540 Zenbakia 2010-07-09 / 2010-07-16
Urdaibaiko paduran, Oka ibaiaren bokaleko ezkerreko ertzean, hondartza txiki bat sortu ohi da, Txatxarramendi uhartearen parean. Harea fineko hondartza da, 120 metro luzera eta batez besteko zabalera hamabost bat metrokoa baino ez da, nahiz eta itsasbeheran hondartza handitxo bilakatu. Sukarrietan bertan dago hondartza hau, herri–gunetik oso hurbil. Ezkerreko aldeak tren geltokiko paretarekin egiten du muga, eta eskuinekoan hondartzari eutsi ahal izateko eginiko hormarekin.
Goiko aldean, kai txiki bateraino heltzen den pasealekua du. Askok, gazteek gehien bat, bainatzeko erabili ohi dute moila txiki hori.
Toñako hondartza maldatsua da, eta altuera desberdintasun handia du goiko eta beheko aldeen artean. Hori dela eta, nahiz eta hondoan zulo eta putzurik ez izan, uretan sartu ahala berehala hartzen du sakonera handia. Uretaratzerakoan, beraz, hobe dute kontuz ibiltzea igerilari trebeak ez direnak.
Mareak behera egiten duenean, harri ugari agertzen dira hondartzaren beheko aldean, eta nahiko erraza da horiekin min hartzea. Oka ibaiaren bokale zabalaren alde bietan Toñaren antzeko hondartza ugari sortzen dira, eta guztiek dituzte bereizgarri ohargarriak. Estuarioko hondartzak izanik, arreta handiz ibili behar da marea aldaketa uneetan, gorako eta beherako korronte bortitzak sortzen baitira marea arteko tarte horietan: itsaso aldera erakartzen gaituztenak mareak behera egiten duenean; ibaian gora garamatzatenak mareak gora egiten duenean. Azkar gertatzen dira, gainera, aldaketa horiek eta oso–oso adi egotea komeni da. Bereziki arriskutsuak izan daitezke marea gorak estuario hondartzetan. Izan ere, itsasbeheran askotan sortu ohi dira ibaiaren erdian hondarrezko irlatxoak, ustez seguruak direnak beta askotan ertzetik nahiko urrun ere egon daitezkeenak. Itsasbeheran oinez hel daiteke askotan ustezko irlatxo horietara, baina itsasoak gora egiten duenean berehala inguratuko gaitu urak eta kasu askotan ia bat–batean geratuko gara hondoa ezin ukituta eta uretan isolatuta, korronte eta zurrunbiloen menpe. Beraz, itsasbeheran hondartzatik urruntzen bagara hobe da uraren mugimenduari eta marea ordutegiari begirik ez kentzea.
Marea artek tarte horietan izan ezik, hondartza segurua da Toñakoa. Ia batere olaturik ez duena. Olatu berezi bat, ordea, nahiko ohikoa da: abiada bizian ibaian gora datorren olatu handi bakarra, itsasoa gora datorrela adierazten duena eta dakarren indarra dela–eta, arriskutsua ere izan daitekeena.
Hondartza txikia izan arren, jende asko erakartzen du Toñakoak. Zorionez, ondo hornitutako parke ederra du inguruan, itsasgoran hareatza txiki geratzen baita bertaratzen diren guztiak hartzeko. Hondartza bera ere nahiko ondo ekipatuta dago.
Zerbitzuak Sorosleak, aparkalekua, komunak.
Ekipamendua Dutxak, iturriak, paperontziak, bidoiak, bizikleta–eramatekoak.
Ekintzak Bainua, eguzkia, haur jokoak, boleibola, bela, windsurfa.