546 Zenbakia 2010-09-17 / 2010-09-24

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Imanol Rayo. (Zine zuzendaria): Bi Anai ez da nobelen jarraitzaile sutsuak atsegintzeko filma

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Nafar gaztearen aurreneko luzemetraia Bernardo Atxagaren Bi Anai eleberrian oinarritzen da. Ez da kasualitatea, aspalditik ezagutzen baitu zuzendariak idazlea, eta baita haren lana ere. Erronka handia izan da Imanolentzako proiektu honi aurre egitea, eta harekin mintzatu gara.

Nola baloratuko zenuke Bi Anai filmaren grabaketa?

Egia esateko, lan lasaia izan da erabat. Filmaketa arina eta arazo gabea, zorionez.

Atxagaren nobela aukeratzeko arrazoi bereziren bat eduki al duzu?

Batez ere, oso gertukoa sentitzen nuelako erabaki nuen liburu horretan oinarritzea. Nobela irudietara itzultzean sortzen zuen indarra erabakigarria izan zen nolabait.

Zailtasunik aurkitu al duzu bidean?

Bai, beti gertatzen den bezala, gehienbat ekonomikoak izan dira. Horren erakusgarria da hiru urte pasatxo egon garela jaiki nahian. Argazkia: Jose Mari Ruiz de Viñaspre.

Baina laguntzarik ere eduki duzu, entzun dudanez, Atxagaren aholkuak ere jaso omen dituzu eta.

Halaxe da, bai. Atxagaren begirada gertu izateak beti ere lasaitu egiten du, noski. Hala ere, sortzaile ezberdinek gauza bera kontatzeko bide ezberdinak hartu behar dituztela argi genuen hasieratik. Hau ez da “fan” fenomeno edo nobelen jarraitzaile sutsuei atsegintzeko film horietako bat.

Azalduko al diguzu filma egitea pentsatu zenuenetik jarraitu duzun prozesua?

Hainbeste denbora igaro da! Esan bezala, hiru urte pasatu dira, eta oro har esango nuke sorkuntza konstantea izan dela, hori bai. Gidoiaren sorrera denbora luzea eman zidan, niretzat garrantzitsua baita.

Zure aurreneko luzemetraia izan arren, makina bat film labur eginak dituzu aurretik. Ez dut uste berebiziko garrantzia dutenik nire laburrek. Gainera, ez dute zerikusirik luzemetrai bat egitearekin. Pentsatzen denaren kontran, ez da lanbide edo ofizioa bertan ikasten. Egia esan ez diet nire laburrei estima berezirik.

Ofizioa diozula, zer da zinemagintzatik gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?

Sortzen dituzun irudien elkarketak ikustean sortzen duen zirrara ordezkaezina da. Bestalde, lana aurrera joatea oztopatzen duten ezbeharrek indarrik gabe uzten zaitu zenbaitetan.

Esparru honetan lan egiteko gazte bati nahikoa aukera ematen al zaizkio?

Pertsonalki gogor landu behar den esparrua da hau, inola ere. Askotan setatia izatera ere bultzatzen zaitu. Ez dut uste gazte izatea baldintza bat denik horretarako.

Noraino iritsi nahiko zenuke?

Ez dut gogoko etorkizunean gehiegi pentsatzea. Orainarekin nahikoa lan badaukat. ‹‹Euskonews astekarian eginiko bideoa, hemen›› Imanol Rayo (Iru?ea, 1984) Imanol Rayo iruindarrak Andoaingo zine eskolan ikasi zuen aurrena eta ondoren gidoigintza Urnietako Sarobe zentroan. Bere ibilbide profesionalean, zenbait laburmetrai grabatu ditu, besteen artean, 2004an La mosquita muerta eta Leihotik eta 2005ean No mires al sol eta Feliz a?o Oswaldo. Esperientzia horren ondoren, 2010ean bere aurreneko luzemetraia filmatzeko aukera eduki du: Bi anai.