544 Zenbakia 2010-09-03 / 2010-09-10

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Ana Elbusto. (Nutrizio medikua): Osasunak bultzatu behar gaitu ongi jatera

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Testua eta argazkiak

Ba al dakigu zer den ongi elikatzea? Edo geroz eta okerrago jaten dugu? Denak balio al du edo gauza batzuk ez genituzke jan behar? Galdera horiek argitzeko asmoz jo dugu Ana Elbusto gipuzkoarrarengana. Esperientzia handia du arlo honetan, eta ongi ezagutzen du gaur egun jendeak duen joera. Mediku moduan baino, hezitzaile fazetatik erantzun die gure galderei.

Zeure ogibideaz hitz egin behar dugunez gero, nola definitu beharko genuke?

Esparru honek eremu zabala hartzen du. Medikuntza amaitu ondoren –hau bokaziozko zerbait dela esango nuke– espezialitate bat aukeratu behar nuen, eta nutrizioak beti erakarri nau, egia esan. Nik nutrizio klinikoa egin nuen, eta hala, elikadurarekin arazoren bat duten gaixoei –dela obesitatea, bihotzeko zein onkologia arazoak zein diabetesa, esaterako– plan dietetikoak egiteko aukera daukat. Eta gainera, jakin–mina duen jende osasuntsua aholkatu dezaket; hala, haurrekin egoten naiz, haurdun dauden emakumeekin, kirolariekin...

Baina ez da hori bakarrik, geuk nutrizio komunitarioa deitzen duguna ere egiten dut, elikadura osasungarriaren aldeko kanpainak eginez. Modu horretan, ikastetxeetan aritzen naiz, jende helduarekin...

Orduan, jendearekin zorrotz jokatzeaz gain, hezten ere jarduten duzu, ezta?

Hala da. Ezen egia da jendeak nutrizioa obesitatearekin lotzen duela, baina beti–beti argi utzi nahi izaten dut, nutrizioa osasunaren sinonimoa dela, eta horrek bultzatu behar gaituela ongi jatera, ez soilik gure pisuak.

Izan ere, ongi jateak osasuntsu egotea ekartzen du, ongizate fisiko eta psikologikoa, besteen artean. Gainera, pisu aproposa edukitzeko aukera gehiago dugu –hartu kontuan, ez dela soilik jatearekin lortzen pisu osasuntsua, norberak duen aktibitateak ere zerikusia baitu. Eta halaber, gaixotasunak ekidingo ditugu.

Denok dakigu ongi jatea garrantzitsua dela, baina bizi garen gizartean jende askok ez omen dauka horretarako denborarik, lana dela, ikasketak direla...

Denbora mordoa daramagu bizimodu osasuntsuaren aldeko kanpainak egiten, eta ikusi dugunez, oraindik ere jende ugarik ez daki zer den ongi jatea. Bestaldetik, duela lauzpabost hamarkadatik honako jendearen kontsumo ohituren datuak ditugu, eta jakin badakigu geroz eta okerrago erosten dugula; eta harrigarria da, daukagun aukera zabalarekin, geroz eta okerrago jaten dugu.

Eta zergatik? Denbora eza dago alde batetik, baina gainera, emakumea etxetik kanpo lan egiten duela asko hasi bazen ere, oraindik ere bera da etxeko kontuak eramaten dituena gehienetan. Halere, nik zer jan behar dudan, eta egunean zehar elikagaiak nola banatu behar ditudan argi badaukat, ez da aitzakia gaizki jatea. Baina jakin egin behar da.

Eta zer da beraz, ongi jatea?

Egunero talde ezberdinetako elikagaiak kontsumitzea, eta egunean zehar, jatordu ezberdinetan ongi banatzea. Gaixorik ez dagoen heldu batek, esaterako, egunero zerealak –ogia, pasta, pasta...– jan behar ditu, hiru fruta eta bi barazki ale, hiru esneki eta bi elikagai proteiko –lekaleak, arraina, arrautzak...

Eta guzti hori gutxienez hiru jatordutan banaturik, eta gainera, jaki kopuru gehiagotik gutxiagora murrizten joan behar dugu. Jendeak egiten duen okerrik handiena, eguneko bigarren zatiari inportantzia handiagoa ematen diola da, eta ez da horrela, jaikitzen garenetik eguerdira arteko tartea baita garrantzitsuena. Argazkia: Zach Dischner

Hala, funtsezkoa da eguna gosari on batekin hastea, eta fruta, zereal eta esnekia hartu beharko genituzke. Iruditzen zait modu honetan, hobeto banatuko ditugula egunean zehar gainerako jakiak ere. Eta beste urrezko arau bat arin afaltzea da; eta garrantzitsua da baita ere, afarian elikagai begetalak hartzea, maiz ahaztu egiten baitzaigu.

Baina orduz kanpo ere zerbait jatea gustuko izaten dugu...

Ez baldin badugu ongi gosaltzen, bazkalordura gose ikaragarriz iristen gara eta ondorioz, joera handia izaten dugu goiz erdian mokadutxo bat hartzeko. Ongi dago, baina ahalegindu beharko ginateke mokadu hori osasuntsua izaten, esneki, fruta, edo beste zerbait janez.

Oso garrantzitsua da txikitatik otorduak ongi banatzen ikastea eta bizitza osoan halaxe jokatzea.

Askarian ere, ogi–bitartekoa jan beharrean, gazteak bestelako litxarreriak jatera ohitu direla esango nuke...

Lehen aipatu dugun denbora faltak eragina du horretan eta errazagoa da euro bat eman eta beraien kabuz askarirako zerbait erostea. Baina arazoa zer erosten duten da, normalean beharrezkoak ez diren gauzak jaten baitituzte, industria–opilak, patata poltsak eta bestelako litxarreriak. Ederto egongo litzateke euro horrekin fruta–dendara joango balira, baina errealitatean ez da gertatzen, tamalez.

Orain arte, gosariaren aldeko kanpaina ugari burutu dira, baina beti pentsatu izan dut askariaren aldekoak egiten hasi beharko ginatekeela. Azken finean, ogi–bitarteko bat prestatzea ez da horren zaila, ogi zati bat hartu eta bertan zer sartu pentsatzea da: egun batean urdaiazpikoa, hurrengoan txokolatea... Eta gainera fruta ale bat ipintzea.

Modu horretan, hobeto elikatuta egongo dira, eta normalean meriendaren ondoren kirola egiten dutenez gero, energia gehiago izango dute. Litxarreriak janez gero berriz, afalordua iritsi eta ziurrenik, kostatu egingo zaie pentsatuta geneukan entsalada jatea.

Eguneroko bizimoduan ohitura onak jarraitzea ez da horren zaila izaten, baina oporretan...

Normala izaten da opor sasoian bestelako erritmoa jarraitzea eta jaramonik ez egitea elikadura ohiturei; baina bestalde, opor ostean pentsatzen duguna baino gutxiago kostatzen zaigu berriz ere egunerokotasunari heltzea. Ezen, ez badugu ongi jaten, okerrago digeritzen dugu, puztuta sentitzen gara, eta pertsona batzuek lo ere okerrago egiten dute.

Gehienok hartzen dugu kiloren bat edo beste, eta opor ostean, pisua galtzen saiatzen da jende asko, eta sarri, modu okerrean. Hau da, badaude guk mirariak egiten dituzten dietak deitzen ditugunak.

Alkatxofaren dieta moduak?

Horixe. Erakunde ezberdinetatik salatu ditugu halako dietak, ezen pisua galdu nahi duenak modu osasuntsuan egin behar baitu. Ongi jan eta kirola eginez, eta noski, eta bere denbora eramaten duela argi edukiz, norberak bere erritmoa izaten baitu.

Ezen metodo arraroak baliatuz, yo–yo efektua ematen da, kendu dituzun kilo horiek berreskuratzen dituzu, eta normalean plus batekin!

Konstantzia funtsezkoa da, orduan.

Ezbairik gabe. Norbaiti dieta bat ipintzen diodanean ez da aldi baterako gauza bat; hain zuzen nutrizio medikuon asmoa bezeroak pisua galtzeaz gain, ongi jaten ikas dezala da. Hezi egiten dugu jendea orokorrean hitz eginda, eta erremintak ematen ditugu, aholkatu...

Adinaren arabera gehiago edo gutxiago jan beharko dugu, ezta?

Etapa ezberdinen artetik, nerabezaroan da elikagai gehien jan beharko dugun sasoia, hazten garen garaia da, eta gure gorputza aldatzen da hormonei eta dagokionez. Baina gero, gure aktibitate fisikoaren arabera ere gehiago edo gutxiago jango dugu.

Nerabezaroa aipatu duzula, orduantxe ematen al dira elikadura arazo gehienak?

Egia esan ez naiz aditua horretan. Halere, datuek erakusten dute geroz eta bulimia kasu gehiago ematen direla oharkabean pasatu daitekeelako, ezen anorexia kasuak deigarriagoak izaten dira. Eta ez pentsa elikadura gorabeherak horrenbeste ematen direnik nerabezaroan, geroz eta heldu–gazte gehiagok pairatzen baitituzte, gure gizarteak irudiari ematen dion garrantzia dela eta, gehienetan.

Eta beste muturrean, atentzioa ematen du telebistan–eta, obesitatea duten geroz eta ume gehiago ikusteak.

Geroz eta ume gehiago daude, bai. Maltaren ostean, estatu espainiarra da azken datuen arabera, Europako obesitate kasu gehien dituen herrialdea. Lau umetatik batek dauka pisu arazoa, eta txarrena, okerrera goazela da.

Baina, telebistan agertzen direnak obesitatea dutenak dira, eta hori icebergaren tontorra da. Zergatik ematen den, behar baino gehiago jan eta behar beste ez mugitzeagatik. Horren ostean bestelako ondorioak datoz, gaixotasunak. Obesitatea duen umeak heldu bihurtu eta diabetesa izateko arrisku gehiago dauka.

Txikitatik ohitura onak izatea garrantzitsua da, gainera, gero eta helduagoa, orduan eta gehiago kostatuko zaigu. Beti diot nahiago dudala gaztetxoekin lan egitea, nerabeekin aritzea baino; azken finean, hauek beren adinekoen influentzia edukitzea normala da, eta ingurukoek gaizki jaten badute...

Bestalde, badaude elikadurarekin lotutako mitoak, esate baterako, ogiak gizendu egiten duela.

Asko dira hautsi beharko genituzkeen uste okerrak, eta ogiarena dugu horietariko bat. Ez dut ezagutzen gaixotasunen batengatik ogia ezin jan dezakeenik; ez obesitate, ez diabetes, ez zeliako ezta digestio arazoengatik ere, ez da kentzen ogia dietatik. Norberaren egoera eta ezaugarrien arabera, kopuru gehiago edo gutxiago jan beharko dugu. Oso garrantzitsua den elikagaia da, jan beharrekoa.

Iruditzen zait zuretzako edozein elikagaik daukala tokia gure dietan.

Bai, zalantzarik gabe. Batzuk derrigorrez egunero jan beharko genituzkeenak dira –hasieran aipatu ditudanak–, eta badaude noizean behin jatekoak –gailetak, industria opilak, izozkiak, litxarreriak, ... Egun batean txorizo apur bat jaten badut ez da ezer gertatzen, baina egunero...

Burua erabilita jan behar dugu, eta hedabideetan agertzen den guztiari ez genioke kasu egin beharko. Gure aitona–amonek aukeratzeko gauza gutxi zituzten, eta orain barietate izugarria dugu merkatuan, eta horren arabera jaten dugu. Eta ezin dugu ahaztu, jatorduren bat ez betetzea huts bat dela, guztiek baitute garrantzia. Ana Elbusto (Paris)Frantzian jaio zen arren, txikitatik bizi da Ana Elbusto Donostian. Medikuntzan Lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean; Nutrizio eta Elikagaien Zientzia masterra egin zuen Bartzelonan; doktorego ikasketak EHUn, Aurrerakuntzak Pediatria eta Haurren Elikaduran; Obesitatean Unibertsitate Aditua, Las Palmas Kanaria Handiko unibertsitatean. Baina etengabe dihardu ikasten, elikadura arloak ez baitauka amaierarik. Gainera, bere kontsulta dauka Donostian bertan eta ikastaro, hitzaldi eta abarretan ere parte hartzen du.