542 Zenbakia 2010-07-23 / 2010-07-30

Euskonews Gaztea

Gaiak: Sorterria

AGIRRE, Uxue



Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak. Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak ez bada abaildu eta oholetan. Ez du niniak begia uzten ez bada erroi edo arrabioen mokoetan. Nekez uzten du gezalak itsasoa ez hare harriak basamortua. Ez du liliak udaberria uzten ez elurrak zuritasuna. Bere sorterria nekez uzten du sustraiak han dituenak.

(Joseba Sarrionandia)

Ez zen lan zaila izan Jaime Mayor Oreja jaunaren birraitonarentzat bere seme–alabak beraien sorterritik banantzea. Ez zen gaitza izan, inondik inora, hark ez baitzuen sustrairik Euskal Herrian, haren sorterrian. Atzerrian zeuzkan sustraiak, inposatu ziguten lurralde arrotz batean, bere egin zuen lurralde batean. Baina, ez, ez zeukan sustrairik sorterrian. Ez hark eta ez bere ondorengoek. Eta hala adierazten dute, lotsarik gabe, erreparorik gabe, errespeturik gabe. Sustraiak bota dituen leku horretan egiten den legez. Halako pertsonek egiten duten moduan, hori da haien funtzionatzeko era, haien estiloa. Erbestean modan dagoena.

Nik, ordea, badauzkat sustraiak. Nire sorterria maite, estimatzen eta errespetatzen dudalako. Neure neurea delako, nire sena. Naizena. Ez dagoelako hitzik herriaz, aberriaz sentitzen dena adierazteko. Ez baita maitasuna bakarrik, ez baita jaioterria bakarrik, ez baita harrokeria bakarrik. Begiradak. Herria aipatzerakoan. Distira, epeltasuna, txinpartak... Baina berbarik ez. Sustraiak bakarrik.