546 Zenbakia 2010-09-17 / 2010-09-24

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak nazioartean: São Paulo: erraldoi abegitsua

ORMAZABAL, Estebe



Brasilera hurbiltzen diren bisitari askok São Paulo pasagune bezala izaten dute eta, arrazoi faltarik gabe, hiriaren erraldoitasunak ikaraturik gehienak hondartzen bila ihes egiten dute. Hala ere, egun batzuk bertan pasatzera ausartzen denak, Hegoamerikako hiririk handienak, munduko laugarrenak, ezkutatzen dituen xarmak jo, eta, ni neu bezala, ezin irtenean amodio–gorroto honetan hurrengo 13 urteak pasatzeko arriskua du. Hiria, gauez. Argazkia: Andre Deak

São Paulotaz hitz egitean ezinezkoa da beren neurriez ez egitea: munduko laugarren hiririk handiena, Hegoamerikako handiena: 1.530 km2 eta 11 miloi biztanle. São Pauloko gune metropolitarra edo São Paulo Handia (Grande São Paulo) hartu ezkero: 38 udal eta Brasil eta mundu osotik etorritako 20 miloi biztanle.

Handitasun eta aniztasun guzti honetan aukera bat egitea ez da erraza, beraz hemen egun pare bat pasa behar dituen bidaiari batentzako ez gida bat, baizik eta erreferentzia puntu batzuk besterik ez, eta galdu ezkero (zur gertatuko den zerbait), dudarik ez izan: galdetu kalean edozeini eta bertako gida bat aurkituko duzu.

Edozein hiri ezagutzeko erarik hoberena bertan murgiltzea da, beraz jantzi oinetako on batzuk eta goazen São Paulon paseotxo bat ematera: Sé katedrala. Argazkia: Leandro’s World Tour Pateo do Collegio (Eskolako ataria)

Gure paseotxoa São Pauloko bihotzean hasiko dugu: inguroko eraikin erraldoien artean ezkutaturik, Pateo do Collegio, hiriaren fundazio gunea aurkitzen da: Jose de Anchieta, euskal jatorriko jesuita kanariarrak 1553.an sortu zuen eskola eta elizaren kokagunea. 457 urteko historian, bere inguruan metropoliaren sorrera eta gorabeheren testigu izan da. Gaur egun eliza zaharra, “Anchieta” museo , “Padre Antonio de Vieira” liburutegia eta kafetegi polit bat dago.

Hemendik, oinez “Praça da Sé”–ra inguratuko gara. Bertan Sé katedrala aurkitzen da, gotiko eta bizantziar estilokoa (Catedral Metropolitana), Brasilgo elizarik handiena eta barnean Hego Amerikako organorik handiena. Ala ere interesgarriena elizaren kanpoan aurki genezake: 1924.ko Palacete São Paulo,eta Justizia Jauregiaren (Palacio da Justiça) kanpoaldean erlijio desberdinetako hizlariak jendeen atentzio harrapatzen saiatzen dira, garrasi, musika, dantza eta antzerkia ... denak balio du arima berri bat lortzeko. Bairro de Liberdade (Askatasun Auzoa)

Praça da Sé–tik oinez, São Pauloko erdigunean, japoniar jatorriko komunitatearen auzunean aurkitzen gara. Japonetik kanpo, munduan dagoen japoniar kolonia handienaren emigrazioaren hasieraren 100 urte ospatzen dira aurten eta ospakizunak ugariak dira.

Japoniar kulturaren eragina nabarmena da kaleetan: ekialdeko argiak, prezio guztietako jatetxe japoniar eta txinatarrak (São Paulon denak elkarturik), ekialdeko produktu tipikoen dendak eta noski, karaokea eta mangá dendak. Asteburuetan kaleko feria izaten da, galdu ezina: era guztietako artisautza, jaki japoniar eta txinatarrak, orain heldu diren korearrekin nahasturik. MASP. Argazkia: Rodrigo_Soldon

Japoniar eta txinatar gastronomia maitaleentzat paradisua: edozein ertzetan jatetxe, tabernatxo, okindegi japoniarrak. Nola aukeratu non jan? Begira non dauden japoniar itxurako brasildar gehienak ... segi bertara eta segur aski sushiman beltz batek zerbitzatuko dizu bazkaria. Coisas do meu Brasil! Avenida Paulista (Paulista Etorbidea)

Liberdadeko Metrotik Avenida Paulistara zuzenean metroz orain. Zortzi kilometroko etorbide hau Sampa–ren (São Paulo bertakoen hitzetan) irudia da, gau eta egun jendez gainezka, lanerako edo festarako pasagunea: bertan MASP (Museu de Arte de São Paulo) museoa, Trianon Parkea (garai batean zegoen oihanaren azken arrastoa), zinemak, jatetxeak, tabernatxo eta edozein eratako dendak, 24 orduz, 7 egunez astean!

Igandeetan antzinako gauza eta artisautza merkatu bat ospatzen da museoaren inguruan, Brasilgo oroigarri bat eramateko toki aparta.

Eta arte eta artisautza merkatuez hitz eginez gero, ezin ahaztu igandero Praça da Republican (Errepublikaren enparantza) ospatzen dena. Metroz joan daiteke eta Brasil osoko artisautza, harri bitxi, artistak lanean, musika eta janaria ...igandero festa bat.

Galdu ezinezko merkatuak dira baita ere Mercado Municipal, Brasil osoko jaki eta fruituak dastatu eta paseoa “bolinho de bacalhau” (bakailao kroketa) eta garagardo hotz batez amaituz. Edo Benedito Calixto enparantzan larunbatetan ospatzen dena, “Chorinho” musika aurkezpen famatuarekin edo igandeetan Bixiga auzo italiarrean egiten den antzinako gauzen azoka, eta bide batez edozein “cantina” italiarrean pizza bat jan samba aurkezpen bat entzunez.

São Paulora hurbiltzen denarentzako lehenengo emanaldiarentzat nahikoa dela uste dut: aipatu gabe gelditzen dira Ibirapuera parkea (São Pauloko High Park), MAM (Museu de arte Moderno), São Pauloko Arteen Bienala, Pinacoteca eta experientzia katarkikoa: Pacaembu–ko Futbol zelaiean Corinthiansen futbol partidu bat!

Gehiago jakin nahi izanez gero, internet guneen aukera bat jarri dizuet, edo bestela, São Paulora hurbiltzen zaretenean deitu niri. Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com