548 Zenbakia 2010-10-01 / 2010-10-08

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (XLIX): Okondotik Gordexolara

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Aste honetan Arabara joko dugu gure txangoari hasiera emateko, baina helmugara iristeko aldiz, probintziaz aldatu eta Bizkaiko Gordexola udalerria bisitatuko dugu.

Okondo ezagutzea erabaki dugu oraingo honetan, Aiarako koadrilaraino bidaiatuko dugu eta mila biztanle inguru dituen udalerrian geratuko gara. Joxe Miel Barandiaranek 1930ean Marizulo haitzuloan eginiko indusketa eta aurkikuntza batzuek adierazi zuten gizakiak historiaurrean dagoeneko paraje haiek ezagutzen zituela. Okondoren ikuspegia. Argazkia: Asier Sarasua Garmendia.

Aiarako jaurerriaren parte izan zen XI. mendetik XVI.era eta garai hartan, eta 70 urtez, Bizkaiko jaurerriko foruei atxikita egon zen. Baina berriro bueltatu zen mende hartako azken hamarkadan Aiara aldera.

Bisitatzeko zenbait leku izango ditugu, guztiak Okondo zabalean –6 auzo ditu– sakabanaturik. Eraikuntza zibilek gure arreta piztuko dute ziurrenik; batez ere XVIII. mendeko etxeak eta hauen aztarnak aurkituko ditugu. Hala, Zudibiarte dorrea (XV), Mendietarren jauretxea (XVIII), Olabarrieta zein Aspuru baserriak (XVII–XVIII) aberastasun horren adibide bikainak dira.

Bestaldetik, eraikuntza erlijiosoak ere badaude Okondon barna eta besteen artean, Untzako Andra Mariaren parrokia neoklasikoa (1772–1777), San Roman parrokia (1734an eraikuntza zaharraren gainean berreraikia) zein San Bartolome baseliza ikusiko ditugu. Ybargoen dorrea, Gordexolan. Argazkia: Gaizka Garamendi (3digitala) Bizkaiko lurretan

Bidean aurrera egiteko txanda ere iritsi zaigu, baina ekin aurretik, nahi duenak 998 metro dituen Ganekagorta mendira igotzeko aprobetxatu dezake. Gordexola aldera egingo dugu bestela, Okondotik 9 kilometro eskasera.

Historian gorabehera handiko tokia izan da gaurko helmugatzat hartu dugun udalerria; esate baterako, bando ezberdinen arteko gatazken testigu izan zen Erdi Aroan. Baina horrez aparte, bake eta garai oparoak ere bizi izan ditu Gordexolak eta horren adierazgarri nagusi dira XX. mende erdialdera arte martxan egondako olak. Herrerias ibaia ardatz hartu eta bertoko urari probetxua ateraz, bederatzi izan ziren guztira denbora luzean lanean aritu ziren olak.

Gordexola bisitatzera gerturatuz gero, ezin ditugu bertako jauregi dotoreak bisitatu gabe utzi. Arkitektura zibil honek garai batean tokiak izan zuen garrantzia adierazten digute. Urtusaustegi da zutik mantentzen den zaharrenetarikoa (XVI. mendekoa da); Oxirando dorre gotikoa; gotiko–errenazentista estiloko Ybargoen dorrea; edota Largatxako dorrea, harro agertuko dira gure begien aurrean, beste zenbaiten artean.

Eta eraikin erlijiosoak gustuko izanez gero, zertzeladez beteriko eraikuntza ezberdinak aurkituko ditugu: Molinarko San Joan eliza (XVI), Iratzagorriako San Esteban (XVI eraikia eta XVII.ean berreraikia), Bariko San Nikolas eliza eta San Kosme eta San Damian santutegiak ditugu Gordexolan zain.

Gustuko izatea espero dugu; eta ez ahaztu, hauek gomendioak hutsak direla. Animatu bi udalerriek eskaintzen dizkiguten harribitxiak deskubritzera! Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com