550 Zenbakia 2010-10-15 / 2010-10-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LI): Azkainetik Donibane Lohizunera

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Lapurdiko bi udalerritara egingo dugu oraingoan horren gertu ditugun bazter ederrez jabetzeko luzatzen dizugun proposamen honetan. Azkaineko Jasokundeko Andre Mariaren Eliza. Argazkia: Gaizka Garamendi. (3digitala)

Azkaine abiapuntutzat hartuz ekingo diogu ibilaldiari. Lekuaren aurreneko aipua 1140. urtekoa agiri batzuetan agertu zen, nahiz eta orduan Escan moduan idatzirik agertu. Ondoren ere, modu ugaritan izkiriatuko zen lekuaren izena: Scain (1235), Azcayn (1302), Ascaing (1552) edota Sancta Maria d’Ascain (1691).

Euskal Herriko beste zenbait tokitan moduan, Lancreren eragina bizi izan zuen Azkainek, hain zuzen ere, akelarreak herriko plazan burutzen zirela egotzi eta bertako parrokoa sutan erretzera kondenatu zuten, baita kondena bete ere.

Gure ikustaldia burutzeko, Erdi Aroko jatorria duen Jasokundeko Andre Mariaren eliza bisitatzeko parada izango dugu. Baina eraikuntza zibil eder ugari ere begiztatuko ditugu herri lapurtar honetan: XVI. mendeko Ascoubea etxea, edota Senperera bidean aurkituko ditugun errota zaharberrituak, zein historiaurreko cromlech multzoa.

Eta ezin aipatzeke utzi Larrun mendia; hain zuzen Azkaine bertara igotzeko pasabidea denez gero, mendi buelta bat eman dezakegu. Edota aukera bitxi bezain polita den, Larruneko Tren entzutetsuan bidaiatzeko ere badaukagu, historiaz beteriko lokomotoran igo eta bista paregabeekin disfrutatuz. Kostalderantz

Oraingo honetan, itsaso bazterrean emango diogu amaiera proposatzen dizugun txangoari. Donibane Lohizune udalerri turistiko garrantzitsura bidaiatuko dugu, karriketan gora eta behera ibiliz eta gure gaurko helmugaren zertzeladez jabetuz.

Bestela ezin zitekeen moduan, donibandarrek lotura hertsia eduki dute betidanik itsasoarekin, bai arrantzaleengatik –balearen arrantzan aritzen zirenak, kasu– dela kortsarioak bertaratzen zirelako...

Horrez gain, XVII. mendean emandako bi gertakari ere aipatu behar dira Donibane Lohizunez hitz egiterakoan. Hain zuzen ere, udalerrian Pirinioetako Ituna izenpetu zuten 1659ko azaroaren 7an; eta Frantziako Luis XIV eta Espainiako Maria Teresa infantaren ezteiak ospatu ziren 1660ko ekainaren 9an. Donibane Lohizuneko hondartza. Argazkia: Iñigo Madina de Salustiano. (3digitala)

Azken jazoera horrekin lotuta, zenbait toki bisita ditzakegu. Besteak beste, XII. mendeko San Joan bataiatzailearen eliza erromanikoa –nahiz eta aldaketak izan dituen denboran; hain justu, ezkondu ziren lekua. Gainera, Joanoenia edo Maison de L’Infante etxea, emaztegaiak ostatu hartu zuen tokia zein Luis XIV.aren plaza.

Baina Donibanek bestelakoak ere eskaintzen dizkio bisitariari. Dituen kale ederretatik paseatzea aukera polita da, edota hondartza bikainetik itzuli bat egitea; Sokoa edota Santa Barbara agertuko zaizkigu orduan begien aurrean. Eta noski, XX. mende hasierako etxebizitza dotore eta deigarriak ere aurkituko ditugu Donibane Lohizunen.

Kantauri itsasoren haize leunak aurpegian jotzen digula, datorren hitzordura arte! Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com