545 Zenbakia 2010-09-10 / 2010-09-17
Bizkaiko hiriburua, Athletic edota Guggenheim museoa baino zerbait gehiago da. Bilbo eraldatzearen sinonimoa da, aniztasunaren lagun eta garai berrietara irekita dagoen hiri zaharra.
Denboran atzera egin behar da hiriaren jaiotzaz jabetzeko; hain zuzen, 1300. urtean Bizkaiko jaun Diego Lopez de Harok fundatu zuen herria. Hastapenean, hiru kalek osatutakoa egun Zazpikaleak moduan ezagutzen denari bide eman zion; ordutik euri asko egin du, eta Bilbo zortzi barrutik osotzen dute.
Garai on eta txarrek zipriztintzen dute Bilboren historia. Gutxi batzuk aipatzearren, XIX. mendean kolera gaixotasunaren eraginez, 778 pertsonek galdu zuten bizia; edota 1983. urtean Euskal Herriko toki ugari zigortu zituen uholde lazgarriak ere pairatu zituzten bilbotarrek; eta ontzigintza oparoaren gainbehera eman zen 1990eko hamarkadan.
Baina sasoi latzez gain, une onak ere bizi izan ditu Botxo moduan ezagun den hiriak. Esaterako eta garai modernoez hitz eginez, hiriaren itxura industriala alboratu eta modernitatearen gune bilakatu dela. Bertaratutako turista andanak ekonomikoki aurrera egiten lagun dio hiriari, eta 1997an Guggenheim museoa eraiki izanak ere eragin du horretan. Eta nola ez, zaleentzako zoriontasunen –eta batzuetan, atsekabeen– iturri, lehoi zuri–gorriek eskaintzen dieten espektakulua. Hiritik bueltaka
Onena baina, hiria ezagutzeko bertaratzea dela zalantzarik ez. Orain, zer ikusi erabakitzea norberaren eskutan dago. Halere, segidan aipatuko ditugunak hautu subjektiboak soilik ez badira ere, akaso lagungarri zaizu zer bisitatu erabakitzeko.
Aurrena, hirian nola mugitu erabaki beharko genuke, eta aukerak ere ez dira gutxi, bisitariak bere hankak zein tranbia, autobusa edota metroa baliatu baititzake, zonaldearen arabera hobeto datorkiona hartuz. Museoak bisitatzea gustuko duenak toki ezberdin ugari ditu aukeran, besteen artean, Arte Ederren Museoa, Euskal Museo Etnografikoa zein Frank Gehry arkitektoaren Guggenheim artelana. Azken hau, Nerbioi ibaiaren ertzean kokatuta dago, eta paseo bikaina eskaintzen dio bisitariari Arriaga antzokiraino joateko.
Bidean kirolen bat praktikatzen dabilen jendearekin gurutzatuko gara, eta kuriositate bezala, zenbait egunetan, arraunlariak ere ikusi ditzakegu ibaian entrenatzen. Bestalde, alde zaharrerako bidean Luise Bourgeois artista frantsesaren Ama eskultura antzemango dugu, hamar metro dituen armiarma erraldoia.
Alde Zaharraren alde batean utziko dugu San Frantzisko auzo ezaguna eta zazpi kaleetara egingo dugu. Dendak aurkituko ditugu, zahar–zaharrak edota azken moda eskaintzen digutenak; baita kaleko musikariak, tabernak... Eta momentu ona izan daiteke indarberritzeko, mokadutxoa janez eta tragoxka hartuz.
Bilbok baina, beste makina bat toki ditu bisitatzeko. Hurrengorako utziko dugu proposamena, bertara bueltatzeak merezi du eta. Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com