiaren, abenturaren zein herri xarmangarrien maitaleentzako agertoki bikaina izaten jarraitzen du.

Venezuelan sakabanatuta dauden espazio natural anitzek bisitariarengan iragan eta gero bat markatuko dute, eta horietariko batzuk dira jarraian aipatuko direnak:

– Amazonas: Orinoko ibaiaren sorlekua da, eta zortzi mila landare espezietik gora hazten dira bere lurretan, esaterako, landare autoktonoa den orkidea. Oihan eta parkeak gertutik ezagutzeko modurik onena, bongo edo curiara deituriko kanoatan bidaiatzea da. Duela ehunka urtetatik eta Kolonbia, Brasil eta Venezuelako mugak elkartzen diren lurretan, Yanomami, Yekuana edota Curricapa komunitate indigenak bizi dira.

– Bolibar: Estatu honen handitasuna ez da dauzkan 240.528 km2tara mugatzen, bere barnean altxor natural ugari dituelako ere ikaragarria da. Canaima Parke Nazionalean Salto del ?ngel –munduko ur–jauzirik garaiena– dago. Gran Sabanan berriz, kolore anitzetako ibaiak eta tepuy ugari aurkituko ditugu ? planetako zaharrenak diren, denboraren joan etorriek eraldatutako eta inguruko indigenentzako balio handikoak diren mesetak. Egin nahi dugun turismoaren arabera, hegazkin, curiara, jeep edota oinez egiteko txangoak eskaintzen dira, denak, El Dorado moduko kondairekin bustiak.

– Los Roques artxipelagoa: Berrogeita hamar irla zingiratsuz eta atoloi formako hirurehun hondar–gunez osatuta dago parke nazional hau. Aparteko lekua da, Karibeko itsas espezieen % 87a ere bertan baitago. Gran Roque da bertako irla zingiratsu nagusia, eta badauka Caracas zein Margarita uharteetatik iritsitako hegazkinak lurreratzeko pista bat. Gainera, egun batzuk bertan igaro nahi dutenek ostatu ugari dituzte eskura. Ez da aukera txarra, urpekaritza gustuko duenak ur gardenetan, fauna eta flora barietate ugariz gozatzeko aukera izango baititu, edota leku aproposa da pentsaezinezko arrats ederrak begiztatzeko. Azaro eta apirila artean, otarrain denboraldia izaten da, arrain eta marisko eskaintza zabalari gehituz.

– Andeak: Tropikoan egon arren, Venezuelak Andeetako mendikatea dauka bere eremu barruan, lau mila metro baino gehiagoko tontorrekin. Ingurune ikusgarriak dira eta eskualdeko zonalderik turistikoena bilakatu da. Andeetako hiru estatuak (Merida, Tachira eta Trujillo) paisaia menditsuek, basamortuek, urmaelek, haran eta herri harrigarriek eta biztanleen adeitasunak, lekua are eta erakargarriagoa bilakatzen dute. Zonalde hau, Kolonbiarekin mugan dago eta klima pribilegiatua eta gastronomia interesgarria eskaintzen dio bisitariari.

Aipatutako tokiez gain, erdialdeko kostalderaino gerturatu eta Choroni bisitatzera joan gaitezke ?surflarien zein danbor doinuekin dantza egin eta guarapita (pattar eta fruta zukuekin eginiko edaria) probatu nahi dutenen helmuga. Handik gertu, Chuao, munduko kakaorik onena hazten den lurraldea dago. Coro ezagutzeak ere merezi du, Falconeko hiriburua; Gizon–Emakume guztien Kultur ondare izendatu zuten eta gainera, begien gozagarri da bertako dunei esker sortutako desertu–paisaia. Bestalde, Morrocoy eta Mochima parke nazionaletan fauna eta flora anitza aurkituko dugu, egun lurraldeak bizi dituen zailtasunak gorabehera, bisitariak aho zabalik uzten jarraitzen du. ‹‹Testua, jatorrizko hizkuntzan ikusi›› Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com