Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Udane Juaristi. (Artista): Eskuak egiten duena teknologiak sekula ezingo du lortu
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Argazkiak: Udane Juaristik utzitakoak
Artista–sena txikitatik duzula eta, ez da harritzekoa Arte Ederrak ikasi izana...
Txikitatik dohain edo zaletasun hau neurekin eraman dudala esan dezaket; izan liteke geneetan daramadan zerbait izatea! Eta beno, amak beti izan du pintatzeko eta eskulanak egiteko trebetasuna eta zaletasuna, berak ere izango du zerikusirik!
Gogoan dut ez nintzela paretak marrazten zituen horietarikoa. Baina bai, amaren txikitako ipuinak. Oraindik ere, bizirik daude ipuin horiek eta dena marrez josirik ageri dira. Espresatzeko behar hori txikitatik datorkit beraz, ume gehienei bezalaxe.
Gero, Arte Ederrak ikasi nituen bide naturalena zelako–edo eta oso irakasle onak izan ditut eta dakidan gehiena bertan ikasi dut. Halere, hezkuntza arloan kreatibitatea lantzeko egiten den lana eskasa dela iruditzen zait. Ikusi izan dudanagatik, sormenari ez zaio behar bezalako garrantzia ematen eta oso balore garrantzitsua dela deritzot bizitzeko. Guztia hobetu daiteke, baina batez ere, arteari txikitatik ematen zaion lekua handitu beharko litzateke, oso gutxi eta eskas jorratzen den gaia dela ikusi izan dut.
Eta hobeto espresatzeko trebatu ondoren, egun estilo nahasketek osatzen dute zure lana, ezta?
Halaxe da, eta ikasitako teknika bakoitzari etekinik handiena ateratzen saiatzen naiz. Tekniken nahasketek –collagea, argazkiak, olioa...– emaitza bereziak lortzen laguntzen didate. Halere, guztiak du prozesu bat eta ibilbide bat.
Hasiera batean, akriliko soilez edota olioz bakarrik pintatzen nuen, emaitza batzuk lortuz. Geroago, teknika eta material desberdinak ezagutuz joan nintzen, horiek nire lanean txertatzen hasi eta beste emaitza batzuk eskuratzen nituen. Ibilbidea, deskubrimendu bat da niretzat. Materialak eta teknikak probatuz ikasi egiten da eta besteen lanak ikusiz, inspirazioa handik hemendik atereaz... Eta beraz, lana, aldatzen joaten da eta nireak ere bilakaera eduki dut, eta etorkizunean ere hala izatea espero dut. Prozesuak, ibilbideak, ematen baitu aberastasuna. Ikasteko gogo hori, ez dadila joan behintzat!
Orain arte, olioa eta argazkiaren nahasketa landu dut gehien. Collagea ere bai. Agian, eroso sentitzen naiz era honetan. Nahiago dut olioa akrilikoa baino; paisaia urbanoak naturalak baino... Halere, ez dut uste orain arte inongo esparruan deseroso sentitu naizenik.
Zure lanei begiratuta, hitz bat datorkit burura: hiria.
Asko lantzen dudan zerbait da bai. Hiria gustuko dut, ez bakarrik pintatzeko, baita bizitzeko edo karriketatik gora eta behera ibiltzeko ere. Hiri batek bizitza pila bat dauka, leku asko, gauza desberdin asko, entretenimendu ugari eskaintzen ditu... Eta niri izugarri gustatzen zait kaleetatik galdu eta gauzak ikustea. Hiriak, asko motibatzen nau.
Gehienetan, nire lanetan agertzen diren tokietan egondakoa naiz. Bidaia guztiak nire lanaren parte bezala hartzen ditut. Argazkiak atera ostean beti ateratzen da koadro bat edo beste. Inspirazioa bidaiatzen topatzen dudala esan dezaket.
Halere, egon ez naizen tokiak ere baliatzen ditut nire obretan. Horren adibidea Manhattan edo New York gogorarazten dizkiguten hiri paisaiak. Tranpa baino gehiago, bidaia horiek egiteko gogoa erakusten dute. Leku horietan egon ez banaiz ere, lehenago edo geroago joateko esperantza daukat.
Halere, erretratuak ere egiten dituzu; baita zeureak ere!
Bai, egia esan gogoko dut arlo hau. Hasieran kostatu egiten zitzaidan aurpegiak ondo egitea, eta maskara moduan egiten nituen, begirik gabe! Baina badirudi marrazteko beldur hura joan egin dela eta orain oso gustura pintatzen dudan gaia da. Aurpegiak espresiorako joko asko ematen dutela iruditzen zait. Gainera, neure burua asko irudikatzen dudala esaten didate, eta egia da. Neure burua asko maite dudalako izango da... (kar, kar, kar!) Edo modelo falta, akaso!
Eta zure lanerako teknologia berriak baliatzen al dituzu?
Bai noski! Lagungarri den oro erabiltzea gustatzen zait; probetxua atera behar zaie tramankulu guztiei. Teknologia berriak sartuta, batzuek tranpa deitzen diote. Baina, nik, laguntzak direla diot beti, etekinak ateratzeko laguntzak. Teknologia berriek, gauzak egitea ahalbideratzen dute, agian eskuak egin ezin dezakeena. Hori bai, eskuak egiten duena ere, teknologiak sekula ezingo du lortu.
Bestalde, azalduko diguzu lan bat egiteko zein prozedura jarraitzen duzun?
Aurrena, lanean hasteko, beharrezkoa dut inspiratuta egotea hala, gogoz hasten bainaiz lanean. Beti ere, besteen lanak ikusten saiatzen naiz, handik eta hemendik etorria lortzeko. Argazkiak atera, gogoa pizten didaten irudiak bildu eta lanera!
Baina badaukat lanerako funtsezko beste motibazio baten beharra, etxean bezala sentitu behar naizela hain zuzen ere. Hau da, aukeratutako irudi asko hormetan ipintzen ditut, materiala alboan izaten dut, musika entzuten egoten naiz...
Eta koadro bakoitzari zein kolore eman erabakitzeko orduan, hauek nirekin bidaiatzen dutela esango nuke. Hau da, hasieran hainbat margo agertzen dira eta denbora pasata, agian beste batzuk azaltzen dira, aurrenekoak joan... Nik uste dut, pertsonak bizitzan zehar aldaketak jasaten dituela, urteen poderioz, edota norberaren gogo–aldarteagatik, egiten duen eguraldiagatik... Argi dago egun guztiak ez direla berdinak izaten eta ezta urteak ere. Bakoitza aldatzen den bezala, bere pintura ere bai. Beraz, koloreak ere aldatzen doaz zalantzarik gabe.
Badago artista moduan betetzeko daukazun ametsik?
Nire ametsa, artistarena ogibidea izatea eta ondorioz, honetatik bizitzea litzateke eta amets hori momentuz behintzat, betetzen ari da. Aurrera jotzeko ordea, norberak bere kabuz asko egin behar du eta horretarako gogoa eta indarra sekula ez galtzea espero dut. Egia esan, ameslari xamarra naiz eta handik eta hemendik nire lana erakustea nahiko nuke. Leku ezberdinetan erakusketak egin eta horren bitartez bidaiatzen jarraitzea, ederra litzateke oso!
Bestalde, sekula ez dut edukitzen jendeari eskerrak emateko hitz nahikorik. Nire lanarekin disfrutatzen dutenei, lan horretan laguntzen didatenei, indarra ematen didaten guztiei, nigan sinesten duten horiei... Nire lana maitatua dela ikusteak izugarrizko indarra ematen dit. Hori gabe, aurrera egitea zaila izango litzateke! Udane Juaristi (Azkoitia, 1985) Udane Juaristi Ibañezek Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan ikasi zuen eta ondoren, berriz, Azpeitiko Ikasberri ikastolan. Bertan, batxiler zientifikoa egin ostean, Goi Mailako ikasketak egitea egokitu eta Arte Ederrak karreran eman zuen izena, Leioako unibertsitatean. Gainera, Erasmus bekari esker hilabeteak eman zituen Parisen. Erakusketa ugari egin ditu bere artelanekin; enkargu nahikotxo jasotzen ditu eta gainera, pintura irakaslea ere bada.