543 Zenbakia 2010-07-30 / 2010-09-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Antilla hondartza

ADEVE



Oria ibaiaren bokaleko eskuinaldean dago San Juan edo Antilla hondartza, Orion, Anarri eta Mollarri izeneko bi haitz handiren artean. 1977an berritu zuten eta ordutik hondartzak berak zein inguruak aldaketa handiak izan dituzte. Handitzeaz gain, parke ederra egin dute bertan, jolas eta zabuekin.

Harea finekoa, oinutsik ibiltzeko zein etzanda egoteko aproposa, bainua hartzeko aldiz, oso arriskutsua da, ez bakarrik irekia delako, eta olatuak zuzen–zuzen eta indartsu heltzen direlako, baita ezkerraldean sortzen diren itsaslasterrengatik ere. Mareak zein haizeak eragiten ditu itsaslasterrok ibaia bideratzeko eraikitako harrizko morruaren ondoan. Itsasbeheran ezin da gainditu errioa eta hondartza banatzen dituen morrua, itsaslaster indartsuak sortzen direlako bokalean. Marea behera doanean itsaso aldera eramaten du urak bainu–hartzailea eta gora doanean, berriz, errioan barrena.

San Juan hondartzako olatuek iparretik eta ipar–mendebaldetik jotzen dute ia urte osoan, eta surfa zein windsurfa egiteko aproposak dira; negua, halere, higadura handia izaten du eta itsasgoran harea asko eramaten dute urek.

Hondartza haizetsu honek aldaketa handiak izaten ditu mareen arabera, itsasgoraren eta itsasbeheraren arteko aldea lau metrokoa baita.

Honen ondorioz, eta olatuen eraginez, etengabe aldatzen dira bere itxura eta tamaina: igerian ondo ez dakitenek

kontuz sartu behar dute uretan, oso zoru gorabeheratsua eta zuloduna duelako.

Oso eguzkitsua da Antilla. Eguzki izpiak ilunabarrera arte heltzen dira bertara eta jende asko eguzkia ezkutatu arte egoten da bertan.

Lasaitasuna da tokiaren ezaugarrietako bat, baita udako jaiegunetan ere. Jende gehien joaten denean ere beti izaten du tarteren bat hutsik. Astegunetan berriz, baretasuna nagusitzen da Antilla hondartzan.

Errioa eta hondartza banatzen dituen 300 metroko morrua pasealeku atsegina da. Ibiltari eta arrantzale asko hartzen ditu urte osoan zehar. Marea behera joaten denean, krustazeo asko agertzen da morruko arroken artean: karramarroak, izkirak, nekorak eta haien artean ikusten dira baita muskuiluak ere.

Hondartzaren mendebaldean bada golko txiki bat. Itsasbeheran, hondartzako bat begi bistan geratzen da. Zerbitzuak

Komun publikoak, dutxak, sorosleak eta autoa uzteko toki zabala. Ekintzak. Windsurfa, surfa, piraguismoa, haurrentzako jolasak, bodyboard, uretako motorra, urpekaritza, kirol–arrantza kanaberaz eta urpeko kirol–arrantza.