541 Zenbakia 2010-07-16 / 2010-07-23
La Plata, Bueno Aireseko probintziaren hiriburua da eta Hiriburu Federaletik 60 kilometrotara dago –edota autobusez joanez gero, ordubetera.
Hiriak duen diseinuak berezia egiten du tokia: lauki bat da eta 40 bider 40 cuadrako* lauki–sarean zatituta dago; iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera doazen bi diagonal nagusik gurutzatzen dute hiria, nahiz eta hauen paraleloak diren beste diagonal txiki batzuk ere badauden. Sei cuadrako plaza bat eta etorbide bat aurkituko ditugu. La Platako eraikin publikoak Lorena gurutze forma duen ardatz batetan daude: 51 eta 53 etorbideen artean, eta 7 eta 13 etorbideen gainean. Bai, zenbait kale eta etorbide zenbakituta daude, nahiz eta beste batzuek pertsonaia ospetsuen izenak eduki. Argazkiaren oina eta egilea
Pedro Benoitek pentsatu eta diseinatutako hira da. Fundazio harria 1882ko azaroaren 19an ipini zuten Moreno Enparantzaren erdian, bi diagonal nagusiak elkartzen diren tokian. Garai hartan, Errepublika Argentinarra federal bihurtzeko prozesuan sartuta zegoen eta Buenos Aires probintziarekin partekatzen zuen hiriburua. Azken honek Argentinako Estatuari eman zion hiria, bertako lekurik aberatsena baitzen –%48ko BPG– eta ondorioz, probintziako hiri nagusi bilakatu zen.
Inguru osasungarriago bat garatzeko asmoz postulatu ingeles eta frantsesak jarraitu zituzten, La Platako kale, enparantza eta parke guztiak oso zabalak dira, modu horretan, zuhaiztiak ipini ahal izateko eta baita tokiak eguzkitsuak izan daitezen ere. Halere, gaur egun bereizitasun hau aldatzen joan da, baina bertako espezieekin bai eta exotikoekin osotutako hiriko flora aberastasun bakana edukitzen jarraitzen du.
Fundazio garaiko zenbait eraikin, nazioartean pilatutako ereduei jarraituz altxatu zituzten, gehienak jauregi neoklasiko tipikoak: Gobernuaren Etxea, Legegintzaldiaren Jauregia, Segurtasun–Ministerioa edota Justizia Jauregia.
Udal–jauregia neo–errenazentista aleman estilokoa da, eta bere Urrezko Gela ezaguna da bai bere edertasunagatik, baita bertan burutzen diren ekitaldiengatik ere. La Platako Katedrala berriz, neo–gotikoa da eta Latinoamerikako handiena da; bere dorretako batetik ia hiri guztia ikusten da. Bi eraikinak P. Benoitek pentsatuak izan ziren. Katedrala.
Intereseko beste eraikin batzuk honakoak dira: Bideragarritasun Probintzialaren Zuzendaritza izan zena, La Patako Unibertsitate Nazionalaren (UNLP) Errektoretza, Probintziako Bankuaren jatorriko etxea, Nazio Bankua, Hipoteka–Banku Nazional ohia, Osasun Ministerioa (lehenengo batxiler eskolak), Dardo Rocha pasagunea ( Tren geltoki zaharra, egun Kultura–etxe bihurtua), Rafael Hernández Eskola Nazionala, Campodónico Jauregia (XIX. mendeko etxe burges tipikoa), Argentino Antzokia, Podestá Koliseo Antzokia edota egungo tren geltokia (Brad Pittek interpretatutako “7 años en el Tíbet” filmaren zati bat grabatu zen bertan).
Curuchet Etxeak aparteko paragrafo bat merezi du, Le Corbusierrek Latinoamerikan eginiko obra bakarra baita. Gaur egun Buenos Aires probintziako Arkitekto Eskolaren eraikina da.
Hiriak museo ugari eskaintzen ditu, baina nabarmentzekoa da UNLPren menpeko La Plata Museoa; Hego Amerikako Natur Zientzia museorik handiena da.
Bertako bizitza kulturala oso handia da, ekimen modernoetatik hasi –kale antzerkia, rock musika, folklorea, tangoa, erakusketak, hitzaldiak...– klasikoenetara –Argentino Antzokiko orkestra, ballet taldeak, koruak, UNLPko kamara–orkestra, antzerki lirikoa...
Nahiz eta administrazio–hiri moduan sortu, urteen joan–etorriarekin unibertsitate hiri bilakatzen joan zen. UNLPk 83.000 ikasle hartzen ditu, baina gainera, La Platako Unibertsitate Katolikoa, Argentinako Notario–Unibertsitatea eta Unibertsitate Teknologiko Nazionala ere bertan daude. Horrek, otsaila eta abendua bitartean batez ere biztanle gazteak edukitzea dakar.
Betidanik beraien artean aurkariak diren futbol talde bi ditu La Platak lehenengo mailan. Alde batetik Estudiantes taldea; Munduko Kopa bat irabazi du eta lau aldiz izan da Amerikako Txapelduna. Bertatik irten ziren Palermo eta Veron jokalariak eta gainera, urte luzeetan Zubeldia izan zen zuzendari teknikoa. Beste taldea Gimnasia y Esgrima deitzen da eta herrialdeko instituziorik zaharrenetarikoa da. Taldearen jarraitzailerik ospetsuena Rene Favaloro doktorea izan zen, UNLPn Medikuntza ikasi ostean, AEBn Kirurgia Torazikoan espezializatu eta munduko aurreneko bypass aorta–koronarioa burutu zuen.
* Izkinen arteko distantziari deitzen zaio cuadra Argentinan, hau da, etxadi baten aldea. ‹‹Testua, jatorrizko hizkuntzan ikusi›› Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com