Euskonews Gaztea
Gaiak: Aritxatxu hondartza
Bizkaiko hareazko hondartza natural txikiena da Bermeoko Aritxatxu, hondartza bezala hornituta daudenen artean bederen. Izan ere, txikia izan arren, zerbitzu eta ekipamendu egokiak ditu hondartza honek.
Senaia arrokatsu batean sortutako hondartza da. Harrizko bi pareta handi ditu alde bietan, eta horma horien artean joan da itsasoa harea fin–fina uzten. Horregatik, itsaslabarren azpian dauden hondartza gehienak ez bezala, hareatza oso erosoa du, eta hondartza poliki–poliki doa itsasoan sartzen. Itsasbeheran, ordea, agertzen dira harkaitzen batzuk atzera egin duten urek agerian uzten duten zatian. Nahiz eta bi pareta horiek asko babestu hondartza, olatu handiak egiten dira itsaski egunetan.
Hondarra ez ezik, ura du zoragarria Aritxatxuk, garbia eta gardena. Ertzetik gehiegi urrundu gabe, hondartzaren ezker aldean gehienbat, arrain eta itsas animali ugari ikus daitezke. Egun eguzkitsuetan, itsasoa bare dagoenean, uretako betaurreko soil batzuekin hondo zoragarria ikus daiteke, alga, itsas triku eta izar eta belakiz estalia.
Sakonera txikiko uretan, kabuxa dontzeila eta karraspio txiki ugari agertzen dira, hor biltzen baitira janari bila. Udan txokoak ere bertaratzen dira, besteak beste, sakonera txikiko uretan errutera eta izkira eta karramarro txikiak harrapatzera. Itsasoa nahasia dagoenean, arroka artera etorri ohi dira babes bila korroi, boga, eta muxarra zabalak. Nahiz eta urpekaritza ekiporik ez izan, itsas faunaz arazo handirik gabe goza daiteke hondartza honetan.
Herritik aparte egon arren, autoz bertara daiteke aparkaleku txiki bat adu eta ibilgailuak uzteko. Hori ba, hain txikia eta ederra izanik, berehala betetzen da jendez Aritxatxu.