Euskonews Gaztea
Gaiak: Gerla Ipar Euskal Herrian. Testigantzak
CASIRIAIN ITURRIRIA, Elena ETXEGARAI, Ema
Kanboko XALBADOR KOLEGIOko ikasleak
:: Kanboko Xalbador kolegioko hirugarrenekoak haien aitatxi eta amatxiren garaiaz interesatu dira.
Hasteko, aurkeztuko dizuegu, Kanboko Xalbador kolegioko hirugarrenekoek eraman dugun ikerketa, helburutzat zuena urte osoan, Historia eta Geografian ikasiak, gure familietan izan duen eragina ulertzea.
Horretarako, Euskal Herrian 2. gerlaren garaian gertatutakoaz gure aitatxi eta amatxiren bidez jabetu gira. Horren lortzeko, galdeketa bat egin diegu, bakotxak bizi izan duena kondatzeko, gerla garaian, haien bizimodua, lortzen zituzten informazioak eta alemaniarren presentzia aipatuz.
Ondorioz, ohartu gara garaia horretako eguneroko bizia, biziki desberdina izan dela, familia batetik bestera nahiz eta denak bata bestetik hurbil bizi izan, hots Euskal Herrian. Historikoki
Bigarren Mundu Gerla hasi denean 1939an, Frantzia III. Errepublika zen, 1940 arte. Garai horretan, etengabeko erasoak jasan ditu Alemaniarengandik.
Pétainek –lehen gerlako irabazle handiak– 1940–ko ekainaren 17an, armistizioa eskatu zion Alemaniari. Horren ondorioz, Frantzia bitan zatitua izan zen : alde batetik, Frantzia okupatua eta bestetik, Frantzia librea. Denbora berean, 1940–ko ekainaren 18an, De Gaullek erresistentziako dei bat egiten du Londresetik.
Lehenik, Frantzia librean, Pétain–ek zuzendu Vichy–ko gobernua zen. Azken honek, Iraultza nazional bat egiten du, hala nola, demokrazia eta askatasunik ez dute biztanleek, nahiz eta propaganda handi bat egiten duen Frantzia berri eta uros baten erakusteko. Horrez gain, kolaboratzen du Alemaniarekin : STO (lan bortxatuen zerbitzua) antolatzen du, beraz gizonak Alemaniara igorriak dira lan egitera; juduak salatzen ditu, ondotik naziei emaiteko “Milice” poliziari esker. Pétain–ek, kolaborazio hori justifikatzen du, erran zuelako Alemaniak garaituak zituztela eta hori onartu behar zela.
Bestetik, Frantzia okupatuan, alemaniarrek okupatzen zutena, gizartea beldurrean bizi zen, bonbardaketen eta atxilotzeen beldurrean, batez ere juduak. Horren ondotik, hasi ziren juduen gordetzeak etxeetan, Alemaniarren konfiskazioen ondorioz, eskasia eta merkatu beltza garatzen dira. Garai horretako gizartea zentsuran bizi da, informaziorik ez da pasatzen. Azkenik, pertsona batzuek harremanak ukan dituzte Alemaniarrekin eta hauek gerlaren bukaeran umiliatuak izan dira, horri deitzen diogu depurazioa.
Momentu berean, Frantzia osoan, erresistentzia mugimenduak sortu dira. Haien rola izan zen atentatuen eta ustiapenen biderkatzea. Mugimendu hori De Gaulle–ek segitzen du Londresetik eta Jean Moulin arduratzen du Frantzian erresistentziaren antolatzeko. FFI sortzen dute (barneko indar frantsesa) eta une berean, FFL sortzen dute, Londreseko erresistenteek osatzen dutena De Gaulle–ek zuzendurik eta haiek rola handia ukan dute Frantziaren askatzean.
Beraz, gaur egun dugun biziarekin konparatuz, ohartzen gara garai horretako bizia biziki zaila eta afrusa izan dela denetan eta denentzat. Lekukotasunak
Huna hemen, Xalbador kolegioko hirugarrenek bildu ditugun lekukotasun zonbait, hain xuxen, Ipar Euskal Herriko pertsona desberdinen lekukotasunak :
Nola bizi izan duzu eguneroko bizia Bigarren Mundu Gerlaren garaian ?
“ Alde okupatuan, etxeak konfiskatutakoak ziren, jendeak Alemaniara joaiteko lanera (STO), eta elikagaiak ere bai kenduak ziren. Eskasiak Frantzia osoa hunkitzen zuen. Horren ondorioz, merkatu beltza eta trukea anitz erabili dira; adibidez, artilearekin, arraroa zenez, kario saltzen zen eta lortu diruarekin janaria erosten zen. Pasatzen utzi deitu txartelak erosi behar ziren Baionara edo eskualde librera joaiteko. Azkenik, informaziorik ez zen lortzen, zentsuratua zen. ”
“ Produktu zenbait erosteko herriko dendetan, errazionamendu txartelak behar ziren. Horrez gain, Espainiaren mugan, kontrabando anitz izan da gerla denboran. ”
“ Merkatu beltzari esker bizi izan dira, baserriko janaria salduz. Bestalde, herriko neska bat Alemaniar batekin maitemindu zen eta jendeek jakin zutelarik, karro batean karriketan ibili zuten, ileak moztuak eta erdi biluzirik. ”
“ Alemaniarat eramana izan nintzen lan bortxatuen zerbitzuentzat eta han nintzenean, igorri nion ene familiari gutun bat kodeen bidez, eta galdegin bezala ipar–orratza bidali zidaten gasnan gordea. Alemanian, gasna zatitua izan zen bainan ez zutelako deus atxeman utzi zidaten eta nik, ipar–orratza eskuratu nuen. ”
“ Gerla denboran, errazionamendu txartel batzuk baziren. Herriko etxean ukaiten genituen. Bestalde, eskolan bi neskek izar horia zuten soinean. Juduak ziren. Etorri zirelarik lehen egunean izar horrekin asko begiratzen genituen, andere?oa asko kexatu zen gurekin eta erran zigun legea horrela zela. Nigar asko egin zuten. Gu haien lagunak ginen eta haiekin jostatzen ginen, bainan haiek beti haien izarraren gordetzen saiatzen ziren. Azkenik, gerla bukaeran, miseria larrian bizi izan ginen, eta depurazio handia zen hemengo karriketan. ”
“ Mezan apezak erran informazio batzuk jakiten genituen bainan besterik ez. ”
“ Gure bizian, kulturalki ez zen deus. Bestalde, ene aita hila izan da erresistentea baitzen, eraso baten ondotik segitua izan baita eta fusilatua. Azkenik, entzun nuen depurazioa izan zela, kolaboratzaileak fusilatuak izan zirela. ”
Nor zen Pétain zuretako ?
“ Pétain–en aditzea badut, Maréchal Pétain hain zuzen, eta agintari bat zen bainan gehiago erraiten ez dakit. ”
“ Ene etxean Pétain ez zuten maite bainan ene herrian biziki ongi ikusia izan zen. Horrez gain, 1939–1945 urteetan sortu haur anitz Philippe deitzen zituzten. ”
“ Eskolan kantatu behar genuen Pétain–en kantua, Maréchal nous voila! kantua. Bainan bagenekien, kolaboratzaile bat zela eta ez heroi bat. Hala ere, andere?oek legea aplikatzen zuten eta kantarazten zuten bortxatuak sentitzen zirelako. ”
“ Joaiten ginen bere argazkiaren saltzera etxez etxe familietan, eta bere kantua kantatzen ginuen eskolan. ”
“ Lehen gerla mundialeko irabazlea zen. Salbatzen ahal zuena salbatzeko, Frantzia alemaniarren esku utzi du, Naziek botere guzia berenganatu zutelako. ”
Ba ote zenituen harremanik Alemanekin ?
“ Egun batez, begiratzen nituelarik, sasietan erori nintzen eta Alemanek salbatu ninduten baita ene etxera eraman. ”
“ Gehiengoak ez zakien frantsesa beraz harreman gutti genituen haiekin. Batzutan goxoki batzuk edo xokoleta batzuk emaiten zizkieten haurrei. ”
“ Plazako ostatu etxeko–andereak beti erran izan daut, Alemanak izigarri gisakoak zirela, eta horiek ere Alemaniak bortxaz igorri soldadu batzuk zirela, salbu Frantziako herriak okupatuz arrisku gutti zutela. Hala ere, anitz mesfidatzen ginen, Alemanak zirelako beste guzia baino lehenago. ”
“ Haiek erraiten zuten, haientzat ere gerla ez zela poza eta haien familien argazkiak erakusten zizkiguten. ”
“ Ene etxean 5 alemaniar baziren, ene etxea ostatua zelako. Biziki gisakoak ziren bainan hala ere, kasu eman behar genuen zer erraiten genuen. Gerlaren bukaeran, herriko bizikleta guziak hartu zituzten eskapatzeko. ”
“ Alemanak gure etxera etorri zirelarik, leihotik begiratzen nituen eta haietariko batek bere arma altxatu zuen nirreganantz eta beldurrez, gordetu nintzen. ”
“ Orroitzen naiz, jostetan ari ginelarik bi lagunekin Alemanak hurbildu ziren eta eraman gintuzten haien lo–tokira, han, haien zapata guziak garbitu behar izan genituen. ”
Besterik ba ote duzu kondatzeko ?
“ Bururatzen zait gerla bukaeran, Amerikarrak etorri zirelarik, txikleak eman zizkigutela eta guk hori ez genuen ezagutzen. ”
“ Ene familiako zonbait pertsona bitartekariak izan ziren Euskaldun errefuxiatu eta Alemanen artean. Arrazoinak ez ditugu biziki ongi ezagutzen. ”
“ Gurs–eko esparruaz mintzatzen entzun izan dut gerla bukatu ondoan bakarrik. ”
“ Ene aita preso eramana izan zen eta ondotik ene ama entseatzen zen bere etorrarazten, pertsona anitzi galdetu zion papera faltsuen egitea eta azkenean lortu zuen paperen pasarazten eta aita etxera sartu zen. Garai horretatik goiti, biziki triste zen aita, erraiten zuelako bere baliozko gauzak kendu zizkiotela eta horrez gain, debekatua zitzaidan hitz baten ahoskatzea horri buruz, egiazko baimenik gabe jina zelako, ene etxeko sekretua zen, bestela kontzentrazio esparruetara eramanak izaten ahal ginen. Bestalde, guk beti Londreseko irratia entzuten genuen, erresistenteen irratia, pentsatzen genuelako bakarrik haiek egia aitortzen zutela. ”