Euskonews Gaztea
Gaiak: Santiago hondartza
Santiagoko hondartza, Zumaiako portuko bokale ondoan dago. Bi morru luzeren artean, olatu hormaren eta errepideari eusten dion paretaren artean, harea–metaketa sortu du bertan itsasoak.
Herri gunean bertan egon ez arren, ez da asko ibili behar hara heltzeko. Autoa Zumaian utziz gero, oso ibilaldi laburra dute hondartza zaleek haraino, eta txalupaz ere burutu daiteke bide hori.
Hondartza lasaia da Santiago, olatu handirik gabea, bi morruok ematen dioten babesari esker. Kirol–portua ere badu Zumaiak eta ontziak bi morru horien artetik irteten dira itsasora. Beraz, haiekin ere arreta izan behar du bainu–hartzaileak.Hareak ez du aparteko gorabehera eta zulorik bainua hartzeko gunean eta udako egun bakan batzuetan izan ezik, olatuek ez dute zurrunbilo arriskutsurik sortarazten.
Errioaren bokalean baino ez da itsaslasterrik izaten. Beraz, igerian ez da lehen morruaren ezkerraldera igaro eta bokale parean jarri behar, toki hartan edozein lagun eramateko adina indar izaten baitu urak. Arreta handia behar da toki hartan.
Hondartzaren eskuinaldean, itsasbeheran, arroka ugari agertzen da marearteko zabalgune luzea osatuz. Gain–gainean Zumaiatik Getariara doan errepidea du. Eremu aretsua du Santiagoko hondartzak goiko aldean, antzinako duna–ekosistemaren aztarna bakarretakoa. Egun, hori bai, oso hondatuta daude dunak, jende asko ibiltzen baita bertan.
Atzealdean, gerizpea ematen duen zuhaizti polita dago. Udako egunik beroenetan gustura hartzen dute harten babesa eguzkipetik ihes egin nahi dutenek. Hondartza eguzkitsua da eta piraguismo zein windsurfa egiteko egokia.
Informazio orokorra
Luzera: 350 m Zabalera: 175 m Konposaketa: hondarra Hondarraren kolorea: urre–kolorekoa Hondar mota: fina
Zerbitzuak
Aparkalekua, picnik gunea, hondartza zainak, arrisku–seinaleak, gurutze gorriko postua, dutxak, komunak, telefonoa, pasealekua, garbiketa–zerbitzua eta zakarrontziak.