Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazteen Nazioarteko Urtea. Tomás Menchacabaso
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
2010–2011 Gazteen Nazioarteko Urtea izendatu du Nazio Batuen Erakundeak. Urte honen aldarrikapenarekin, gazteek gizarteko esparru ezberdinetan modu eraginkor batetan parte hartzea bultzatu nahi da. Gainera, sektore guztiak animatu nahi dituzte gazteriarekin zein gazte elkarteekin elkarlanean aritzeko eta hala beraien behar eta kezkak ezagutu eta gizarteari egin diezaieken ekarpenak aintzat hartzeko.
Argentinarra da Tomás Menchacabaso, hain zuzen, Chascomusekoa. Ikaslea, pilotaria eta dantzaria, bertoko Euzko Etxeko kidea da eta gure galderei erantzun die.
Zer deritzozu Urteari?
Oso ideia ona iruditzen zait, hain zuzen etorkizuna baita, eta garrantzitsua da gazteok gizartean eta gizarteko alor ezberdinetan parte hartzera animatzea.
Gazteok badaukagu zer esan eta zer egin. Hori guztia aintzat hartzen al da zure inguruan?
Nire inguruan, hau da, Euzko Etxeko dantza eta esku–pilotako lagunen artean, ez da gehiegi kontuan hartzen Euskal Herriko gaurkotasuna, ezta bere historia ere. Euskal Herriaren errealitatea ezagutzea garrantzitsua litzateke, ezen esaterako, gure dantzekin, euskal etxea ordezkatzen dugu, eta honek Euskal Herria. Beraz, ongi jakin beharko genuke zer den egiten duguna eta zergatik egiten dugun.
Horren harira, euskal etxeko lagunok Euskal Herria zer den ezagutarazteko tailer bat antolatzen gabiltza. Aurretik ere probatu genuen, baina ez zen inor joan...
Zenbait arlotan gazteek ere nolabaiteko frustrazioa izan dezakete ez zaielako entzuten, eta ondorioz mutu eta geldi geratzeko arriskua dago. Nola animatu hitza eta ekintza har dezaten?
Horrelako kasuetan beste edozeinek moduan hitz egiteko eskubidea dutela esan behar zaie gazteei eta ez duela ardura hanka sartzeak, denok okertzen baikara noiz edo noiz.
Bestetan, gaztea bera moduko jendearekin egoterakoan baina iritsi berria izaterakoan, iritzi desberdina edukitzean edota taldeko gazteena izaterakoan, jendeak ez du hitza hartzen eta bestetan, utzi ere ez zaio uzten.
Horrelako kasuetarako, presidente, presidente ordea eta idazkaria duen parlamentu antzerako bat sortzea eta bilera bidez gaiak jorratzea izan liteke.