549 Zenbakia 2010-10-08 / 2010-10-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Nora Urkia. Moda diseinatzailea

ARTEAGA, Maitane AXPE, Oihane BERROYA, Iñaki EGUREN, Xabier SANTAMARINA, Andoni VAZ, Jonhatan

Bergarako ARANZADI Ikastolako ikasleak



Esperientzia handiko diseinatzailea dugu Nora eta berarekin solasaldi bat izan dugu murgilduta dagoen diseinu munduaren gainean zerbait gehiago jakiteko. Esan digunez, hainbat lehiaketatan hartu du parte eta sari asko lortu ditu, besteak beste, 2008 urtean eskuratutakoak: Degree Show saria bilduma nabarmenenagatik; Zara Woman enpresak lehenengo saria eman zion eta baita Stradivarius enpresak ere; bigarren saria Bershka enpresak emandakoa; baita ere, Massimo Duttiren eskuetatik jasotakoa. Argazkia: Nora Urkiak utzia.

Zerk bultzatu zintuen diseinatzaile izatera?

Txikitatik atsegin dut diseinu mundua eta arropak ere asko gustatzen zitzaizkidan, amaren influentziagatik, beharbada. Baina, modaren inguruko ikasketak zeudenik ere ez nekien, eta posibilitate hori ere ez nuen ikusi, txikitan gelan ibilitako lagun batekin topo egin arte. Moda diseinu ikasketak egiten ari zela esan zidanean, argi ikusi nuen nora jo.

Eta non ikasi zenuen?

Batxilergo zientifikoa Bergaran egin ostean, Bilbora joan nintzen Fisika ikasketak burutzera eta bertan bi urte egin eta gero, konturatu nintzen ez zela benetan nik egin nahi nuena. Hala, Diseinu ikasketak egitea erabaki nuen eta Bartzelonara joan nintzen, Espainian modaren inguruan hiri nahiko aurreratua zelako. Eta Sabadelleko Esdi eskolan matrikulatu nintzen.

Karrera gogorra zela iruditu zitzaizun?

Lau urtetako karrera da eta gogorra egin zitzaidan, bai. Ikasgai ugari genituen eta oso lanpetuta genbiltzan, izan ere, diseinua nahiko diziplinatua da eta arlo asko dominatzea komenigarria izaten da. Horregatik geneuzkan horrenbeste ikasgai, hauen artean, Artearen Historia, Diseinuaren Historia, Argazkilaritza, Informatika, Marketina, Marrazketa, Patroiak...

Denbora asko suposatzen dizu zure lanak?

Gutxi gorabehera, lau hilabetetan zehar lan egin behar izaten da bilduma bat aurrera ateratzeko. Eginbeharreko guztia norberaren esku ez dagoenez, beti gertatzen dira azken uneko ustekabeak eta atzerapenak. Azken hilabetea oso gogorra izaten da, goiz, arratsalde eta gauez aritzen baikara buru belarri.

Eta zein da proiektu batetan jarraitzen duzun prozedura?

Diseinatzaileon lanak, beste lan askok bezala, prozesu jakin bat izan behar du. Arropa bilduma bat egiteko lehenengo pausoa gai baten inguruan inspirazioa edukitzea da. Hori, oihal batetik, idazle batetik, artista batetik zein film batetik hartzea posible da esaterako, baina oso pertsonala izaten da.

Ondoren, oihal aukeraketa egin behar da eta baita kolore karta hautatzea ere. Horiei tratamendu bereziren bat egitea ere posible da, hau da, aukeratutako oihalak nahi diren erara moldatu daitezke estanpazio, tolestura edo ezkoztatuak eginez. Gero, aipatutako oihalen linea lantzen da eta bolumenak zein lookaren itxura globala ezartzen zaizkie, eta hau dena ilustraziotan irudikatzen da.

Jarraian, patroiak egiten dira; sortu nahi dugun oihalen itxura berdineko ereduak izaten dira, eta oihalak patroi horiek hartuta mozten dira, segidan josteko. Osagarriak edota gehigarriak ere lantzen dira ondoren, nahi izanez gero.

Hau guztia egin eta ostean, egindako dena landutako inspirazio horretan barneratuta egon behar da, eta horretarako, modelo aukeraketa, argazkien ingurukoak, makillajeak, orrazkerak, musikak, desfilatzeko jarrerak eta irudi grafikoak ere inspirazioari jarraitu behar diote. Argazkia: BruceTurner

Zein estiloko arropak egiten dituzu?

Kalerako arropak dira egiten ditudanak, estilo urbanoa gustatzen zait, baina sofistikazio puntu batekin.

Zein iritzi dute zure ingurukoek zeure ogibideari buruz?

Familiakoak, adibidez, ikasketak aukeratu nituenean harrituta geratu ziren. Informazio gutxi geneukan modaren inguruan, baina berehala ikusi zuten benetan hori zela nik egin nahi nuena eta barrutik irteten zitzaidana. Orain, oso pozik daude lortu dudanarekin eta egin dudan ibilbidearekin.

Ibiltoki famaturen batera joan al zara?

Bai, 2009ko irailean Madrilgo Cibeleseko Egon parte hartu nuen eta sekulako esperientzia izan zen niretzat. Instalazioak eta ibiltokiaren organizazioak ere bakoitzaren lanaren emaitzetan badu zerikusia eta gustura geratu nintzen lanaren emaitzarekin. Esperientzia horrek mundu erreala gertuagotik ikusteko ere lagundu zidan.

Zein asmo dituzu etorkizunerako?

Atzerrira joatea eta diseinatzaile batentzako lan egitea gustatuko litzaidake, horrela, esperientzia profesionala jaso eta aurrerago, beharbada, nire enpresa propioa aurrera atera ahal izango nuke. Gauza asko dauzkat oraindik ikasteko eta nire burua enpresari bezala ikustea ez zait erreza iruditzen. Hau ere ikasi beharko nukeela uste dut, aurrerantzean nire marka propioa ateratzeko.

Famaturen batekin elkartu al zara? Horrela bada, gomendiorik eman dizu?

Moda munduan ezagunak diren diseinatzaile batzuekin egon izan naiz, Jose Castro, El Delgado Buil, Martin Lamothe... Eman dizkidaten gomendioak, besteak beste, hauek izan dira: lan asko egitea, norberagan sinistea eta hankak lurrean mantentzea.

BAT–BATEAN:

Musika talde bat: Tina Turner, adibidez. Bidaiatzeko leku bat: Estatu Batuak, Japonia, Kanada... Irakurritako azkenengo liburua: Amarse con los ojos abiertos, Jorge Bucayrena. Amets bat: ni eta nire ingurukoen zoriontasuna. Uda ala negua: urtaro bakoitzak dauka bere xarma. Film gustukoena: La chica del puente