Euskonews Gaztea
Gaiak: Sanferminetara? Aurten ez
Aitak eraman ninduen lehen aldiz Iruñera, ni artean ume mukizu bat nintzela. Miguel Indurain izan zen arrazoia, ez dakidan zenbatgarren Tourraren irabazle bezala Atarrabian egiten zitzaion harrera ekitaldira hurbildu gintuen–eta sendiko guztiok. Gogoratzen dut ez nuela ezertxo ere ikusi, aitak ?suposatzen dut– topera gozatuko zuen arren. Une batez ahaztu egin zitzaion, beraz gain beste hiru pertsona geundela berarekin: ama, arreba eta hiruok. Eta oroitzapen zirriborrotsua badut ere, ama biziki haserretu zitzaiolakoan nago. Argazkia: ezioman
Harrez gero hamaika aldiz itzuli naiz Nafarroako hiriburura, batzuetan bakarrik eta gehienak kuadrillan. Zer esanik ez, sanferminak izan ditugu adiskideok datarik esanguratsuena lagunok motxila hartu eta Iruñera agertzeko. Aurten ez; aurten lanak ez dit ahalbidetzen, eta Internetekin konformatu beharko naiz Estafeta eta inguruko giroa dastatzeko. Baina ez da berdina izango. Eta horrek pentsamendu pare bat ekartzen dizkit, kezka sortzen didatenak.
Alde batetik, gaztaro menderakaitzeko sasoiak joan ote diren da artegatzen nauena. Itzuliko ez diren askatasunezko sentimendu eta bizipenak nabarmentzen ditut nire oroimenean eta bertigoaren moduko batek harrapatzen nau. Anabasa itzelaren zurrunbiloan galduta, hiruzpalau egunetako leherpen atomikoarekin astintzen genuen gorputza, ibilbidearen buruan zer aurkituko genuen bost axola zitzaigularik. Giza marean abandonatuta, kalean gora kalean behera ibiltzen ginen, aldamenean saltoka genuena nor zen batere inporta gabe. Eta aitortu behar dut ausarta izan naizela gehiegikerietan.
Kezkatzen nauen bigarren arrazoia, nire aitaren irudiarekin dago erlazionatua, hain zuzen ere Miguel Induraini txalo eta oihuak eskaintzera joan ginen urte hartako espektro patetikoarekin. Eroriko al naiz ni ere tranpa berdinean eta eramango al ditut inoiz nire seme–alabak sanferminetara, beren aitaren iraganeko pasarte aintzatsuak “bizi” ditzaten?
Bi arrazoi horien artean ez dakit zein den gehien dardaratzen nauena. Edozein modutan bata bestearen ondorio naturala da, eta biak soseguz aztertzekoak dira, etsipenezko zuloan ez galtzeko. Ni aurten, badaezpada ere, lanean geratuko naiz, eta asteburua ere abuztuko oporraldi lasaia non ematen hausnartzeko aprobetxatuko dut. Esaten dutenez, burmuina oso adimentsua da eta gorputzaren aldaketetara egokitzen da, oharkabez. Bigarren arrazoia, berriz, seme–alabak ditudanean birplanteatuko naiz.